“Drag komunitateak euskal gizarteari molde berriak erakutsi nahi dizkio”

Albina Stardust euskal drag-en komunitateko kidea da eta drag artista ez bitarra. Euskal drag komunitatea handia da eta bertako kideek lankidetzan askotariko ekintzak egiten dituzte.
Card image cap
2024/04/30

Drag komunitateak euskal gizarteari molde berriak erakutsi nahi dizkio. Kolektiboaren helburua da jendea askatzea; pertsonak esperimentatzera animatzea, eta tradizioak eraberritu, moldatu eta birsortzea.

Zer da drag-a?

Drag-a zer den ulertu egin behar da. Izan ere, guztiok ulertu izan dugu drag-a showa egitea dela, edota emakumez janztea. Ni ez nengoen guztiz eroso ideia horrekin eta, denborarekin ulertu nuen drag-a ez dela hori, baizik eta dela generoarekin esperimentatzea, jolastea eta genero adierazpen molde berriak sortzea.

Noiztik egiten duzu drag artea?

Ni drag jaio nintzen, nire ustez drag jaiotzen gara. Gero, nerabezaro garaian, gizartearen parte sentitzeko, hetero normatiboak izan behar dugu eta, horren ondorioz, pixka bat alde batera utzi nuen drag-a. Baina, 18 urterekin, Gasteizera joan nintzen ikastera eta, garai hartan, Gasteiz hiri berri bat zen niretzat. Bertan hasi nintzen makillajearekin eta estetikarekin esperimentatzen, Divine bezalako erreferenteak ikusten nituen… Bertan ohartu nintzen hori gustuko nuela.

Nolakoa da euskal drag-en komunitatea?

Euskal drag komunitatea handia da, gero eta handiagoa. Alde batetik, askotarikoa da, izan ere, gure artean oso ezberdinak gara. Gainera, hainbat belaunaldik osatzen dugu komunitatea. Uste dut komunitateko gauzarik interesgarriena askotarikoak garela dela. Bestalde, euskal drag komunitatean saiatzen gara gauzak guztion artean egiten, adibidez, bildu berri gara Euskal Herri osoko hainbat drag eta kilometro bat hartu dugu Korrika 2024an.

"Gaur egun, talde oso handia gara, eta saiatzen gara ekintzak elkarrekin egin, eta gure artean laguntzen."

Nola bizi duzu kooperatibismoa drag komunitatearen barruan?

Drag munduan, artisten munduan bezala, borroka handia egin behar dugu kanpotik etortzen zaizkigun kritikengatik. Horregatik, egia da, drag artiston artean erlazio oso ona izan dugula hasiera-hasieratik, batak bestearen aurka egin beharrean. Nire ustez, politena izan da gure artean erlazio sozial bat sortzea lankidetzan hasi aurretik; elkar ezagutu, eta disfrutatuz. Lankidetzarekin jarraituz, Iruñeako bi trabestik osaturiko Maruxak Taldeak Lumak jaialdia sortu zuen, Euskal Herriko lehenengo jaialdi trabestia. Horri esker, drag ugari hasi ziren biltzen, lankidetzan, elkarri laguntzeko helburuarekin sare bat osatuz. Gaur egun, talde oso handia gara, eta saiatzen gara ekintzak elkarrekin egin, eta gure artean laguntzen.

"Euskal Herrian badakigu tradizioa mantentzea oso garrantzitsua dela, izan ere, zapalduak izan gara historia osoan zehar. Baina, ulertu behar dugu tradizioak mantentzeko, egungo gizartera moldatu behar garela."

Nola deskribatuko zenuke drag arteak gaur egun Euskal Kulturan edo euskal gizartean duen eragina?

Euskal Herria ez da modernoa, ez da uste dugun bezain irekia, ez eta askotarikoa ere. Hori bai, beste leku batzuekin alderatzen badugu, luxu bat da. Esango nuke euskal kulturan birsortze bat izaten ari dela; bai musika aldetik, baita zinema aldetik ere, edota bertsolaritza munduan. Euskal Herrian badakigu tradizioa mantentzea oso garrantzitsua dela, izan ere, zapalduak izan gara historia osoan zehar. Baina, ulertu behar dugu tradizioak mantentzeko, egungo gizartera moldatu behar garela. Nire ustez, beste arte batzuk egiten duten bezala, drag-ok ekarpen hori egiten diogu euskal kulturari. Generoarekiko dugun tradizioa berritu egiten dugu. Horrekin ez dugu esan nahi tradizioek desagertu behar dutenik, ezta gutxiagorik ere. Gure helburua da gizarteari molde berriak erakustea, berritzea, eta, azken finean, jendea askatzea; esperimentatzera animatzea, gauza berriak probatzera, edota tradizioak birsortzera.

Azken hilabeteetan proiektu askotan ikusi zaitugu, horien artean, Goizerarte abestia atera duzu, Kai Nakai abeslariarekin batera. Nola sortu zen kolaborazio hori?

Niretzat amets bat zen Kai Nakai-rekin proiekturen bat egitea, izan ere, nik lehenagotik jarraitzen nuen, eta pilo bat gustatzen zait egiten duen lana. Hain zuzen ere, Kai Nakai ere tradizioa berritzen eta moldatzen ari da. Emakume batek hori egiteak indar handia duela uste dut, eta abesti hau egitea proposatu zidanean, zalantzarik gabe, baietz esan nion. Guaracha generoko abesti bat da Goizararte, eta inoiz ez nuke abesti hau bakarrik egingo. Bestalde, abestia egiten hasi ginenean, abestian zeri buruz hitz egingo genuen hasi ginen pentsatzen, eta, azkenean, erabaki genuen mezu handirik ez ematea, azken finean, gu gara mezua.

Flop Kultura podcasta ere egiten duzu. Nola sortu da hori?

Euskaraz ez daude horrenbeste podcast, eta nire bikotea, Divina Comedia, eta biok, aspaldi egon gara podcast bat egitea pentsatzen. Halako batean, bat-batean Euskalerria Irratia-tik deitu ziguten esanez askatasun osoarekin nahi genuen gaiaren inguruan hitz egiteko aukera izango genuela saioan. Oso pozik gaude Flop Kultura podcastarekin, azkenean, mamarracheo-a edo drag-on mundua Euskal Herrira ekartzeko modu bat izan da.

"Ulertu behar dugu komunitate bat garela, gizarte bat garela, eta guztionak direla borroka guztiak."

Aurreratu dezakezu proiekturen bat eskuartean baduzu edo etorkizuneko proiektuei buruz esan ahal diguzu zerbait?

Alde batetik, musika berria dator. Primizian kontatu ahal dizut Harribitxi izena duen bikote musikal batekin remix bat egiten ari naizela. Euskal kulturako instrumentuekin remix bat egin dugu, ttunttuna eta beste instrumentu batzuk erabilita. Hortan gabiltza lanean orain eta hainbat eszenatokitan ere ikusiko nauzuela aurreratu dezaket.

Badago mezu edo balioren bat gizarteari helarazi nahi diezuna?

Nire mezua da jendea animatzea burua irekitzera eta borroka egitera. Egunero egin behar dugu borroka, leku guztiotan, guztiok. Ulertu behar dugu komunitate bat garela, gizarte bat garela, eta guztionak direla borroka guztiak. Askotan esaten didate, zu aktibista zara? Eta nik erantzuten dut: nire existentzia propioa da aktibismoa.