Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
“Gizarte hobe bat sortzea, hori da gure utopia eta, gure inperfekzio guztiekin, utopia hori lurreratzen saiatzen gara”
Leire Mugerzak (Mutriku, 1976) 25 urtetik gora daramatza lanean MONDRAGONen baitan, Mondragon Unibertsitatean ingenieritza mekanikoa ikasten ari zela, bekadun bezala hasi zen Eikan lanean, Lea Artibai ikastetxean egon zen gero eta EROSKIn ondoren. Industria, ezagutza, banaketa, Korporazioaren ia alor guztietan eta Korporazioan bertan egin du lan. 2012tik da Batzorde Iraunkorreko eta Kongresuko kide eta duela bi urtetik hona bien lehendakari. Kargu horretara iritsi den lehenbiziko emakumeak, naturaltasunez eta gardentasunez hitz egiten du eguneroko lanari eta etorkizunari buruz, legatuari eta utopiari buruz, entzuten duena entusiasmatzeko moduko entusiasmoarekin eta edonor konbentzitzeko moduko konbikzioarekin. Zuhaitz baten antzera, MONDRAGONek bere sustraiak sakonduz enborra indartzen duela uste du eta enborra indartuz zabaltzen dituela adarrak, fruituak urrunago hel daitezen.
Sorpresa izan zen zuretzat zure izendapena?
Bai, ez nuen espero hautagai izatea. Beste gauza batzuk neuzkan buruan eta hasieran, sustoa hartu nuen. Baina erronka bezala ikusten dut eta aitortza bat ere bada, jakina. Kooperatiba guztietako kideak dira aukeratzen zaituztenak eta horrek ilusioa egiten du. Pentsatzen duzu aukeratu bazaituzte, egingo duzula. Eta laguntza behar baduzu, beti eskatu dezakezu. Kooperatibetan horretara ohituta gaude eta jendea beti egoten da laguntzeko prest.
Batzorde Iraunkorrean 10 urte zeramatzan lehendakaria izateko aukeratu zintuztenean, baina, hala ere, harritu zaitu lanak edo lanaren parteren batek?
Karguaren proiekzio publikoak harritu nau. Ez nuen espero neure izena horrenbeste lekutan ikustea edo horrenbeste jenderen mezuak jasotzea. Oraindik arraroa egiten zait batzuetan. Eta horrez gain, MONDRAGONen proiekzio publikoak. Nahiz eta MONDRAGONen urte piloa eraman, ze ezagunak garen ikusteak harritu nau. Nazioartean zein Estatuan, ze prestijio handia daukagun ikusteak. Enpresa lehiakor, berritzaile, eta teknologiko bezala, eta enpresa apur bat desberdin bezala ere bai.
“Azkenean, zuk defenditzen duzuna denok erabakitakoa da. Eta horrek indar handia ematen du. Ez da zurea bakarrik, denona da”
Bi urte hauetan egongo ziren momentu gogorrak ere, badaukazu arantzaren bat barruan?
Badut lagun bat esaten duena bizitza jarrera kontua dela. Ados nago. Bizitzan gauza onak eta txarrak gertatzen dira, maila pertsonalean eta profesionalean. Kontua da zuk gauza horiek nola hartzen dituzun. Aukera bat egin behar duzu eta nik aspaldi erabaki nuen nire aukera bizitza modu positiboan ikustea izango zela. Gauza txarrak gertatzen dira? Noski baietz. Baina horrek ez du esan nahi hor geratzen naizenik. Orduan, atzera begiratzen dudanean gauza onekin geratzen naiz. Niretzat inportanteena da kontzientzia lasai izatea. Ahal dudana egin dudala jakitea. Eta hartutako erabakia momentu horretan uste nuen onena zela. Horrek dauka niretzat pisua.
Entusiasmoa transmititzen duzu egiten duzunagatik. Ilusioa mantentzen duzu?
Bai. Ilusio guztia mantentzen dut. Kargura iritsi nintzenean erronka bat zela pentsatu nuen eta ilusionatuta jarraitzen dut, hemen ditugun eztabaidak oso-oso interesgarriak iruditzen zaizkidalako eta gauza asko egin daitezkeelako. Niri horrek motibatu egiten nau. Gauzak egiteak, baina gauza posibleak. Askotan esaten dugu hori. MONDRAGON gauza posibleak egitea dela. Eta nik horretan sinisten dut asko. Horretan eta nik ordezkatzen dudan taldeak egin dezakeen lanean.
