“Gure ereduak miresmena pizten du sektoreko adituen artean”

Carlos Maza LagunAroko zuzendari orokorra da. Erakundeari lotutako gaurkotasuneko gai guztiak errepasatu ditugu, Diputatuen Kongresuak omnibus dekretua baliozkotu ondoren lortutako babesetik, 2024ko itxiera ona eta etorkizun hurbilerako asmoetaraino.
Card image cap
2025/03/26

Izugarriak izan dira Carlos Mazak LagunAroren zuzendaritzan daramatzan 18 hilabeteak. Presaka egindako bidaia izan da, arlo profesionalean emozio kontrajarriz josita egon dena, “antsietate, ziurgabetasun eta atsekabe momentuekin”, baina baita “ilusioz eta baikortasunez” zipriztinduta ere eta, azkenaldian, “euforiaz eta poztasun infinituz” beteta. Maila pertsonalean, trago mingotsarekin borrokatu behar izan du, 15 egunetan bi lagun, Kontxi Benitez eta Joseba Granero, galdu baititu, eta miresmenez eta errespetuz gogoratzen ditu.

Gaurkotasun handiko gai bati buruz galdezka hasi dugu elkarrizketa hau: gobernu zentralak onartu berri duen dekretuak LagunAroren berezitasuna aitortzen du, eta sistemaren jasangarritasuna bermatu.

Zer balorazio egiten duzu gobernuak berezitasuna eta sistemaren iraunkortasuna aitortzeari buruz eman berri duen ebazpenaz?

Uste dut LagunArok luzaroan jaso duen albiste onenetarikoa dela. Autonomoen kotizazio eredua 2023an sartu zen indarrean, eta 2032ra arte pixkanaka aplikatu beharreko egutegia zuen. Eredu horrek zalantzan jartzen zuen LagunAroren existentzia bera, eta, Errege Dekretu Lege honen bidez, gure erakundeari Gizarte Segurantzaren ordenamenduan sartzeko aukera eman zaio.

Bilera asko izan dira, dei asko, kontaktu asko eta hau posible izan zedin buru-belarri lan egin duten pertsona asko. Beraz, gobernua gure errealitatea kontenplatzeko lantzen ari zen testua ikusi genuen lehen aldia oso energia txute positiboa izan zen.

Nolanahi ere, badakizu onarpen prozesua nahiko genukeena baino gehiago atzeratu dela; izan ere, LagunArori buruzko neurria birritan igaro zen Diputatuen Kongresutik omnibus dekretuan sartuta zegoelako, otsailaren erdialdean behin betiko baliozkotu zuten arte.

“Inbertsioen kudeaketatik lortutako errentagarritasuna oso positiboa izan zen 2024an, eta urte honen hasiera ere ondo jokatzen ari da, espero baino hobeto, gainera. Baina, kontuz ibili behar da”

Lasaitu ederra hartuko zenuen. Zenbateraino zen garrantzitsua gobernuaren erabaki hori?

Oso garrantzitsua benetan. Autonomoen kotizazio eredu berria, gure ustez, ez zen bidezkoa kooperatibismoarekin, lan etekinengatik kotizatzeaz gain, kooperatiban kapital ekarpenetik lortzen diren etekinengatik ere kotizatzera behartzen baitzuen.

Azkenik, onartutako dekretuak arrazoia ematen digu. Gobernuak esan digu autonomoen kotizazio sistema berritik kanpo uzten gaituela eta, gutxienez, taula orokorreko gutxieneko oinarriaren arabera kotizatu behar dugula. Bestela esanda, tratamendu berezia ematen digu, Espainian dauden 3,3 milioi autonomoen aldean desberdina. Hori zoragarria da, LagunAroren aurreikuspen ereduari eusteko aukera ematen digulako, baina ez da oztopo izan behar eredu hori garatzeko eta hobetzeko urratsak ematen jarraitzeko. Izan ere, dagoeneko identifikatu ditugu 2025. urte honetatik aurrera landu nahi ditugun zenbait esparru.

Nola kudeatu da egoera hori azkenean behar bezala konpondu ahal izateko?

Gakoa, nire ustez, pertsona askok hilabetetan zehar landu dugun irmotasun eta jarraikitasunean egon da, eta horri gehituko nioke une batean edo bestean ministerio, alderdi politiko, elkarte, konfederazio... guztiekin hitz egin dugunean nagusitu den gardentasuna.

