Irakurriena
- 1. FIRST LEGO League Euskadi-MONDRAGON finala, boluntario bila
- 2. Orbik Cybersecurity, kooperatiba bihurtu den lehen start-up teknologikoa
- 3. 2024ko urtekaria: urtebete iruditan
- 4. Ministroen Kontseiluak LagunAro BGAEren berezitasuna onartu du
- 5. MONDRAGONek bisitarien errekorra hautsi du: 3.196 lagun 2024an
- 6. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 7. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 8. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 9. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 10. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
“Kooperatibek etengabeko formazio kooperatiborako estrategia bat izan behar dute, eta hori gestio planetan txertatu”
Kooperatibek euren identitatea eta kultura indartsu mantentzeko, ezinbestekoa da hezkuntza eta formazio kooperatiboari lehentasuna ematea. Horixe defendatzen dute Lanki, Mondragon Unibertsitateko Kooperatibismoaren Ikertegiko kideek.
Elkarrizketa honetan, formazioaren garrantziaz, kooperatiben egungo erronkez, eta Lankik diseinatutako formazio eta hausnarketa prozesu berritzaileez aritu dira.
Lanki ikertegian, hezkuntza kooperatiboaren garrantzia azpimarratzen duzue. Zergatik da hain garrantzitsua?
Enpresa kooperatiboak ondo funtzionatzeko ezinbestekoa da kultura kooperatiboaren oinarria. Hezkuntza kooperatiboaren garrantzia hor kokatzen da; funtsezkoa da kultura kooperatiboa etengabe elikatzea eta, bide horretan, formazio eta hausnarketa kooperatiborako estrategia bat izan behar dute kooperatibek.
Zein da gaur egungo errealitatea?
Azken urteetan pausu garrantzitsuak sendotu dira. Gestioan modu sistematikoan txertatu diren formazioak daude: bazkide berrientzako saioak, organoko kide berrientzako saioak… orain pausu berriak eman beharra dago.
Nahikoa da egiten dena?
Egiten den formazio kooperatibo guztia da beharrezkoa eta positiboa. Halere, urrats kualitatibo berriak ematea komeni da. Kooperatibismo kontzienteagoa garatzeko fasean gaudela esaten da, eta, horretarako, beharrezkoa da hezkuntza kooperatiboaren estrategian anbizio gehiago izatea. Formazio kooperatibo estrategia bat izan behar dute kooperatibek, programa eta praktika zehatzetan definituta, eta hori guztia euren gestio planetan txertatuta egon behar da.
Nolakoa izan behar da formazio kooperatibo estrategia hori?
Lanki ikertegitik etengabeko formazio kooperatiboaren beharra defendatzen dugu. Gure iritziz, garrantzitsua da pertsona batek kooperatiban lanean hasten denetik bere ibilbide profesionala amaitzen duen arte etengabeko formazio kooperatiboa izatea.
“Kooperatibaren errealitatearekin konexioan dauden formazio prozesuak diseinatzen ditugu”
Otalorak eskaintzen du zerbitzu zabala.
Bai. Otalora da arlo honetan kooperatibentzat erreferentzia nagusia. Kooperatibei orientazioa ematen dio, aholkularitza, formazio programak eskaini… Elkarlanean aritzen gara beti, lankidetzan prozesuak diseinatzen eta praktikan inplementatzen.
Programa askotarikoen beharra aipatu duzu.
Bai, kooperatiban pertsona orok duen ibilbidean kultura kooperatiboa etengabe elikatzea da gakoa. Badaude momentu inportanteak: kooperatiban lanean hastea, bazkide izatera pasatzea, organoetako kide bihurtzea, ardura exekutiboak hartzea, gogoeta une kolektiboak… Momentu horiek guztiak hausnarketa eta formazio kooperatibo prozesuekin elikatzea oso garrantzitsua da.
Bazkide ez diren langileen formazioa aipatu duzu.
Bai. Asko dute jokoan kooperatibek bazkidetza prozesuetan. Kooperatibako langileek bazkide izan aurretik ezagutu beharko lukete enpresa kooperatiboaren ezaugarriak zeintzuk diren eta bazkide izatera pasatzeak zer esan nahi duen.
Eskaintzen duzue horrelako formaziorik?
Hutsune hori antzeman dugu kooperatiba askotan. Horregatik programa berri bat sortu dugu. Gure ideia da bazkide egin aurretik pertsona orok ikastaro hori egitea, prozesu horiek kalitate gehiagoz hornitzeko. Gainera formatua berritzailea da: mugikorretik egin daiteke ikastaroa.
Bazkide direnen artean ere komeniko da kultura kooperatiboa elikatzea
Bai, etengabeko hausnarketa eta formazio kooperatiboa bermatu behar dira. Gaur egun badaude hainbat programa, kalitate onekoak. Baina eskaintza hori osatu beharra dago; horregatik formazio programa berriak sortzen ari gara.
Adibiderik?
Harrera Plan Kooperatibo berria diseinatu dugu; 30 ordukoa, online formatua eta 3 saio presentzial uztartzen ditu. Aurreko urtean Fagor Taldean egin genuen proba pilotua eta balorazioak positiboak izan dira. Uste dugu edozein kooperatibarako Harrera Plan Kooperatibo polita eta egokia dela.
Bestetik, bereziki aipatu nahi dut urteak daramatzan ikastaro bat ere, Aditu moduan ezagutzen dena. Aurten 16. edizioa egiten ari gara, eta partaideek beti esaten digute kooperatibismoaren zentzuaz hausnartzeko eta euren konpromiso pertsonala indartzeko balio izan diela. Kooperatibismoan harrobi funtzioa betetzen ari den ikastaroa da, kalitate bikainekoa.
“Harrera Plan Kooperatibo eredu berri bat diseinatu dugu, formatu berritzailearekin”
MONDRAGONeko 2025-2028 Politika Sorioenpresarialean Nortasun Kooperatiboa da ardatz nagusi bat.
Bai, eta norabide horretan, kooperatibismoaren zentzuaren inguruko hausnarketak egiteko eta bizipen kooperatiboak partekatzeko espazio bat eskaintzen dugu hezkuntza prozesuetan. Nortasun eta konpromiso kooperatiboa elikatzeko espazioak eta uneak dira, hain zuzen ere hori sustatzen dute.
Amaitzeko, batzuetan ez al daude urruti diskurtso kooperatiboa eta eguneroko bizipenak?
Galdera inportantea da. Lankin kooperatiben errealitatearekin uztartuta ulertzen dugu formazioa. Batetik, kooperatiben oinarrizko kontzeptuak eta ezaugarriak azaltzeko formazioak ditugu (horiek ere beharrezkoak dira). Bestetik, kooperatibentzat neurrira diseinatutako formazio prozesuak egiten ditugu. Oso garrantzitsua da formazio prozesuak baliagarriak izatea kooperatiben erronka errealen inguruan hausnartzeko eta egunerokoan dituzten beharrei erantzunak ematen laguntzeko. Alegia, kooperatibako eguneroko errealitatearekin konexioan izateko. Perspektiba horretatik diseinatzen ditugu formazio prozesuak. Eta errealitatea edo terrenoa oso ondo ezagutzen dugula igartzen dela esaten digute beti kooperatibek.