“Erakundeen ardura da langileen osasun mentalean eragina duten faktoreak identifikatzea eta hobetzea”

Atzokoan ospatu zen Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Egunaren harira, Osarten-eko Zuzendaritza Kontseiluko kideekin hitz egiteko aukera izan dugu, osasunaz eta prebentzioaz aritu gara.
Card image cap
Zigor Artamendi, zuzendaritza orokorra; Cristina Iruretagoyena, medikuntza; Ana Vega, formazioa eta aholkularitza; Marisa Seco, laboratorioa; eta Unai Berreteaga, prebentzio teknikoa.
2025/04/29

Ingurune kooperatiboan, non pertsonak enpresa-proiektuaren erdigunea diren, MONDRAGON Health-en parte den Osarten arriskuak prebenitzeko zerbitzu bat baino gehiago da: ongizatea, osasuna eta segurtasunaren aldeko apustu partekatua da, aurrerapenaren zutabe gisa. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Egunaren harira, Zuzendaritza Kontseiluari egindako elkarrizketa honek leiho bat irekitzen dio laneko prebentzioaren ikuspegi ausart eta gizatiar bati, non datuek ez duten enpatia itzaltzen, eta lankidetza tresna eraldatzaile bihurtzen den.

Iraultza hau barrutik gidatzen ari direnekin hitz egin dugu, gaurko erronkei aurre eginez: ezbehar-tasaren bilakaeratik osasun mentalaren inpakturaino, langileen funtsezko rola eta talentua erakartzeko erronka ere izan ditugu hizpide. Haien testigantzaren bidez, ulertu dugu osasunean eta segurtasunean aurrera egitea ez dela soilik arauak betetzea, baizik eta antolaketa-kultura kontzienteagoak, erresilienteagoak eta bidezkoagoak eraikitzea. Azken batean, lana norbera eta ingurukoak zaintzeko espazio gisa birpentsatzeko gonbidapena da, aldaketaren benetako eragile gisa.

Laneko segurtasunean eta osasunean aurrera egin dugu, langileen osasunari egindako kalteak murriztuz. Ezbehar-tasaren adierazleak Euskadiko adierazle orokorren antzera hobetu dira. Izan ere, industria-sektoreari erreparatzen badiogu — gure enpresa-taldeko langileen % 75ek egiten du lan sektore horretan —, baja eragin duten istripuen tasa Euskadiko batez bestekoaren erdia da: 1.000 langileko 35, 66ren aldean. Baina hori nahikoa den edo pozik egon gaitezkeen galdetzen badiogu geure buruari, erantzuna ezezkoa da, batez ere istripu horietako batzuk larriak izan direnean eta atzera bueltarik ez duten ondorioak izan dituztenean. Oraindik asko dago egiteko, azken 20-25 urteetan aurreratutakoari baliorik kendu gabe.

Osasunarekin loturiko kalteek erakundeen lehiakortasuna oztopatzen dute. Erakundean segurtasun-, osasun- eta ongizate-kultura positiboa sustatzeak lehiakortasunean aurrera egitea ahalbidetzen du, epe laburreko erabakiak lehenesten dituzten “bidezidorrak” saihestuz, hala nola “ekoizpena kosta ahala kosta atera behar da” edo antzerako ideiak. Gaur egun, pertsonek gero eta gehiago baloratzen dute enpleguaren kalitatea. Ongizatea sortzen duten lan-ingurune seguru eta osasungarrien kudeaketa funtsezko faktore bihurtu da absentismoa murrizteko eta talentua fidelizatzeko, eta hori, zalantzarik gabe, oso preziatua da erakundeentzat. Segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen kultura garatzea da, gure ustez, aurrean duten erronka nagusia. Erronka gehigarri bat da, halaber, lanpostua egokitzea langileen gaitasunetara -edo ezgaitasunetara-, bai eta baja luzeen osteko itzulera kudeatzea ere, eta horrek aldaketak egitea dakar erakundeetan eta langileak kudeatzeko praktiketan.

"Akats ohikoenetako bat da pentsatzea segurtasunarekin eta osasunarekin lotutako zailtasun ororen kudeaketa prebentzio-zerbitzuaren eskumen esklusiboa dela" 

Akats ohikoenetako bat da segurtasunarekin eta osasunarekin lotutako zailtasun ororen kudeaketa prebentzio-zerbitzuaren eskumen esklusiboa dela pentsatzea. “Prebentzioa prebentzio-teknikarien kontua da” edo “lan-osasuna sendatzeko dago” bezalako esaldiak entzuten ditugunean, jakin beharko genuke uste hori oso mugatzailea dela erakundeak bere gain hartu beharko lukeenari dagokionez. Pertsona bakoitzak, bere roletik eta erantzukizunetik, modu integratuan eta langileen parte-hartzearekin, bere egin behar ditu segurtasuna eta osasuna.

