Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
“Hogeita hamar urtetan gora egin du euskararen erabilerak EAEn, aldaketa handirik ez Nafarroan, eta behera Iparraldean”
Euskal Herriko Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketaren azken bost edizioen zuzendaria izan da Olatz Altuna Zumeta eta, horrez gain, Euskararen erabilera neurtzeko metodologiak, adierazle soziolinguistikoen azterketa eta gazteen hizkuntza-errealitatearen ikerketan jardun du, bereziki. Soziolinguistika Klusterrak euskara biziberritzeko erreferentziazko ikergune izan nahi du, euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuan eragile papera hartuz eta berrikuntza bultzatuz.
“Euskal Herriko kaleetan euskaraz ari da zortzi lagunetik bat (% 12,6), duela bost urte erabilera-maila berbera jaso zen”
Zein da erabiltzen duzuen metodologia? Eta zertarako balio dute neurketa hauek?
Ezer baino lehen aipatu behar da, Euskal Herrian metodologia propioa sortu genuela 80ko hamarkadan, 1989an egin genuen Euskal Herri osoko lehenengo ikerketa eta ordutik metodologia hobetzen joan garela. Kaleetan entzundako elkarrizketetatik ateratzen da informazioa, solasean ari diren hiztunen jarduna behatuz, alegia. Helburua da hizkuntzen erabileraren bilakaera ezagutaraztea, euskararen biziberritze-prozesuari begira hausnarketarako, hizkuntza-politikak erabakitzeko eta hizkuntza-plangintza diseinatzeko balio dezan. Kalekoa ez ezik, lantokietan, eskolako jolastokietan, gazteen kirol jardueretan behaketak eginez garatzen ditugu beste ikerketa batzuk.
Eta gure kooperatibetan zenbat hitz egiten da euskaraz?
EMUNek eskarmentua handia du lantokietan erabileraren neurketak egiten. Oinarrian kaleko metodologia erabiltzen da. Beraiek egindako neurketetan, MONDRAGON Taldeko Fagorren euskararen kale-erabilera % 44 da, Danobatgroupen % 50, eta Ulman % 54,5. Helduen arteko kaleko erabilerari erreparatzen badiogu Debagoienan euskararen erabilera % 35 da, Elgoibarren % 27, eta Oñatin % 62. Fagor eta Danobatgroupen lantokietan inguruko kaleetan baino gehiago erabiltzen da. Garrantzitsua da euskarak presentzia izatea arlo sozioekonomikoan. Izan ere, oro har, helduen mundua nahiko erdalduna baita, eta egoera horrek besteak beste prestigioan eragiten du. Jakina, erabiltzeko aukera urriak gaitasunean ere eragina du.
Zein izenburu edo titular aukeratuko zenuke 2021eko kale erabileraren neurketa aurkezteko?
Datu asko ematen ditu ikerketak eta ez da erraza titular bakarra aukeratzea. Bat aukeratzekotan hauxe esango nuke: “Euskal Herriko kaleetan euskaraz ari da zortzi lagunetik bat (% 12,6), duela bost urte erabilera-maila berbera jaso zen”. Horrez gain, gehituko nuke Euskal Herria oso heterogeneoa dela. Gipuzkoan hitz egiten da gehien (% 31), hurrena dator Bizkaia (% 9), eta %5-6 inguruko erabilera-maila dago Araban, Nafarroan Garaian eta Ipar Euskal Herrian. Epe luzeko ikuspegiari erreparatuta, hogeita hamar urtetan gora egin du euskararen erabilerak EAEn, aldaketa handirik ez da egon Nafarroan, eta behera egin du euskararen erabilerak Iparraldean.
Nabarmenduko nuke 2006tik 2016ra gertatzen ari zen beherazko joera eten egin dela
Zein emaitzak sor dezake baikortasuna?
Nabarmenduko nuke 2006tik 2016ra gertatzen ari zen beherazko joera eten egin dela. Dena den, esan behar da 32 urteko bilakaeran apenas 2 puntu egin duela gora euskararen kale-erabilerak. Bestalde, oso kontuan hartzekoa da haurrak eta gazteak direla euskara gehien darabiltenak, eta helduak eta adinekoak gutxien. Duela hogeita hamar urte gazteek adinekoek baino gutxiago hitz egiten zuten. Hurrenkera hori aldatu izana lorpen sozial handia da.
