“Gure ikastola-kooperatiba nortasunetik kokatzea izango da erronka nagusietako bat”

Mireia Muruamendiaraz eta Illart Azkarate, Arizmendi Ikastolako zuzendariak.
Card image cap
2022/10/12

Irailean ekin diote buru-belarri Arizmendi Ikastolako Zuzendaritzari Mireia Muruamendiaraz eta Illart Azkarate arrasatearrek. ikasturte berriak dakartzan erronkei begira jarri gara bi zuzendariekin.

Zelan hasi duzue ikasturtea?

Arduraz eta ilusioz, aurreko urteetan hasi izan dugun bezala. Irakasle lana ere arduraz eta ilusioz hartu izan dugu guk beti. Hori bai, hasiera desberdina izan da. Orain arte alboz albo lanean izan ditugun lankideen zuzendari izatea bada berritasuna guretzat. Lankideak ezagutzen ditugu eta badakigu ekipo sendoa dugula ikastolan.

Arizmendi Ikastola barrutik ezagutzen duzue biok. Nola ikusten da orain ikastola zuzendari kargutik?

Azken urteetan Zuzendaritza Kontseiluan edo Errektore Kontseiluan aritzeak ikastola osoaren perspektiba izaten lagundu digu. Horretaz gain, ikastolako guraso ere bagara. Arizmendi Ikastolaren bilakaera rol desberdinetatik bizi izan dugu eta horrek gure ikastola bere osotasunean ikustera eraman gaitu.

“Hezkuntza denen artean koeraikitzeko aukera ematen digu zuzendaritza partekatuak”

Zuzendaritza partekatua izango da zuena. Zein berezitasun ditu?

Bi arrazoi nagusirengatik zuzendaritza partekatuaren hautuarekin bat egiten dugu. Alde batetik, Arizmendi Ikastolan aspaldian pedagogiari indar berezi bat eman zaio. Berrikuntza pedagogikoan sinistu da gurean eta zuzendaritza partekatu hau ere horren erakusle da. Pedagogia kudeaketaren mailan jartzen du zuzendaritza partekatu honek. Bestetik, zuzendaritza eredua egokitzeak antolakuntzan eta egiteko moduetan gauzak desberdin egitera garamatza. Elkarlanean jardun kooperatiboa areagotuz eta lantaldea indartuz, hezkuntza denen artean koeraikitzeko aukera ematen digu zuzendaritza partekatuak.

Nola eragingo die lege EAEko hezkuntza lege berriak ikastolei?

Zuk aipatu bezala, EAErako lege berria izango denez, ez die ikastola guztiei eragingo; Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ikastolei bakarrik. Lege berriari buruz hitz egiten dugunean kokapen hori egitea garrantzitsua da. EAEko hezkuntza euskalduna, osotasunean, babesteko lehen Legea albiste ona da, hiru arrazoi nagusirengatik: hezkuntza-erronken bidean urrats koalitatiboa delako; ondare euskalduna (ikastolona, ikastetxe publikoena eta kristau eskolena) garatzen lagunduko digulako; eta, gainera, hezkuntza akordioa akordio politiko zabal baten fruitua delako.

Eusko Jaurlaritzak irailaren 14an argitaratu zuen aipatutako lege honen lehen zirriborroa. Begi onez ikusten dugu adibidez, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa sortzea, doakotasuna edo ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza gaitasunak jasota egotea. Halere, kezka eta ziurgabetasunerako arrazoiak ere baditugu, puntu asko oso modu irekian eta zehaztasunik gabe agertzen direlako. Otsailean alderdi politiko gehienek sinatutako hezkuntza akordiotik irailean jasotako lehen zirriborrora atzera pausuak eman direla deritzogu. Esate baterako, betiko publiko-pribatu dikotomia berreskuratzen da, akordioan gai hau gainditzen zenean. Zirriborroaren arabera publikoa izango da: “titularra administrazio publikoa duena”. Ikastolon ustez aukera paregabea dago ezberdintasun hori puskatu, ausartak izan eta Europa eta mundu mailan dauden beste publikotasun eredu batzuk definitzeko.

Bestetik, Legearen zirriborroan euskararen protagonismoa ere lausoegia dela deritzogu. Zentzu horretan, bat egiten dugu hainbat eragilek Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera aurkeztutako ekarpenarekin. Belaunaldi berriak euskaldunak eta eleaniztunak izatea nahi badugu, legeak euskarazko eredu orokortu eta inklusibo berri bat jasotzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Datozen hilabetetan adi jarraituko ditugu dekretuen bidez jasoko diren zehaztapenak eta baita eragile desberdinok egindako ekarpenen ostean Legearen zirriborroak izango dituen aldaketak ere.

Arizmendi ikastolaren kasuan, daukagun hezkuntza proiektu sendotik abiatuta, ikastola den hezkuntza eredu kooperatibo, euskaldun eta eraldatzailean sakontzea izango da helburu nagusia.

Belaunaldi berriak euskaldunak eta eleaniztunak izatea nahi badugu, legeak euskarazko eredu orokortu eta inklusibo berri bat jasotzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Demografia ere beherantz doa, ikasgeletan geroz eta ikasle gutxiago daude… Nola egingo diozue aurre?

Egia esan jaiotza tasa beherantz doa, baina geroz eta ikasle etorri berri gehiago ditugu gure geletan. Bilakaera demografiko honek gure antolaketan eragin zuzena dauka, baita hezkuntza proiektuaren inplementazioan ere. Aniztasunaren trataeran jarri beharra daukagu fokua, jakin baitakigu hurrengo ikasturteetan bilakaera demografikoa norabide honetan joango dela. Zentzu horretan, hezkuntza lege berriak planteatuko duen egoera zaurgarrian bizi diren herritarren orekaren gaia aukera moduan ikusten dugu.

Zein erronka nagusi dituzue esku artean?

Lehenengo erronka berrikuntza pedagogikoari lotutakoa da. Azken urteetan BATUn (LH5-DBH2) hasitako eraldaketa pedagogikoa finkatzeko eta gainontzeko etapetara transferitzeko bidea aztertzen ari gara. Ikastolan diseinatutako proiektu honek ikastolako hezkuntza egitasmo guztiak modu koherente batean zipriztinduko ditu hurrengo urteetan. Bestalde, aurreko galderetan jadanik egin diezu erreferentzia beste bi erronka handiri, ezta? Batetik, EAEko Hezkuntza Legearen zehaztasunak publiko egiten diren neurrian, horien aurrean gure ikastola-kooperatiba nortasunetik kokatzea izango da erronka nagusietako bat. Bestalde, demografiaren eraldaketak ekarriko dizkigun erronkei erantzuteak ere garrantzia handia izango du.

Ikasturte berrirako desio berezirik baduzue?

Ikastola komunitate indartsu eta osasuntsu bat izatea nahiko genuke, gure balio kooperatiboetan eta ikastola ereduan sendo. Familia, profesional, ikasle eta inguruko gizarte eragile desberdinen elkarlanaren bidez ikastola eta Leintz bailara zein Euskal Herria gure arlotik eraikitzen jarraitzeko, aurrean ditugun erronkei ilusioz eta indarrez komunitate bezala erantzuteko.

Irakaskuntza