“Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”

Elgoibartik Arrasaterako bidea hartu du dagoeneko Pello Rodriguezek, bere ibilbide profesionalean beste etapa bati ekiteko, abuztuaren 1etik aurrera Kontseilu Orokorreko presidentea baita. Orain arte presidente kargua hartzen gazteena da. Energia eta ilusio dosi handiekin iritsi dela esan digu.
2024/10/22

Hauxe da Pello Rodriguezek (Urretxu, 1975) MONDRAGONeko presidente kargua hartu eta bere ibilbide profesionalean garai berri bati ekin dionetik eman duen lehen elkarrizketa. Bere bulegoan hartu gaitu, Udalatx eta Anbotora begira leiho ikusgarriak dituen espazio zabalean. Hizketaldiaren ardatza datozen lau urteetarako ibilbideari buruzkoa da, bere agintaldiaren ardatza izango den dokumentuaren gainekoa. Daukan eginkizunaren aurrean eroso, ziur eta konprometituta dagoela antzematen da. Berarentzat MONDRAGONeko presidentea izatea ohorea dela eta proiektuari bultzada berri bat emateko indar guztia jarriko duela azaldu digu. 

Nolakoak ari dira izaten lehenengo aste hauek? 

Lurreratzea ona ari da izaten. Kontseilu Orokorrean urte asko daramatzat eta MONDRAGONeko gaiak ezagunak zaizkit. Gainera, Iñigorekin (Ucinekin) egindako eskualdatzea oso ona izan da, eta uda lasaia. Eta, arlo pertsonalari dagokionez, suabe eta kontrolpean.

“Asmoa da Politika Sozioenpresariala Dibisioen plan estrategikoekin lotzea eta kooperatiben ardatz estrategikoetan eta kudeaketa ardatzetan lurreratzea. Hori da datozen lau urteetarako erronka”

Kargu honetarako zu izendatu izanaren inpaktua nola daramazu? 

Batzar Nagusian azaldu nuen abenduan sentitu nuena… Sabelean nuen korapilo batez mintzatu nintzen, eta oraindik hor jarraitzen du… baina orain txikiagoa da. Batzar Nagusiaren aurreko egunetan tentsioa dezentekoa izan zen, lehen agerraldi hura prestatu behar nuelako. Baina Batzarra hasi eta hitzaldia emateko aukera izan nuenetik, oso ondo sentitu nintzela aitortu behar dut. Eta oso feedback positiboa jaso nuen, asko poztu ninduena. Azterketa gainditu izanaren sentsazioa geratu zitzaidan.

Pello 01.jpg

Politika Sozio-enpresariala 2025/2028 

Zein lehen balorazio egin ahal diguzu politika sozioenpresarialaz kudeaketa erreminta gisa? 

Nire ustez kooperatibetan egiten diren plan estrategiko guztientzat aterkina izan behar du. Eta aterkin horrekin guztiok estaltzea lortu behar dugu. Hala, Dibisio bakoitzeko pan estrategikoek politika horretan zehazten gabiltzan estrategiak jaso behar dituzte, eta poliki-poliki kooperatiben kudeaketa planetan islatu behar dira. 

Asmoa da Politika Sozioenpresariala Dibisioen plan estrategikoekin lotzea eta kooperatiben ardatz estrategikoetan eta kudeaketa ardatzetan lurreratzea. Hori da hurrengo lau urteetarako erronka. Politika estrategikotik kudeaketa eraginkorrera igarotzea. 

Zer nabarmenduko zenuke dokumentu horretatik? 

Lehenik eta behin, ardatz estrategikoen eguneraketa. Lehengo 7 ardatzetatik gaur egungo 4etara pasa gara: Nortasun Kooperatiboa, Etorkizuneko Negozioak, Irekiera eta Inpaktu Soziala, eta Interkooperazioa. 

Irekiera eta Inpaktu Sozial kontzeptuak aipamen berezia merezi du. Izan ere, errentagarriak izango diren negozio berriak egiteko, bestelako korporazioetara zabaldu behar gara eta gure Esperientziara batu daitezkeen proiektuak aztertu, ezinezkoa delako MONDRAGONen denetaz jakitea. Hortaz, irekiera ezinbestekoa da. Inpaktu sozialari dagokionez, erreferenteak izan gara adibidez lanpostuak sortzen, berdintasunezko komunitateak eraikitzen, elkartasunean, euskalduntzean; eta orain gure buruari galdetu behar diogu zertan izan nahi dugun erreferente hurrengo urteetan inpaktu sozialarekin lotutako gaietan. Arlo asko daude, eta horietakoren bat aipatzearren, etorkinak gizarteratzearena ekarriko nuke hona. Zeregin hori ondo egiten erreferenteak izan nahi dugu? Jakina baietz. 