Honetan, bizitzan bezala, beti da oso garrantzitsua bidelagun onak izatea eta, baten bat ahaztu ahal izateko arriskuan egonda ere (aldez aurretik barkamena eskatzen diot), alde batetik, LagunAroko pertsonek, Luis Mari Ugarterengandik hasita, hura hasi baitzen gai hau kudeatzen, eta, bestetik, MONDRAGONeko pertsonek izan duten funtsezko papera adierazi nahi nuke, Iñigo Ucinek erretiroa hartu arte, Pello Rodriguezek, Leire Mugerzak, Iñigo Albizurik eta Amets Ugaldek paper aktiboa eta oso erabakigarria jokatu baitute dena behar bezala konpontzeko. MONDRAGONen irudi eta lan onak, kooperatibismoaren eredu eta erakusle gisa, berebiziko garrantzia izan dute prozesu honetan guztian, gestio eta elkarrizketa ugari erraztu baitizkigu hainbat eragilerekin, eta, azkenean, erabakigarriak izan dira.

Era berean, ezin dut alde batera utzi Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdi politikoek egindako lana eskertzeko aukera, une oro gu babestu eta gai hau oso modu aktiboan bultzatu dutelako.

“MONDRAGONen irudi eta lan onak, kooperatibismoaren eredu eta erakusle gisa, berebiziko garrantzia izan dute prozesu honetan guztian, gestio eta elkarrizketa ugari erraztu baitizkigu hainbat eragilerekin, eta, azkenean, erabakigarriak izan dira gatazkaren konponbidean”

Carlos2.jpg

Itxiera 2024

Nolakoa izan zen 2024ko ekitaldiaren itxiera? 2025erako aurreikuspenak?

2024. urtea nahiko positiboa izan da LagunArorentzat kudeaketa aldetik. Pentsio sistemari dagokionez, %7,94ko errentagarritasuna lortu da, eta horrek, aurreikusitakoa baino inflazio baxuagoa gehituta, kaudimen marjina berreskuratzea ahalbidetu du. Hala, Kontseilu Errektoreak 2023an aplikatu gabeko pentsioen eguneratzea 2022ko KPIaren arabera berreskuratzea proposatuko dio Batzar Nagusiari, adierazle hori %5,7ko mailan amaitu ondoren, %1 aplikatu zelako, kaudimen nahikorik ez izateagatik.

Banaketa prestazioak deritzenei dagokienez, egiten dugun irakurketa positiboa da ere, batez ere, daukagun prestazio bereizgarrienari lotutakoa, Enplegurako Laguntza, hain zuzen ere.

2024ra begira, egiturazko langabezian dauden pertsonen behin betiko irtenbideen kopurua handitzea erabaki genuen, eta lortu dugu, eta hori albiste bikaina da, nire ustez. Nolanahi ere, kooperatiben inplikazio maila oso desberdina izan da, eta, beraz, kooperatibekin lanean jarraituko dugu; horiekin guztiekin hausnartzeko asmoa dugu, zer Enplegu Laguntza mota izan nahi dugun jakiteko.

“Absentismoa: azken hilabeteetan gero eta gehiagok ikusten dute neurriak hartzeko beharra, hartzen ari den noraeza kontuan hartuta”

Absentismoa, goranzko ildoan, enpresa eremuko kezketako bat da. LagunAron ere hala al da? Zer neurri proposatzen dira aurre egiteko?

Kooperatibentzat kezka den unetik, kezka bihurtzen da LagunArorentzat. Eta ez guretzat bakarrik. Azken hilabeteetan gero eta gehiagok ikusten dute neurriak hartzeko beharra, hartzen ari den noraeza kontuan hartuta. Bilakaera horretan hainbat faktorek eragiten dute, eta, Euskadiren kasuan, absentismo tasa handiena duen erkidegoa izanik, uste dut lehiakortasunean, herrialdearen irudian… eragiten digula.

Positiboa izateagatik, bi gauza nabarmendu nahi ditut. Batetik, ezartzen ari garen prozesuen hasierako fasetik datorren kudeaketa- eredua, eta, bestetik, absentismo tasa egonkortu egin dela azken hiru urteetan; izan ere, beste kolektibo batzuetan dagoen maila kontuan hartuta, ez da albiste txarra, nahiz eta murriztea nahiko genukeen.

Nazioarteko gertaera asko ari dira aldatzen munduko geopolitika, eta horrek eragina du finantza merkatuen bilakaeran. Merkatu horietan jarduten du LagunArok bere inbertsioak errentagarri bihurtzeko eta finantza-konpromisoei aurre egin ahal izateko. Nola ari dira eboluzionatzen eta zer aurreikusten egiten duzu 2025 urterako?