Etorkizunerako bideorria
Momentu honetan, aurtengo Kongresuan onartuko den lau urterako politika sozio-enpresariala definitzeko prozesuan ari zarete. Zer moduz doa?
Dibisioetatik aportazio asko jaso ditugu eta oso aberatsak eta hori oso modu positiboan baloratzen dugu, esan nahi du jendeak gogoa daukala aportatzeko. Hori guztia ordenatu eta ponentzia osatu behar dugu. Eta lan hori egiteko niri gustatzen zait imajinatzea lau ardatz dituen zuhaitz bat. Lehenengo ardatza sustraiak dira, hor lantzen dugu zer garen, hori sakondu nahi dugu. Bigarrena, enborra, gure negozioak dira. Hau proiektu enpresarial bat da eta enbor hori sendotu egin behar dugu. Hirugarrena, adarretatik ateratzen diren fruituak dira, kooperatiben eragin soziala. Eta hori egin behar dugu zabaldu, ireki. Eta laugarrena da guzti hori lotzen duena, interkooperazioa, hori da arbolaren izerdia edo bizigarria. Dena dago lotuta. Gero jakina lan handia egin behar da hori guztia garatzeko eta horrek badu bere zailtasuna baina gogo eta ilusio handia ikusten dut.
“Kooperatibetan etorkizuneko bisio bat daukagu, luzerako bisio bat. Gaur egungo gizartean hori garrantzitsua da, gehiegitan begiratzen zaiolako epe motzari soilik. Eta guretzat legatua da inportantea. Historiak eman duena eta historiak emango duena”
Batzuetan kostatzen da kanpotik ulertzea halako prozesuak luzeak direla eta denbora eskatzen dutela, astiro doazela.
Astiro doa, bai, eta beste modu batera izan zitekeen ejekutiboagoa baina lotura gehiago sortzen du honek. Nik badakit bazkide guztiengana iristea oso zaila dela baina saiatu beharko genuke organo guztietara, kooperatiba guztietara heltzen. Horrek sustraiak sakondu egiten ditu. Eta horrela sendotzen da enborra eta hobetzen dira fruituak. Prozesuak indartsuago egiten zaitu. Eta erabaki urjenteak hartu behar badira, hartzen dira, baina gauzak ondo pentsatuta badaude erabaki hobeak hartzen dira. Prozesua egokia izatea da inportantea, eta gero erabaki eta erabakiarekin, aurrera.
Horrek konbikzio handia ematen du. Erabatekoa. Azkenean, zuk defenditzen duzuna denok erabakitakoa da. Eta horrek indar handia ematen du. Ez da zurea bakarrik, denona da.
Dibisio askotan egon dira erreleboak azken urteoetan, aurten aldatuko da Kontseilu Orokorreko presidentea. Aro berri bat hasten da? Beti esaten dugu hemen inor ez dela ezinbestekoa eta azken urteotan errelebo asko egon dira, modu naturalean. Azkena presidentearena izan da, Iñigo Ucinen ordezkoaren izendapena, eta horrekin badago sentsazioa aro berri batena, bai. Edonola ere, nik presidentea aukeratzeko prozesua nabarmenduko nuke, kooperatiben ordezkari guztien parte hartzearekin egin delako, denboraz eta diskrezioz. Lehenengo identifikatu genituen aurrean genituen erronkak, gero pentsatu genuen ze profil zen egokiena horiek aurrera eramateko, egin genituen elkarrizketa asko profil bat erabakitzeko eta profil horren arabera aztertu genituen hautagai guztiak. Erabakiaren eguna polita izan zen, eta prozesua bera oso aberasgarria. Niretzat luxu bat izan da hain ezagutza desberdinak dituzten pertsonak entzun ahal izatea.
Gizartearen zerbitzura
Enpresetan inportanteena ematen dituzten zerbitzuak edo egiten dituzten produktuak izaten dira baina MONDRAGONen oinarrian ideiak eta baloreak ere badaude. Ze mailataraino dira garrantzitsuak?
Utopia bat izatea ezinbestekoa da. Bestela gelditzen zara noraezean. Nik benetan sinesten dut gure helburua gizarte hobe bat egitea dela. Ni oso kontziente naiz dauzkagun inperfekzioekin. Badakigu. Bizitza dago inperfekzioz eta mugez beteta. Baina uste dut inperfekzio guzti horiekin eta muga guzti horiekin, lortu nahi duguna benetakoa dela. Sustraiak izatea, gizartea hobetzea eta komunitate hobeak uztea gure ondoren datozenei. Guzti horretan benetan sinesten dugu. Gizarte hobe bat sortu dezakegula. Hori da gure utopia. Kontua da utopia hori lurreratu behar dela. Eta horretan saiatzen gara, gure inperfekzio guztiekin.
