“Fagor Healthcare software bati konektatutako makina bat baino gehiago da”

2018an Fagor Healthcare-ra batu zenetik, Beatriz Leciñanak hainbat erronka hartu ditu bere gain. Orain, zuzendari nagusi gisa, erronka berri bati ekingo dio helburu argi batekin: pazienteen atxikimendu terapeutikoa eta bizi kalitatea hobetzeko eraberritzen jarraitzea.
Card image cap
2025/03/18

Teknologiaren aldeko apustu sendoarekin, Fagor Healthcare-ek nazioartean hedatzen jarraitzeaz gain, farmazia komunitarioarekiko konpromisoa indartzen ari da. Beatriz Leciñana elkarrizketatu du TU Lankidek aldizkariaren azken zenbakian.

2018an, Fagor Healthcare-ra batu zinen esportazio kudeatzaile gisa, eta, orain, zuzendari nagusia zara Salmenta eta Marketin arduradun lanpostua utzi gabe. Nolakoa izan da zure bilakaera enpresaren barruan?

Taldera batu nintzenetik esportazio-arloari bultzada bat emateko asmoa izan nuen. Denbora pasa ahala merkataritza eta marketinaren ardura hartu nuen, eta, duela hilabete batzuetatik, baita Zuzendaritza Nagusiarena ere. Erronka garrantzitsua da, baina ilusioz eta guztia errazagoa egiten duen talde zoragarri baten babesarekin egiten diot aurre.

Karguan sei hilabete eman ondoren, zein da etapa berri honi buruz egiten duzun balantzea?

Balantzea positiboa da. Fagor Healthcare hazkunde betean dagoen proiektu berritzailea da, bai pertsonengan, bai merkatu eta produktuetan. Erronka handia da, baina emaitza onak lortzen ari gara eta ikaskuntza aberasgarria izaten ari da.

Zeintzuk dira Fagor Healthcarek 2025ean dituen helburu nagusiak?

Gure misioa argia da oraindik: pazienteen bizi-kalitatea hobetzea, arreta berezia jarriz tratamendu farmakoterapeutikoa atxikitzean. 2025ean, konpromiso hori indartzen jarraituko dugu, ez bakarrik pazienteekin, baita haien zaintzan esku hartzen duten osasun-profesionalekin ere. 12 urte daramatzagu nazioan zein nazioartean hazten, eta 2025a funtsezkoa da gure esportazio-estrategiarako. Erronka berriak ezarri ditugu nazioarteko merkatuetan, eta ikuspegi berritzaileen aldeko apustua egiten ari gara gure presentzia globala indartzeko.

“Gure konpromisoa farmazialarien lana erraztuko duten konponbideak eskainiz berritzen jarraitzea da, tratamenduen kontrola hobetuz eta pazienteen bizi-kalitatea bermatuz”

Zer hedapen eta posizionamendu-estrategia erabiltzen ari zarete zuen zerbitzuaren ezagutza zabaltzeko?

Urteak daramatzagu Espainiako eta Portugalgo farmazietan presentzia nabarmenarekin. Mediterraneoko farmazia komunitarioan dugun esperientziak esparru horretan hazten jarraitzera bultzatzen gaitu, eta, horretarako, estrategia digitalak eta presentzialak uztartze ditugu.

Gaur egungo estrategiez gain, zeintzuk dira prozesu honetako ikuspegi berritzaileak edo teknologia berriak?

Gure produktua %100 berritzailea izan da sortu zenetik. Medikazioa hartzeko sistema tradizionalak eboluzionatzen saiatzen gara, eta horrek mentalitate aldaketa bat ere badakar gizartean.

Teknologia gehitua duen gailu berri bat garatu dugu pazienteek tratamenduarekiko duten atxikidura are gehiago hobetzeko. Berrikuntza ezinbesteko euskarria da guretzat.

Zein beharrei erantzuten die software horrek?

Zerbitzu berritzaile bat garatu dugu eta honek farmazietako kudeaketa-software baten bidez funtsezko behar bati erantzuten dio: pazienteei medikazioa modu seguru eta eraginkorrean antolatzen laguntzea.

Medical Dispenser-en fabrikatzaileak gara. Hau, medikamentuak Dosifikatzeko Zerbitzu Pertsonalizatua prestatzeko ekipo erdi-automatikoa da.

Tamaina txikiko makina bat da eta farmaziei asteko blisterrak prestatzeko aukera ematen die paziente bakoitzaren medikazio pertsonalizatuarekin. Makinak haien tratamenduaren jarraipen egokia bermatzen du farmaziako profesional baten bidez. Sistema segurua, erraza eta fidagarria da. Farmazialariak funtsezko eginkizuna du prozesu honetan. Sendagaiak behar bezala emateaz gain, medikazioarekin lotutako arazoak ere detektatzen ditu, hala nola, sendagaien arteko bikoiztasunak edo bateraezintasunak.

Gure zerbitzua pilula-ontzi soil batetik haratago doa: pazientearen betetze terapeutikoa bermatzen duen irtenbide profesional bat da. Lasaitasuna ematen die pazienteari eta haren senide edo zaintzaileei. Medikazioaren kudeaketa farmazialari baten esku uzteak tratamendu egokia eta atxikiduraren gaineko kontrol handiagoa bermatzea da, pazienteen bizi-kalitatea hobetzen zuzenean lagunduz.

Integrazio teknologikoa farmazien sektorea eraldatzen ari da? Hala bada, nola?

Automatizazioak eta teknologien erabilerak hornikuntza- katearen kudeaketa optimizatu dute, kostuak murriztuz eta trazabilitatea hobetuz. Erregistro farmazeutikoen digitalizazioak osasungintzako profesionalen arteko komunikazioa errazteaz gain tratamenduen segurtasun handiagoa bermatzen du. Funtsezkoa da pazientearen segurtasunerako eta tratamenduen kudeaketarako. Azken batean, farmazia-sektoreko integrazio teknologikoak, prozesuak eraginkorragoak egiteaz gain, pazientearengana gehiago bideratzen ditu.

Zein erronkari egin behar dio aurre Fagor Healthcarek datozen urteetan?

Oso araututa dagoen industria batean gaude, eta kalitate eta segurtasun arau zorrotzak bete behar ditugu. Gure erronka exijentzia-maila horri erantzutea eta merkatuaren aldaketetara eta pazienteen beharretara azkar egokitzea da. Guzti hori, errentagarritasuna ahaztu gabe.

Gure erronka nagusietako bat atxikimendu terapeutikoa hobetzen jarraitzea da, alderdi hori funtsezkoa baita pazienteen osasunerako eta osasun-sistemaren iraunkortasunerako. Horretarako, CircuTrack garatu dugu, pazienteak beraien medikazioa hartzeaz ohartarazteko eta atxikimenduaren jarraipena egiteko teknologia integratzen duen gailua.

Gure konpromisoa farmazialarien lana erraztuko duten konponbideak eskainiz berritzen jarraitzea da, tratamenduen kontrola hobetuz eta pazienteen bizi-kalitatea bermatuz.

Osasun eta ongizatean espezialistak.