Pertsonek ezagutzen dituzte ondoen beren lanpostuak, eta, beraz, horiek dira arrisku-egoerak murrizteko edo kontrolatzeko ekarpen handiena egin dezaketenak. Entzuteko eta parte hartzeko kanalak sustatzea oso garrantzitsua da hobetu nahi bada. Tresna horiekin, gainera, konfiantza sortzen dugu, eta segurtasunari eta osasunari balioa ematen diegu. Hala, baliteke pertsonek beren burua gehiago zaintzea eta erantzukizun handiagoa izatea beren lanpostuetan prebentzio-neurriak aplikatzerakoan.

Osartenen gogor lan egin dugu osasun mentalari buruzko ezagutzaren kontzientziazioan eta transmisioan, teknikarientzako eta medikuentzako gidak eta prozedurak landuz, eduki orokorrak zabalduz eta laneko psikosoziologiari buruzko tailer eta jardunaldi espezifikoak antolatuz. Gainera, arrisku psikosozialak ebaluatzeko tresna propio bat garatu dugu, gure ingurune kooperatibora egokitua, faktore horiek dagoeneko ia 50 erakundetan eta 11.500 pertsonatan monitorizatzeko aukera ematen diguna. Ebaluazioen ondoren prebentzio-neurrien diseinua ere indartu dugu, eta, horrela, erresistentzia nagusietako bat konpondu dugu: gerora zer egin ez jakitea. Orain enpresek prozesu osoa ezagutzen dute, diagnostikotik Ekintza Planeraino, eta horrek antsietatea murrizten du. Prozesu horretan, lehen, bigarren eta hirugarren mailako prebentzio-neurriak lantzen dira, zailtasunak dituzten pertsonentzako laguntza psikologikoko zerbitzuak barne, gero eta gehiago eskatzen direnak.

"Lan-eremutik, erakundeen erantzukizuna da, erakunde gisa, osasun mental on batean eragina duten faktoreak identifikatzea, aztertzea eta hobetzea"

Enpresetan gero eta kezka handiagoa sumatzen ari gara gai honen inguruan, osasun mentala baita gaur egun absentismoaren kausa nagusietako bat. Pertsona bakoitzaren osasun mentalean eragina dute laneko faktoreek zein kanpokoek, baina, lan-eremutik, erakundeen erantzukizuna da, erakunde gisa, osasun mental on batean eragina duten faktoreak identifikatzea, aztertzea eta hobetzea.

Arrisku psikosozialak eta horien prebentzioa beste edozein lan-arriskuren zorroztasun berarekin tratatu behar ditugu. Horregatik, lehen urratsa arrisku psikosozialen ebaluazioa egitea da. Arlo honetako ezagutza eta tresnak eskaintzeaz gain, gure ardura nagusia da aztertzea nola eragiten duen gure erakundeak langileen osasun mentalean.

Hala da, gure sektorean ere ikusten ari gara, gero eta zailagoa baita erakundeei aholkuak emateko talentu teknikoa edo sanitarioa erakartzea. Prebentzioan eta lan-osasunean lan egiteak gero eta “erakargarritasun” gutxiago du, bereziki Medikuntzan, non lan-osasuna “absente handia” den.

Erakundeetan osasuna sustatzeko estrategia beti izango da apustu egokia. Enpresa bakoitzaren balio-proposamenaren beste elementu batzuk osatzen ditu, bere enpresa-proiektuarekin eta xedearekin lerrokatuz, eta talentua erakartzea eta leialtzea errazten du. Ez dugu uste faktore erabakigarria izango denik, baina gizartearen bilakaerarekin koherentea dela uste dugu, eta, azkenean, oinarrizko baldintza bihurtuko dela, alderdi “higienikoa” edo gutxienekoa.

Gero eta teknologikoagoa den mundu batean bizi garen arren, zoritxarrez oraindik ere lan-istripuak izaten jarraitzen dugu maila desberdineko erorketengatik, makinak zapaltzeagatik, harrapatzeagatik, traktoreak iraultzeagatik, zuhaitzak erortzeagatik eta abarrengatik. Arrisku horiek leuntzeko, irudiak ezagutzeko teknologiak, errealitate birtuala edo areagotua, prestakuntzarako gamifikazioa eta datuen analitika aurreratua bezalako teknologiek, arrisku fisiko, kimiko, ergonomiko eta segurtasuneko faktoreen etengabeko monitorizazioarekin batera, lidergoan dauden pertsonek duten “in vigilando” erantzukizuna erraztu dezakete.

Gainera, osasunari eragindako kalteen prebentzioa gero eta gehiago doitzea, genero-ikuspegia eta kultura- eta belaunaldi-aniztasuna kontuan hartuta, “LAP doitasunerantz” aurrera egiteko gakoa da. Gizarte-erronkak ere, klima-aldaketa kasu, araudiak eta portaerak aldatzen ari dira, gaixotasun berriak dakartzatelako, bereziki infekziosoak, batez ere lehen sektoreari eta zerbitzuei eragiten dietenak.

Lan arriskuen prebentziorako zerbitzu komuna