“Langileak gara, jabeak gara, baina bitartekoak gara. Gure helburua ez da guk eramatea hor sortzen duguna, baizik eta ondorengoei uztea. Hori da gure lanaren zentzua”
Kooperatibek jarraitzen dute izaten tresna eraginkor bat gizartea transformatzeko, Arizmendiarrietak sinesten zuen bezala.
Nik uste dut ezinbestekoak direla. Azkenean guk daukagu etorkizuneko bisio bat, luzerako bisio bat. Gaur egungo gizartean hori garrantzitsua da, gehiegitan begiratzen zaiolako epe motzari soilik. Eta guretzat legatua da inportantea. Historiak eman duena eta historiak emango duena.
Eta ideia hori, legatuarena, ez da zaharkitu.
Ez. Alderantziz. Guk kooperatibetan lan egiten dugu hurrengoentzat. Langileak gara, jabeak gara, baina bitartekoak gara. Gure helburua ez da guk eramatea hor sortzen duguna, baizik eta ondorengoei uztea. Hori da gure lanaren zentzua.
Legatuaz hitz egiten duzunean jasangarritasunaz ere hitz egiten duzu, etorkizunean jasangarriak diren enpresak sortzeaz.
Bai, eta jasangarriak ez bakarrik ingurumenaren ikuspuntutik baizik ere gizarte kohesioaren ikuspuntutik ere. Gizartean oso desberdintasun handiak ikusten dira eta aberastasunaren banaketa ere gure ardura izan behar da. Eta nik sinisten dut kooperatibak, eta MONDRAGON bereziki, horretarako bide bat direla. Lurraldetasunaren ikuspuntutik ere, gauza berbera esango nuke. Kooperatibak berton sustraituta daude eta tresna bat dira lurraldeen arteko oreka mantentzeko. Euskal Herrian sakabanatuta gaude eta hori mantentzea niretzat garrantzitsua da. Lan baldintza duinak, lanaren beraren kalitatea, eta guretzat ezinbestekoak diren beste hainbat gauza inportanteak dira gizartearentzat.
Nahiz eta kanpotik halako gauzak, itxierak eta bestelakoak, oso modu dramatikoan kontatu izan diren, kooperatibismoa bera zalantzatan jartzeraino.
Askotan irakurri ditut halako gauzak, adibidez, kooperatibismoa bera zalantzatan dagoela etabar. Eta ez dut ulertzen. Zer da zalantzatan dagoena? Kooperatibak existitu egiten direla? Gizartearentzat onura bat dakartela? Hori ez da inoiz zalantzan egon eta ez da inoiz zalantzan egongo. Eredua bera eta MONDRAGONek egin duena ezin da kuestionatu. Bere muga guztiekin, bai. Baina bere ekarpena eztabaidaezina da. Niri asko gustatzen zait Laboral Kutxaren lema, “bada beste modu bat” dioena. Horrela da, arlo finantzieroan eta beste arlo guztietan ere, guk hori frogatzen dugu, badela beste modu bat. Guk badakigu zeintzuk diren gure ahultasunak, etengabe hitz egiten dugu horiei buruz, baina eredua ez dago zalantzan.
“Sare bat osatu dugu, guztiontzat lagungarria dena, eta hori ez dago beste leku batzuetan. Niretzat horrek dauka balioa”
Utopia diozu eta badira gauza batzuk kanpotik ikusita benetan utopikoak direnak.
