Ekintzailetasuna, dibertsifikazioa eta enpresa-jarduera berrien sorrera sustatzeko MONDRAGON Korporazioaren plataforma korporatiboa gara.
Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
“Ekintzailetzan, tarte txikia egon daiteke ateraldi batetik ideia bikain batera”
Santik txikitatik jokatzen du mahai-tenisean. Eskolan zaletu zen – Larramendi Ikastetxea –, hortan trebatu zen eta hainbat aldiz jokatu zuen Gipuzkoako eta Espainiako eskolarteko liga. Arrakastaz, gainera. 59 urterekin zaletasunarekin jarraitzen du, astean pare bat egunetan entrenatzen du (ordu eta erdi) eta beteranoen kategorian jokatzen du. Eta, gainera, gazteak prestatzen aritzen da.
Bere ibilbide profesionalak nolabaiteko antzekotasuna du bere kirol-ibilbidearekin. Psikologo ikasketaz, kooperatiben munduan Fagor Ederlanen hasi zen, lehenik Personal sailean eta gero, mekanizatuen lantegiko Fabrikazio buru bezala; handik Tafallara igaro zen, Pertsonal sailean hasi zen han ere eta gero Kalitate zuzendari bezala jardun zuen; "nazioarteko liga" bat jokatu zuen Alcoa multinazional amerikarrean, Europako fabriketarako Kalitate eta Prozesuen zuzendari gisa. Ondoren, Embegako zuzendari izan zen zazpi urtez, Saludnovako kudeatzaile hiru urtez – osasun-startup bat –, Comartheko kudeatzaile – huts egin zuen auto elektrikoen arloko abentura – eta MONDRAGONeko sustapen- zentroan 2017az geroztik, negozio berrien sustatzaile gisa, kooperatibei eta dibisioei proiektu berriak sortzen laguntzeko lan zailean sartuta.
Santi, sei urte promozioan buru-belarri sartuta. Nola daramazu?
Ongi, ikasten eta laguntzen saiatzen. Ekintzailetzaren eta berrikuntza irekiaren bidez egiten dugu, negozio berriak garatuz balioa sortzeko, barneko eta/edo kanpoko eragileekin lankidetzan, ideiak edo proiektu potentzialak sortzeko.
Egia esan, MONDRAGONek berrikuntza irekia egin du beti. Gure bizitza osoko lankidetza da. Alde horretatik aitzindariak izan gara.
“Korporazioan urte batzuk eramateak eta jendea ezagutzeak asko errazten du gure lana”
Sustapena, gaur
Erraza al da gaur egun sustatzea?
Aldatzen ari da azkenaldian. Oso fokalizatuta egon gara gure negozioetan, eta ekiteko orduan gure merkatu hurbilenarekin lotutako jardueretan egiten dugu, gure kontrol-merkatuetatik eta teknologiatik kanpo gauzak sortzea oso zaila baita. Uste dut bilakaera positiboa ematen ari dela. Gaur egun, dibertsifikatzeak nahitaez dakar beste batzuekin lankidetzan aritzea.
Zein da zuen eginbeharra?
Kooperatiba batek ekin/dibertsifikatu nahi duenean, guk bere jarduna programatzen laguntzen diogu, hainbat tresnarekin. Ideia eraikitzen laguntzen diogu, eta, hala eskatzen badigute, haren garapenean parte hartzen dugu, baita geroko balizko aliantzen diseinuan ere. Beste gauza bat ere egiten dugu: merkatuaren edo kooperatiben teknologien intereseko eremuak identifikatu ondoren, monitorizatuta daukagun startup ekosistemara jotzen dugu, haien artean lekua izan dezaketenak identifikatzeko eta match-a errazteko.
Sustapenaren Tinder-a...
Horrelako zerbait. Barneko venture builder moduko bat gara. Horrez gain, kooperatibaren eta startuparen artean zer harreman mota finkatu adosten saiatzen gara. Kooperatibentzako zerbitzua eskaintzen dugu, batez ere.
“MONDRAGONek beti egin du berrikuntza irekia. Gure bizitza osoko lankidetza da. Alde horretatik, aitzindariak izan gara”
Adibide argigarriren bat izango duzu.