Zein emaitza iruditzen zaizu kezkagarria euskararen biziberritzearen ikuspegitik?
Aurretik esan bezala, belaunaldi gazteek hitz egiten dute gehien, baina ikusi dugu adin berekoen arteko elkarrizketetan erabilerak behera egiten duela. Hau da, haurra beste haurrekin dagoenean edo nagusia bere adinkideekin dagoenean euskara gutxiago erabiltzen da. Harreman horizontaletan euskararen presentzia gutxitzeak arduratzen gaitu. Eta lurraldeei erreparatuta bi kezka nabarmenduko nituzke: eremu euskaldunenetan (arnasguneetan) eta orokorrean Ipar Euskal Herrian erabilerak behera egin izana.
Zein da eboluzio historikoaren inguruan egiten duzuen irakurketa, pandemiaren faktorea tartean egon dela aintzat hartuta?
Datuen bilketa pandemiaren garai onentsuenean egin zen; osasun- eta lege- baldintzak irekienak indarrean zeudenean. Horrek ahalbideratu zuen nahikoa elkarrizketa jasotzea datuak estatistikoki fidagarriak izateko. Eboluzio historikoari dagokionez, hizkuntza gutxituentzat ez dira garai onenak. Mundu globalizatuan bizi gara, harremantzeko moduak aldatzen ari dira, gero eta gehiago ematen dira sarean, pertsonen mugikortasuna gero eta handiagoa da, eta ikusten dugu tamaina handiko hizkuntzak ere kezkatuta daudela ingelesa hartzen ari den indarrarekin. Egoera hori izanda, aintzat hartzekoa eta balioan jartzekoa iruditzen zaigu kale-erabilera bere horretan mantentzea. Dena den, ezin dugu ahaztu euskararen egoera zaurgarria dela oso.
Mundu globalizatuan bizi gara, harremantzeko moduak aldatzen ari dira, gero eta gehiago ematen dira sarean, pertsonen mugikortasuna gero eta handiagoa da, eta ikusten dugu tamaina handiko hizkuntzak ere kezkatuta daudela ingelesa hartzen ari den indarrarekin
Egia al da euskara gutxi erabiltzen dela daukagun ezagutza mailarako?
Joera handia dago bi datuak parekatzeko, baina alderaketa hori ez da zuzena. Ezagutza indibiduala da, erabilera, berriz, taldean ematen den gertaera da. Ez du jada norbere ohitura edo joera bakarrik eragiten, solaskideenak ere zeresana du. Euskaldunak euskaraz hitz egiteko motibazioa izan eta erabakia hartzen badu ere, parekoak ez badaki, nekez egingo du. Ez da egokia beraz, erabilera eta ezagutza parekatzea. Euskal Herrian euskaraz hitz egiteko gai garenak, gutxi gorabehera, % 30 gara. Baina kontuan hartu behar da euskaldunen ia erdia hobeto moldatzen dela gaztelaniaz euskaraz baino. Hori guztia kontuan hartu behar da Euskal Herriko edo herri zehatz bateko kale- erabilera altua ala baxua iruditzen zaigun baloratzerakoan. Edozein kasutan bi ehunekoen alderaketa zuzena nahasgarria da, argigarria baino gehiago.
Erabileran hazkunde esanguratsua lortu nahi bada, hurrengo urteetan egin behar diren euskara planetan eta politiketan berrikuntzak planteatu behar dira, eta horretan ikerketak funtzio garrantzitsua bete dezake
Non egin behar da indarra euskara gehiago erabil dadin kaleetan eta enpresatan?
Erabileran hazkunde esanguratsua lortu nahi bada, hurrengo urteetan egin behar diren euskara planetan eta politiketan berrikuntzak planteatu behar dira, eta horretan ikerketak funtzio garrantzitsua bete dezake. Zehatzago, non eragin behar den erabakitzeko badira alor batzuk nahikoa adostasun dutenak. Esate baterako, esparru sozio-ekonomikoetan normalizazio planak sustatzea, hezkuntzan haur eta gazteen euskararen ezagutza-maila egokia bermatzea, herritarren sentsibilizazioan (Euskaraldia) eragitea, eremu digitala, migratzaileen inklusioa, euskal kultur sistema sendotzea… Horiek aipatuko nituzke.