Zailtasunetan dauden enpresei laguntzea, adibidez. Nik hori Eikan ezagutu nuen. Ni Eikan hasi nintzenean kooperatiba momentu zail bat pasatzen ari zen, laguntza jaso zuen eta orain oso momentu onean dago. Hor ikusten duzu ze indar daukan elkarri laguntza emateak. Ezer eskatu gabe elkarri laguntzeak. Eskatzen dizuten gauza bakarra da, hurrengo batean, beste kooperatiba bat bada zailtasunetan dagoena, zuk laguntza ematea. Niretzat hori ikustea transformatiboa izan zen. Horrek ez du esan nahi beti hori gertatuko denik. Batzuetan enpresa batzuk ez dira bideragarriak izango eta itxi egin beharko dira, horrek dakarren guztiarekin maila humanoan. Hori ere bizitza da. Baina kasu horietan ere lana eskaintzeko ahalegina bermatuta dago. Hori da MONDRAGONek eskaintzen duena: lana egiten jarraitu ahal izateko aukera, kooperatiba batean edo bestean. Sare bat osatu dugu, guztiontzat lagungarria dena, eta hori ez dago beste leku batzuetan eta niretzat horrek dauka balioa, sare horrekin gauden gizartean onurarako elkarrekin egin dezakegun guztia.
“MONDRAGON lehiakorra irudikatzen dut”
Hain zuzen ere desberdina delako zaila da MONDRAGON zer den azaltzea. Kanpotik ulertzen dela uste duzu?
Ez. Eta hor autokritika egingo nuke. Behin entzun nion Enbeita bertsolariari euskera zaindu dugula kofre bat izango balitz bezala, gordeta izan dugula. Eta nik sentsazioa dut MONDRAGONekin hori gertatu zaigula. Daukagu proiektu altxor bat dena baina altxor bat ezin dugu gorde kofre batean. Ireki egin behar dugu. Eta kontatu. Euskaldunak orohar izan gara egitekoak eta ez esatekoak. Kontatzea ez da gure gauzarik gogokoena izan. Gauza txarrak kontatzea ez da atsegina. Eta onak kontatzeak harrokeria ematen du. Baina zuk ez baduzu kontatzen beste norbaitek kontatuko du eta guk daukaguna ez da eredu perfektua baina baditugu gauza on batzuk eta horiek kontatu egin behar ditugu kontatzea merezi dutelako.
“Seguru gaude, enpresa bezala zenbat eta lehiakorragoak izan, orduan eta gizarte hobeago bat egingo dugula gauden toki guztietan”
Duela gutxi MONDRAGON Foroan etorkizuneko MONDRAGON imajinatzeko ariketa egin zenuten. Zer atera zen?
Denok ikusten genuen etorkizunean MONDRAGON oso lehiakor bat, gizarte berdintasunean eta gizarte eraldaketan erreferentea den MONDRAGON bat. Ez besteekin lehiatzen delako, baizik eta bikaintasuna bilatzen duelako eta horretarako interkooperazioa ezinbesteko tresna da. Gure kooperatibak onenak izan behar dira egiten duten horretan, aitzindariak haien esparruetan. Teknologikoki puntakoak, enpresa jasangarriak, eta, era berean, gizarte berdinago eta justugoa bat egiten laguntzen duten enpresak. Enpresa lehiakor eta berritzaile bezala erreferenteak izan behar gara eta gizarte berdintasunaren alorrean, trakzionatzaileak. Zenbat eta enpresa bezala lehiakorragoak izan, seguru gaude gauden leku guztietan gizarte hobeago bat egiten lagunduko dugula.
“Epe motzera horrenbeste pentsatzen duen gizarte honetan, kooperatibek etorkizunera begira lan egiten dugu, hurrengo belaunaldiari utziko diogun ondarean pentsatuz”
Kontu pertsonalak
"Nire familia, nire herria, nire lagunak…. kontu horiek”
Zer zaletasun dituzu?
Gauza normalak egitea gustatzen zait. Afari lasaia etxean. Lagunartean egon. Nire familia, nire herria, kontu horiek.
Irakurlea zara?
Asko gustatzen zait irakurtzea, eta asko irakurtzen dut nire lanagatik, baina oraindik gogoa geratzen zait etxera iristean. Nobelak, suspensezko liburuak… denetarik.
Non deskonektatzen duzu?
Lanetik etxerako bidean.
Eta non kargatzen dituzu bateriak?
Lagunartean, familiarekin afaltzen. Nire etxean, nire herrian, paseatzen, hizketan, gauza normalak egiten.
Aukeratu kooperatiben alderdi positibo bat.
Epe motzera horrenbeste pentsatzen duen gizarte honetan, kooperatibek etorkizunera begira lan egiten dugu, hurrengo belaunaldiari utziko diogun ondarean pentsatuz.
Eta esango zeniguke hobetzeko aukera argi bat?
Uste dut gizartera gehiago zabaldu behar dugula. Altxor bat daukagu, eta ez dugu kutxa batean ezkutatu behar, erakutsi eta partekatu baizik.