Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
“Japonian baino hemen nahiago”
So Saitok, 21 urte zituela, bere bizitza erabat aldatuko zuen bidaiari ekin zion. Irlandara abiatu zen ingelesa ikasteko, gero Australiara joateko asmoz. Akademian, neska azkoitiar bat ezagutu zuen, eta bere planak goitik behera aldatu ziren. Azkoitian bukatu zuen, ingelesari lustrea emanda, eta euskara ikasteko gogoz. Dagoeneko 9 urte pasatu dira, eta izugarria da entzutea euskaraz nola egiten duen. Azkoitiar petoa ematen du.
Danobaten ari da lanean aspaldiko 4 urteotan, aeronautikako departamentuan, mekanikari. Behin-behineko bazkidea da kooperatiban.
Azkoitiko hasierako lurreratzean euskaraz ez zenuen jakingo, ezta?
Ez, hitz bat ere ez nekien. Ingelesez moldatzen nintzen neskarekin, eta, gero, bi urtez AEKra joan nintzen; eta gaztelera ikasteko, berriz, EPAra (Educación para adultos), udaletxeak eskaintzen zuen debaldeko zerbitzuari esker. AEKn ikasten nenbilela, Errezilgo baserri batean ere egon nintzen, bertakoekin bizitzen, baserriko lanetan eta euskara ikasten, urtebetez. Eta aste bukaeretan Azkoitira etortzen nintzen, neska lagunarekin egoteko.
Zer-nolako lanak egiten zenituen baserrian?
Baratzean batez ere, gehienbat barazkiekin otarrak egiten nituen bezeroei banatzeko. Okindegia ere bazeukaten, eta horretan ere aritu nintzen, ogia egiten. Urtebete egin nuen, eta oso esperientzia polita izan zen.
Eta gainera, euskarari bultzada emango zenion…
Bai, lehenengo urtean komunikatzen hasi nintzen, orain daukadan solturarekin ez, baina oinarrizko elkarrizketak segitzeko nahiko ondo moldatzen nintzen. Gero, goi mailako zikloak egin nituen, bi: bat Donostian (euskaraz eta gazteleraz, Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola) eta beste bat Azkoitian (euskaraz, Mekatronika Industriala). Orduan, hitz egiteaz gain, irakurtzen eta idazten ere ikasi behar izan nuen.
Danobaterako jauzia
Eta baserritik lantegira, Danobatera. Noiz hasita?
Orain dela ia 4 urte. Aeronautika sailean nabil, eta behin- behineko bazkidea naiz.
Eta zer egiten duzu zehazki?
Aeronautikako departamentuan nago, eta hegazkinen motorren mantentze lanetarako makinak egiten ditugu. Niri tokatzen zait makina horiek muntatzea.
Gustura zaude hemen?
Bai, oso gustura. Pertsona desberdinekin ibiltzen naiz, proiektuaren arabera. Eta kanpora ere joatea tokatu zait: Japonia, Estatu Batuak, Alemania… Entretenituta, ez da batere lan monotonoa. Mekanikari aritzen naiz. Gainera, Japoniako bezeroak etortzen badira, haiekin egon behar izaten dut harremanetan… denetik apur bat.
Zenbat denbora pasatzen duzu kanpoan urtean zehar?
Urtearen arabera. Eskaera asko baldin badaude, gehiago. Aurreko urtea oso “kaineroa” izan zen, Covid garaiaren ondoren Japoniako gobernuak bere mugak zabaldu zituelako, eta geldirik zeuden eskaerak berriz aktibatu zirelako. Eta ni nola ondo moldatzen naizen japonieraz, buelta asko eman nituen. 150 egun eman nituen kanpoan 2022an. Ordu eta egun asko, baina oso gustura ibili nintzen!
Aurtengoa nola doa?
Urte hasieran Atlantan egon nintzen, eta uztailean Hong Kongen makina bat muntatzen. Eta irailaren erdi aldean (elkarrizketa hasieran egin genuen), berriz ere Japoniara joango naiz.
Ezagutzen zenuen Danobat aurretik?
Bai, entzunda neukan. Bailara honetan nahiko ezaguna da, bai. Zehazki zer lan eta zer makina egiten zituzten ez, baina izena bai.
Eta kooperatiben mundua?
Ez. Ikasten ari naiz, pixkanaka: kooperatiben funtzioak, etab. Gustura nabil, egia esateko.
“Euskara oso polita iruditzen zait”
Eta zer iruditzen zaizu gure euskara?
Hona etorri aurretik ez nekien euskara existitzen zenik ere, eta oso hizkuntza polita iruditzen zait, historia luzea dauka, eta oso aberatsa da lekuz leku euskalkia aldatzea. Munduko leku txiki bateko hizkuntza da, baina daukan aniztasuna oso polita iruditzen zait. Errezilgoa eta Azkoitikoa, esaterako, ez dira berdinak. Danobaten bizkaitar asko daude, eta horiek euren modura hitz egiten dute.
Euskaraz ikasteko zailena zer izan da?
Gramatika kostatu zitzaidan hasieran, eta, gero, hiztegia. Hitz egiteko zailagoa egiten zait gaztelera, jendearekin batez ere euskaraz egiten dudalako, baina irakurtzeko eta idazteko, errazagoa egiten zait gaztelera, ingelesezko hitz asko antzekoak direlako, eta hitzak ordenan jartzeko garaian ere, antzera.
Eredu ona zurea, ezta?
Jende askok hori esaten du, bai… ikasten ari den batentzat eredu ona naizela. Nik uste dut edozein pertsonak edozein hizkuntza menpera dezakeela, gogoz badago eta esfortzua egiteko prest badago. Nik zortea izan dut Azkoitira etorri naizelako; izan ere, hemen euskara ikastea errazagoa da, giroa oso euskalduna delako.
Zein hizkuntza ezagutzen dituzu orain?
Japoniera, ingelesa, gaztelera eta euskara.
Inguru hauetan segitzeko asmoa duzu?
Bai, gustura nago hemen.
Zer da gehien gustatzen zaizuna Euskal Herritik?
Jendearen arteko harremana, dagoen giroa, bizitza soziala… Hori Japonian ez dago; han bakoitzak bere bizimodua egiten du. Gastronomia ere oso ona.
Sagardotegietan ibiliko zinen, bada!
Bai! Aurten gainera dezente: bost bat alditan. Sagardoa gustatzen zait, sagardotegietako menua, tortilla, txuleta… Eta giroa ere aparta izaten da.