LagunArok duen bezain ondare handia duzunean eta aktibo mota desberdinetan inbertituta dagoenean, hainbat eremu geografikotan eta, are gehiago, hainbat monetatan, nazioartean gertatzen denak eragina du finantza merkatuetan, eta, ondorioz, baita gure inbertsio zorroan ere.

Urtearen lehen zati honetan, gainera, geopolitika eta ekonomia, oro har, oso baldintzatuta daude Donald Trump, AEBetako presidentetza hartu zuenetik, hartzen ari den lehen erabakiengatik. Iazko azaroan hauteskundeak irabazi zituenetik, inbertitzaile guztiok jakin nahi izan dugu ea hauteskunde kanpainan esandakoa beteko zuen Donald Trumpekin topo egingo ote genuen ala pragmatikoagoa eta ez hain oldarkorra izango zen bere planteamenduetan.

Ba badirudi aurreikuspenak gainditzen ari dela…

Egia da indar handiz hasi dela kanpora begirako erabakiei dagokienez (immigrazioaren kontrola, muga zergen tarifak, Errusia-Ukraina edo Gaza-Israel gatazkak...), eta, oraingoz, ez da hain aktiboa izan barne kontsumorako neurri nagusietan, hala nola, iragarritako zerga murrizketan.

Europaren kasuan, agerikoa dirudi hazkunde ekonomikoko fase oso desberdinean dagoela Estatu Batuekin alderatuta, eta horri guztiari gehitu behar zaio EBko herrialde nagusietako batzuk barne krisi politiko larriak jasaten ari direla, hala nola, Alemania edo Frantzia.

Nolanahi ere, inbertsioen kudeaketatik lortutako errentagarritasuna oso positiboa izan zen 2024an, eta urte honen hasiera ere ondo jokatzen ari da, espero baino hobeto, gainera. Hala ere, urtea hasi besterik ez da egin, eta joera hori oso denbora gutxian alda dezaketen hainbat inguruabar daude, azken urteetan ikusi ahal izan dugunez.

Uste dut zuhur jokatzea dela onena, gertatzen den guztiari adi egotea eta daukagun inbertsiotalde bikainean konfiantza izatea.

Besterik?

Beste bi kontu. Lehenik eta behin, uste dut garrantzitsua dela aipatzea LagunAro oso erakunde berezia dela. Plan Estrategikoa egin ondoren, Europa eta ELGA mailako gizarte aurreikuspeneko sistemetan adituak diren pertsona askorekin hitz egiteko aukera izan dut, eta guztiek adierazi digute beren miresmena eta zoriona hain sistema luzea, estaldurei dagokienez hain zabala eta kooperatibismoaren balio berezietan oinarritua izateagatik. Batzuetan kanpoko beste pertsona batzuk etorri behar dira garenari balioa emateko. Are, Gizarte Segurantzak berak aitortzen du gure kudeaketa, arau orokorretik kanpo utzi baikaitu gure proiektuarekin aurrera egiten uzteko.

Bigarrenik, LagunAroko pertsona guztiei zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiet egunerokoan egiten duten lanagatik. Lan hori are nabarmenagoa izan zen iaz, bi lagun galduta bizitzea egokitu zitzaigun une delikatuetan. Egoera txarrenetan pertsonen onena ikusten dela esaten da, eta kasu honetan hala izan dela baieztatu dezaket.

Plan Estrategikoa: oinarrizko erronkak

Pentsio sistema. Pentsioen sistema publikoaren filosofia nola hobetu edo hari zehaztasun handiagoz nola erantzun hausnartzeko beharra, kotizatu beharreko errentei dagokienez.

Banaketa prestazioak. Mutualismo, elkartasun eta erantzukidetasun printzipioek haien kudeaketa eta funtzionamendua gidatzen jarraitu behar dute, baina egokia dirudi gogoeta egitea zenbait kolektiboren finantzaketa sistemari buruzko neurriak hartzeko: kolektibo batzuen finantzaketa sistema, eskainitako osasun estalduraren irismena, aldi baterako ezintasunaren prestazioa kudeatzeko neurriak, langabezian dagoen kolektiboaren enplegagarritasuna, kooperatiben inplikazio maila...

Beste proiektu batzuk. Gure kolektiboari arreta emateko ereduan, eraldaketa digitalean, harreman instituzionaletan... sakondu eta hobetu nahi dugu.

Kooperatibisten babes soziala