“Irakaslearen eginbehar nagusietako bat haur bakoitzarekin kalitatezko harremana eraikitzea da”
'Irakaslearen begirada sentikorraren eraikuntza' izeneko tesia aurkeztu berri duzu. Zein dira, bada, begirada horren ezaugarriak?
Bai, hala da. Tesian begirada sentikorra definitzeko ahalegina egin dut, eta bost ezaugarriren arabera definitu dut Irakaslearen Begirada Sentikorra (IBS); haurrarekiko begirada, hezkuntzarekiko begirada, irakaslearen rolarekiko begirada, bestearekiko begirada eta norbere buruarekiko begirada.
Asko laburbilduz, esan genezake begirada sentikorra duen irakasleak haurraren gaitasunetan konfiantza duela eta haurraren ongizatea kontuan hartuta prestatzen dituela testuinguruak.
Zentzu horretan, hezkuntza haurrarengan zentratutako praktiketan oinarritzen du, bere gaitasunak garatzeko. Bere rolarekin lotuz, positiboa, goxoa, sentikorra, abegikorra, ulerkorra, emozionalki konektatzeko gaitasuna duena, haurraren autonomia bultzatzen duena…. Gainera, haurraren zein norbere buruaren behatzaile bihurtzen da eta haurrari eskaintzen dion horretan du ebaluazioaren oinarria. Errespetuan eta onarpenean oinarrituta begiratu eta ulertzen ditu ingurukoak, eta bere lanean arduraz eta konpromisoz jokatzen du. Bere burua zaintzen du eta gaitasun sozio-emozionalen lanketa oso presente du.
Zergatik kokatu duzu zure tesia begirada sentikorrean? Zergatik da hain garrantzitsua?
Sentikortasuna benetan gai garrantzitsua iruditzen zait orokorrean, egunerokotasunean, harremanetan… baina zer esanik ez hezkuntzan. Harremanetan oinarritutako lanbidea da gurea, irakasleona; haurrekin harremanak eraiki behar ditugu, familiekin, lankideekin… eta horretan sentikortasunak rol garrantzitsua jokatzen du. Eta sentikortasuna are eta garrantzitsuagoa da bizitzaren lehen urte garrantzitsu horietan, hau da Haur Hezkuntzan. Ez dugu ahaztu behar Haur Hezkuntza etapa erabakigarria dela arrazoi askorengatik; jolasaren garaia da, mugitzen ikastekoa, hitz egiten hastekoa, ingurunea deskubritzekoa, autonomia eskuratzekoa eta gainerakoekin harremanak izatekoa.
Haurrak eskolan ordu asko igarotzen dituenez, irakaslearen rolak eta jarrerak berebiziko garrantzia dute haurrarentzat.
Eta horretan arreta jartzea ezinbestekoa iruditzen zait. Irakaslearen eginbehar nagusietako bat haur bakoitzarekin kalitatezko harremana eraikitzea da, eta horretarako sentikortasunez jokatzea eta haurraren atxikimendu irudi seguru bihurtzea garrantzitsua da.
Nola “eraiki” dezake irakasle batek begirada hori?
Tesian ikusi da irakaslearen begirada sentikorra irakasle bakoitzaren bizi historian gertatu diren mugarri edo inflexio puntu ezberdinen eraginez doala garatzen. Ikerlariek berresten dute esperientzia horiek irakasleen prozesuak eta geroko konpromisoak ulertzeko baldintza direla. Horrela, denboran zehar pertsona aldatzen eta garatzen doa bizitzan gertatzen zaizkigun hainbat bizipen eta pasarteren eraginez, eta horrek zuzenean eragiten du funtzio profesionalean.
Gertakari horiek guztiek badute zerbait komunean; gorputzarekin eta bizipenekin oso lotuta daudela. Gertakari horiek aukera ematen digute testuingurua beste modu batera begiratzeko. Nolabaiteko transformazioa ahalbidetu diguten gertakariak dira. Pasarte horiek duten intentsitateagatik, gure identitatean edo prozesu profesionalean aldaketak eragiteko ahalmena dute. Mugarri horiek izan daitezke pertsonalak, pedagogikoak edota profesionalak.