Shakers, adibidez. Freelance (profesional autonomoak) digitalen lan-plataforma bat da, tradizionalaz bestelako kontratazio-eredu berri bat. Gainera, gaur egun kontratatzeko zailak diren profiletan (marketin digitala, softwarea, zibersegurtasuna, diseinua, etab.). LKS startupean sartu da eta bere kontseiluan parte hartzen du, behatzaile gisa dago denbora batez, eta Euskadin eta Nafarroan eredu horren banatzaile izateko akordio batera iritsi da, oso ondo funtzionatzen ari baita. Hau da, lankidetza horrek aukera ematen dio LKSri bezeroei lehen eskaintzen ez zituen beste zerbitzu mota batzuk eskaintzeko, eta hori hutsetik eraikitzea zailagoa da.
Interesgarria benetan!
Eta aldaketa kultural handia dakar, lehen gehiengoa eta aginte-makila izatea baitzen pentsamoldea. Startupen kasuan, orain gehiago da enpresaren kapitalean portzentaje bat izatea, egotea, ikastea, parte hartzea eta norbere negoziorako balioa sortzea, irtetea, erostea eta abar erabaki aurretik.
Egia da startupak etorkizuneko negozioen hasierako enbrioiak direla, eta zaila dela ikustea zer ibilbide izango duten, baina aurreratuago daudenean garestiagoak izan ohi dira. Beraz, ikuspegi argia izan behar duzu nora zoazen ikusteko, eta ea interesgarria izan dakizukeen balioa emateko eta atzemateko, esploratzeko, teknologia berri bat txertatzeko, merkatu berri batean sartzeko, etab.
“Startupak etorkizuneko negozioen hasierako enbrioiak dira, eta zaila da ikustea zer ibilbide izango duten, baina aurreratuago daudenean garestiak dira”
Laguntza-zerbitzua
Bideratzaileok funtsezko zeregina izango duzue aukera horretan, ezta?
Egokitu dakizkiekeen gauzak bilatu behar ditugu. Asko ikusten ditugu, galbahea pasatzen dugu, batzuk Industria Kontseilura eramaten ditugu eta gure negozioetarako interesgarrienetan inbertitzen da. Sustapen Zentrora urtean zehar startup asko iristen zaizkigu, eta horietatik %10-%20 inguru ikusten ditugu. Horietatik, kooperatibentzat interes berezia izan dezaketen 8/10 eramaten ditugu Industria Kontseilura. 2018. urteaz geroztik, kooperatibek egindako inbertsio zuzenez gain, eta Mondragonen Sustapenerako funtsaren bidez, 9 milioi euro inguru inbertitu ditugu 15 startupetan. Batzuk estrategikotzat jotako esparruetan esploratzekoak, beste batzuk kooperatibei mesede egiten dieten negozio-aliantzak barne hartzen dituztenak, batzuk erosiko direnak eta beste batzuk egon behar dutenak, dituen bazkideak indartsuak direlako eta haiengandik hurbil egotea interesatzen zaiolako. Ez da bakarrik negozioa bereganatzeko eta kooperatiba bihurtzeko inbertitzen –hori ere gerta daiteke–, baizik eta inbertitu, ekarpenak egin eta balioa atzeman dezaket, eta nire negozioari balioa emateko hainbat aukera baloratu... Pentsamoldea aldatzea da gakoa.
Bereziki pozik zauden proiekturik?
Proiektuak berak baino gehiago, poztasun handiagoa ematen du kooperatiba eta/edo dibisio batekin kolaboratu ondoren, berriro deitzea, eraiki, ekin eta lantaldean sartu nahi duten zerbaitetan laguntzeko.
Psikologo izateak lagundu dizu?
Bai, asko. Ez naiz inoiz profesionalki horretan aritu, baina beti esaten dut psikologia gauza guztietan dagoela, pertsonen arteko harreman guztietan eta, jakina, baita negozioetan ere. Korporazioan urte batzuk eramateak eta jendea ezagutzeak asko errazten du gure lana. Badakit nork duen konfiantza nik esango diodanean, eta nork ez.