Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
“FLLk gazteei transmititzen dizkien balioak ekarpen argia dira gizartearentzat”
Luis Díaz ingeniari ikertzailea da Ikerlanen, eta, aldi berean, robotika erraztaile Gasteizko Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxean dagoen Talentua Garatzeko Renzulli Zentroan. Hainbat urtez First Lego League Euskadin parte hartu ondoren, aurten lehen aldiz Arrasateko egoitzara gerturatuko da bertako talde bat. Díaz 10 eta 14 urte bitarteko 7 mutil eta bi neskaz osatua dagoen Legonautas taldeko entrenatzailea da, eta gurekin partekatu ditu martxoaren 4ari begira dituen sentsazioak.
Nondik datorkizu robotikarekiko interesa?
Neurri handi batean nire esparru profesionaletik, Ikerlanen robotika industriala da lan-eremu nagusietako baita, eta ni bertan ari naiz lanean. Bestalde, urte batzuk daramatzat Talentua Garatzeko Renzulli Zentroarekin elkarlanean. Hau jatorriz enpresa madrildarra da, Estatuko eta Latinoamerikako hainbat tokitan hedatu dena. Batez ere, ohiko baino adimen gaitasun handiagoa diagnostikatua duten haurrekin egiten du lan, eta premia bereziak dituzten haur horiek tratatzeko modua bilatzen du. ZTIM gaitasun handiko gazteak dira hauek, eta haiekin zuzenean lan egiteaz gain, ni bezalako irakasleak edo bideratzaileak prestatzen dituzte, esparru horretan hazkunde iraunkorra eskaini ahal izateko.
"Gizarteari ekarpenak egiten dizkioten balioak irakasten saiatzen gara"
Beraz, esan dezakegu First Lego League proiektua bat datorrela zentroaren balioekin.
Erabat. Bertako haurrei robotika gustatzen zaie, beraz, urtero parte hartzen dugu. Laugarren edizioa izango da aurtengoa, baina egia da lehena izango dela Arrasaten. Argi eta garbi bat dator ikastetxearen ZTIMhelburuekin, eta, gainera, ikasleek beraiek eskatzen dute bertan parte hartzea. Gainera, alderdi robotikoaz gain, pertsonalki asko gustatzen zait gazteei transmititzen dizkien lankidetza eta talde-lana bezalako balioengatik. Azkenean, gure lana ez da talentua garatzean bakarrik oinarritzen, gizarteari ekarpenak egiten dizkioten balioak irakasten saiatzen gara.
Eta aurten Superpowered erronkari ekingo diogu, nola saiatu zarete erantzuten?
Hasiera batean ideia ugari sortu zitzaizkien neska-mutilei, eta bozketa bat egin behar izan zuten baten alde egiteko. Azkenik, elektrizitatearen prezioen igoeraren ondorioak pairatzen dituzten baliabide gutxiko familiei laguntzen saiatzea erabaki zuten. Horretarako, proiektu bat landu da: bateria-sistema bat egitea, ibilgailu baten bateria birziklatu batetik abiatuta, gordailu baten moduan funtzionatuko duena. Bateria entxufagarri hori prezio tarifa baxuko orduetan kargatuko litzateke, batez ere gauetan, eta metatutako energia ordu garestienetan erabili. Horrela, familia horiek energia kontsumitu ahal izango lukete ordu oro, prezio baxuko tarifa finko bat balute bezala.
Horrez gain, robot bat ere diseinatu duzue.
Hori da. Lego robot komertzial batetik abiatu gara, Spike Prime modelotik, eta jokoak planteatzen dituen erronkak gainditzeko beharrezkotzat jo diren hainbat osagarri gehitu dizkiogu.
"Baliabide gutxiko familiei laguntzeko energia sistema bat aurkeztuko dugu FLL Euskadi-MONDRAGONen"
Data gero eta hurbilago dagoen honetan, zeintzuk dira entrenatzaile batek taldeari ematen dizkion aholkuak?
Nire leloetako bat da gutxienekoa irakasteko gai izan behar dugula, ikasleek ahalik eta gehien ikas dezaten, beraz, guretzat lan autonomoak balio handia du. Hala eta guztiz ere, proiektuen metodologiari, bete beharreko helburuei edo erabakiak hartzeari buruzko hainbat argibide ematen saiatzen gara, baina, ondoren, proiektuak gauzatzeko askatasun osoa izaten dute beti. Ez ditugu inoiz konponbidean gidatuko, konponbidera iristeko tresnetan baizik.