Tesiak, begirada sentikorraren eraikuntzan hainbat gako plazaratzeko aukera eman du; alde batetik norbere kontzientzia izatea; bestearengana egokitzeko gaitasuna izatea, norberaren ongizatea, erresilientzia gaitasuna, inplikazioa eta konpromisoa, eta jakina, etengabeko formazioa.
Beraz, nik uste dut irakasleen prestakuntzan gai hauek erdigunera ekarri behar ditugula eta alderdi teoriko pedagogikoez gain, beste hainbat alderdi lantzea helburu jarri behar dugula. Hala nola, garapen pertsonala, gaitasun sozioemozionalak, gorputzaren lanketa, norbere historia pertsonalen kontzientzia, behatzen eta entzuten trebatzea… Horrez gain praktikaren garrantzia ere azpimarratu nahi dut, ikasketa esperientzial gisa. Ikusi da elkarrizketetan irakasleek aipatu dutela umearen aurrean egon direnean barneratu dituztela bene-benetan hainbat gauza, umeari begiratzeko modua edota harremanak eraikitzeko modua.
Begirada horrekin egiten al da gaur egun lan Haur Hezkuntzan? Gertu ala urruti gaude?
Abaniko zabalarekin topo egin dezakegu Haur Hezkuntzan. Lehen aipatu bezala, 30 irakasle aztertuko bagenitu, 30 begirada ezberdinekin egingo genuke topo.
Esan dezakegu irakasle batzuk begirada sentikorrera gehiago hurbiltzen direla beste batzuk baino.
Faktore asko egon daitezke atzean. Begirada sentikorra denboran zehar garatzen den zerbait da, eta zentzu honetan esperientziak ere esanahi handia hartzen du. Irakasle hasi berrietan desorekak, segurtasun falta, tentsioa eta ezjakintasuna bezalako ezaugarriak azaleratzen dira eta horrek sentikortasun gutxiago edukitzera eramaten du irakasle hasi berria; beste hainbat gauzetan arreta jartzen dabilelako eta horrek ez dio uzten patxadaz beste perspektiba batetik gauzak begiratzea eta behatzea. Baina sentikortasuna ere ez da berdina bere biografiaren bizi ziklo guztietan. Eta esperientzia ez da sentikortasunarekin lotuta dagoen elementu bakarra. Elkarrizketatutako irakasle guztiek aho batez onartzen dute: hasi zirenetik gaur arte, beraien egiteko moduak aldatzen doaz. Begirada sentikorra ez da zerbait egonkorra, baizik eta prozesu jarraitu eta aldakor bat, eta horretan norberaren bizitza pertsonalak ere badu eragina.
Nolako eragina?
Bizitza pertsonalak eta profesionalak ez dute paraleloan aurrera egiten duten bi errealitate gisa funtzionatzen, elkarren osagarri eta elkarreragile diren espazio fisiko eta emozional gisa baizik. Kezkak daudenean, edota beldurra dugunean, errendimendua ez da berdina, adibidez. Sentikortasun horretan, beraz, badute eragina hainbat aldagaiek. Eta aldagai horiek oztopa dezakete irakaslearen begirada sentikorra eta, ondorioz, haurrari erantzun positiboak emateko gaitasuna. Horietako bat da ongizatea. Irakaslearen ongizatea jaisten denean, irakaslearen sentikortasuna ere jaitsi egiten da. Dimentsio pertsonala eta profesionala txanpon beraren bi aldeak dira, beraz. Irakaslearen ezaugarri pertsonalak kritikoak dira irakasle izaterako garaian, oso lotuta daude irakaslearen identitatearekin, bai bere sentikortasunarekin, bai bere lana egiteko moduarekin ere.
Gero eta kontzientzia handiagoa sumatzen da eskoletan gai honekin, eta alderdi teorikoez haratago, irakasleak ere norbere garapen pertsonalean arreta jarri eta gaitasun sozioemozionalak garatzeko beharrarekin ikusten dira. Ez dugu ahaztu behar irakasle lana oso lan zaila dela, konprometitua, inplikazio pertsonal zein erantzukizun handikoa. Eta horrek irakasleak norbere buruari begira jartzera eramaten gaitu, ezinbestean.
Elkarrizketa hemen argitaratu da: http://hikhasi.eus/