Bada, hausnartu, eztabaidatu eta inpaktu sozialaren alorrean erreferente izan nahi dugun horren norabidea zehaztu beharko dugu. 

“Prozesu bat abiatu dugu ardatz estrategiko bakoitzaren garapenean lehentasunak zehazteko, Dibisioekin eta kooperatibekin partekatzeko eta ekintza horiek nola bideratu zehazteko”. 

Politika Sozioenpresariala kooperatibetan nola lurreratuko den omen da gakoa. Zein ekintza dauzkazu aurreikusita hori gauzatzeko? 

Kanpo komunikazioari begira lehen 100 eguneko etena baliatuta, barne komunikazioan nabil buru-belarri. Lehenik eta behin, Politika Sozio-enpresarialaren edukia azaltzen. Izan ere, MONDRAGONen, Batzarrean parte hartzen dugunak baino askoz gehiago gara. Horregatik, MONDRAGONeko batzorde desberdin, finantza foro, pertsonenetan, Dibisioetan… parte hartzen nabil. Eta hemendik urtea bukatu arte foro horietara guztietara joateko ahalegin sutsua egingo dut, nire burua aurkeztu eta politika hau aurkezteko. Gainera, ildo beretik, Kontseilu Orokorrak eta Batzorde Iraunkorrak ardatz estrategiko bakoitza garatzeko lehentasunak zehaztu, Dibisio eta kooperatibekin kontrastatu eta horiek nola gauzatu asmatzeko prozesua jarri dugu martxan. Honen bitartez kooperatibetara helduko garen ustea daukat; eta, horrela, finkatuta izango ditugu 2025erako egiteko zehatzak, hurrengo epealdiko kudeaketa planetan egikaritu ahalko direnak. 

Pello 03.png

Nahikoak izango dira hiru hilabete hauek politikaren sozializazioa gauzatzeko? 

Sozializazioak etengabekoa izan behar du, bai edukien transmisioan zein entzutean. Orain, urritik abendura bitarteko sprinta egingo dugu eta ikusiko dugu denbora gehiago behar den. Ez dugu ahaztu behar azaroaren 22an MONDRAGON Foroa egingo dugula eta fokoa Politika Sozioenpresarialean eta horren zabalkundean jarriko dugula; aukera ezin hobea da kooperatiba eta Dibisioetako arduradunekin gai hauek partekatzeko. 

Orain dela urte batzuk mota honetako dokumentuetan MONDRAGONen lau urteko aurreikuspena erakusten zuten proiekzio kuantitatiboak jasotzen ziren. Nola irudikatzen duzu 2028ko MONDRAGON? 

Zenbakien alorrak garrantzia dauka, baina lau urteko ziklo batean argazki kuantitatibo hori nabarmen aldatu dezaketen gertaera asko jazo daitezke. Horregatik, hobe da alderdi kualitatiboaz hitz egitea eta baita ere hizketagai izatea zeintzuk diren aurreikusitako etorkizun horren aldeko apostu estrategikoak. 

Espero dut 2028an bide horren zatirik handiena ibilia izatea, nahiz eta erraza izango ez den. Negozioek bilakaera ona izan behar dute eta mundua dagoen bezala dago. Europaren kasuan, guretzat esparru giltzarria dena, AEB eta Txinarekin alderatuta atzean gelditzen ari da. Horrek gure negozioetan inpaktu eta eragina izango du. Guk gizartea lanaren bitartez eraldatzen dugu, eta horregatik ezinbestekoa da gure negozioek funtzionatzea. Gainera, irekiera eta inpaktu soziala gisako beste arlo batzuk ere definitu ditugu; hortaz, 2028an arlo horietan aurrerapen garrantzitsuak egin behar ditugu. Horixe da espero dudana. 

“Hausnartu, eztabaidatu eta norabidea ezarri behar dugu, inpaktu sozialaren esparruan zertan izan nahi dugun erreferente erabakitzeko”.

Hortaz, esan dezakegu irekiago, kooperatiboago, gizarteari egiten dion ekarpena kanpoan hobe ezagutzera emango duen, eta hirugarrenekin lankidetzarako prestutasun handiagoa izango duen MONDRAGON bilakatuko dela? 

Erabat, baina horretarako lanean jarri behar dugu. Egiteko asko daukagu MONDRAGON kanpoan gehiago ezagutu dezaten, bai Madrilen zein Euskal Herrian. Elkartasuneko interkooperazio erremintak (birmoldaketa eta birkokapena) ere oso garatuta ditugu, baina badira gehiago sustatu beharreko beste interkooperazio batzuk. Adibidez, MONDRAGONeko Finantza Batzordea ere, 12 Dibisio barne dituena, interkooperazio hutsa da; beste korporazio batzuk ez dituzten eta indartu behar ditugun altxorrak dira lankidetza hauek.

Sektore berrietako aliantza politikan ere badugu egitekorik. Adibidez, ez daukagu presentzia esanguratsurik energiaren sektorean, eta aliantzak zabaltzen baditugu, teknologia eta negozio berrietara sarbidea izan dezakegu.

Gaur egungo geopolitika kontuan hartuta, Politika Sozioenpresarialaren ardatz estrategikoak ustekaberik gabe garatu ahal izango ditugula uste duzu? 

Negozioen alorrean ustekabeak ohikoak dira. Inoiz ez dira prozesu linealak izaten. Albistegiak ikustea nahikoa da eraldatzen ari diren negozio asko daudela jabetzeko. Adibidez, auto elektrikoa. Gu sektore horretan hornitzaile gisa gaude, eta ustekabeak egongo dira, seguru. Baina bizkorrak eta malguak izan behar gara eta egoerei aurre egiteko aukerak non agertzen diren ikusteko abilak. 

Pello 02.jpg

“MONDRAGON denok gara”

Erronka hauei guztiei aurre egiteko gogoz eta indarrez? 

Jakina! Ilusioz beteta nago. Ezer ez egitea erabaki bat da, baina uste dut hobe dela gauzak egitea. Ez dezagun ahaztu ekintzaileak garela, enpresarioak garela eta hurrengo belaunaldiei legatu hau hobetuta uzteko lan egiteko erantzukizuna daukagula. Hortaz, pentsatu dezagun etorkizuneko negozioetan, errentagarriak izango diren negozioetan. Apustua egin behar da: urteak daramatzagu sustapen funtsekin lan egiten startup-ak laguntzen; gehiago egin behar dugu, hortik ere gauzak irtengo direlako.

“Pertsonalki, disfrutatzea nahi dut zeregin berri honetan. Eta MONDRAGONen barruan bilatzen ari naizena gertutasuna da. Negozioek, kooperatibek eta dibisioek ikus dezatela MONDRAGONek egiten dien ekarpena, elkarrekin lotura estuagoa lortu nahi dut”

Zein helburu daukazu zure agintaldirako? 

Pertsonalki, disfrutatzea. Eta MONDRAGONen barruan bilatzen ari naizena gertutasuna da: negozioek, kooperatibek eta dibisioek ikus dezatela MONDRAGONek egiten dien ekarpena, elkarrekin lotura estuagoa lor dezagun, eta bizipenean ere, urruti egotearen sentsazioa ezabatu nahi nuke. MONDRAGON denok gara, goazen beraz denon artean egitera egin beharrekoa. Eta horretarako gertutasuna ezinbesteko osagaia da. 

MONDRAGONen presidentea izatea zer da zuretzat? 

Ohore bat. 

Bada ohore hori eduki duen presidenterik gazteena zara… 

Gazteena naiz, bai, egia da. Positiboa da, nire ustez. MONDRAGONen tamainako beste enpresa batzuetan ikusi ditut ni baino helduagoak, eta nik “nire gaztetasunaz” baliatu nahi dut proiektu honek merezi duen bultzada emateko. Eta horretan jarriko ditut energia guztiak. Oso gustura hasi naiz, disfrutatzen ari naiz, giro ona dago, Dibisioetan egin ditudan bilerak ondo joan dira… Guztiok gustura gabiltzan artean, aurrera!