Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
“Dimentsio txikiko enpresak desagertzen ari diren bitartean, handiagoak kontsolidatzen ari gara"
Bi aste igaro dira Makina Erremintaren Bienalak ateak itxi zituenetik eta astebete pasatu da Soraluce Summit 2024 egin denetik. Bi hitzordu garrantzitsu izan dira Danobatgroup-en parte den Soraluce kooperatibarentzat eta horren guztiaren inguruan aritu gara kooperatibako zuzendari nagusi den Rafa Idigorasekin.
Une konplexua bizi dute merkatuek, sektore ia guztiek, trantsizio une amaiezina dela esan daiteke, inork ez baitaki norantz egingo duen. Soralucek ere antzeko egoera bizi du; merkatuaren gorabeherak ulertu nahian, geopolitika interpretatu guran eta teknologia zein berrikuntzaren aldeko apustu sendoa eginez. Instalazio berriak inauguratu berri dituzte, modernoak, punta puntako teknologiarekin hornituta, beti ere, hazkundean jarraitzeko helburuarekin eta lidergoan sendotzeko bisioarekin.
Produktu zein zerbitzuetan bikaintasunera iritsi, teknologian inbertitu, berrikuntzaren kulturan sakondu eta sektorearen ezagutza sendotu behar ditugu. Trantsizio egokiaren azken geltokia izango litzateke Soraluce handi eta teknologiko bat eraikitzea
2025etik 2028ra bitarteko plan estrategikoa burutzen zabiltzate. Zeintzuk izango dira hurrengo lau urteko gakoak?
Momentu berezia bizi dugu, merkatua aldatzen ari da, adimen artifiziala aktore printzipal bilakatu da, geopolitikan ez dago asmatzerik, aldaketa sozialak etengabekoak dira eta industrian, dimentsio txikiko enpresak desagertzen ari diren bitartean, handiagoak kontsolidatzen ari gara. Hau guztia aintzat hartuta Soraluce Plan Estrategikoa burutzen ari da, 2025-2028 epealdirako. Momentua ulertzea, ondo interpretatzea eta asmatzea izango da gakoa.
Dimentsioa garrantzitsua da. Danobatgroup-en kasuan, aldatu zarete, ezta?
2008an 13 kooperatiba ginen eta 2024an lau gara. Kooperatiba txikiak batu eta dimentsio handiagoko lau gara orain. Plan bat geneukan eta emaitza da Danobatgroup sendo bat eraiki dugula, enpleguan haziz eta kooperatiba kopurua murriztuz. 1962an sortu zen SORALUCE kooperatiba, eta hamarkadaz hamarkada testuinguru ezberdinak bizi izan ditugu. Gure zazpigarren hamarkadan gaude, 2021-2030, eta gure laugarren transformazio zikloan. Gure erronka orain hazkundea da, transformazioa eta trantsizioa. Kontsolidazio momentua da eta dimentsioa garrantzitsua da, bai.
Zeintzuk dira erronkak trantsizio sasoi honetan?
Produktu zein zerbitzuetan bikaintasunera iritsi, teknologian inbertitu, berrikuntzaren kulturan sakondu eta sektorearen ezagutza sendotu behar ditugu. Trantsizio egokiaren azken geltokia izango litzateke Soraluce handi eta teknologiko bat eraikitzea. Era berean, belaunaldien arteko errelebo handia bizi dugu eta hori ere, barrura begira, erronka handia da.
Zein da uneotan Soraluce-ren osasuna?
Egoera ekonomikoa oso ona da, 2023an errekorra lortu dugu fakturazioan, baita enpleguan ere eta 40 milioi euro inbertitu ditugu 21-24 sasoian. Inbertsioak balio izan du gure produktu eta soluzioak hobetzeko eta gure lantokiak teknologikoki garatzeko. Azpiegiturak hobetu ditugu eta lantoki modernoa inauguratu berri dugu. Era berean, estrategikoki bezeroarengana hurbiltzeko ahalegin berezia egin dugu, hobeto ulertu nahian zer den gugandik espero duena. Barrura begira inportantea da gure kolektiboak, bazkideek ondo ulertzea zein den Soraluce-ren proiektu sozio-enpresariala. Bakoitzaren ekarpenarekin kolektiboak aurrera egingo baitu.
2023an errekorra lortu dugu fakturazioan, baita enpleguan ere eta 40 milioi euro inbertitu ditugu 21-24 sasoian
Aipatzen dituzun guztiak argi erakusten dute Soraluce proiektua indartsu dagoela.
Soraluce indartsu dago eta Danobatgroup indartsuago baten bila ari gara arraunean, danok norazko berean. Guztion artean, sektoreko beharrei erantzuteko sekulako gaitasuna dugula uste baitut.
Geopolitikan aldaketak daude eta eskaeran igartzen da. Hiru bloke handi bereiz ditzakegu: Asia, Europa eta Amerika. Txinako merkatu lokala inportantea da eta bertan gero eta gaitasun handiagoa izatea garrantzitsua da. Ulertu behar dugu Txinan %20 hazi dela makina erraminta esportazioa, eta inportazioak %10 egin duela behera. Ziurrenik joera hori handitzen joango da etorkizunean. Alemania, berriz, ahul dago eta Amerikan; Mexiko, Brasil, Kanada eta USA ezinbesteko merkatuak dira eta izango dira. Sektore berriek gero eta garrantzi gehiago dute, aeroespazialak esaterako, eta merkatu horiek gero eta zorrotzagoak dira.
Non da indartsua Soraluce?
Aurreko urtean kanpo-muntaietan gure lehenengo herrialdea EEUU izan zen eta loturak indartzen ari gara, halaber, bertako partner komertzialarekin. Ameriketako Estatu Batuetako ekipo lokala garatzen ari gara. Alemanian ere oso presente gaude, eta aspalditik dugu delegazioa. 35 urte daramatzagu bertan eta lehenengo fase batean, 2011ra arteko epealdian, gure helburua izan zen ondo ulertzea bertako merkatua eta horren arabera zerbitzu egokiaz erantzutea. Ondorengo fasean, teknologia asko garatu dugu eta gure asmoa da proposatzea, ez soilik ulertzea eta eskaintzea, baizik eta liderrak izatea. Hau da, teknologian oinarritutako produktu, soluzio eta zerbitzua eskaini nahi dugu, konpromisoan sendo eta bezero globalei proposamenak egiten. Makina erremintako fabrikatzaileak gara, soluzio eta zerbitzu aurreratuak eskaintzen ditugu, marka posizionamendu sendoaz, eta hori da merkatuari erakutsi nahi dioguna.
Marka enplegatzaile moduan enpresa erakargarria garela esango nuke eta Bienalean gazteekin bertatik bertara egoteko aukera ere izan dugu
Zazpi oinarri ditu Soraluce-ren balio eskaintzak.
Bai, eta horiek ondo komunikatu nahi ditugu. Zerbitzu-produktu eskaintza zabala dugu, teknologia propioa, bertatik bertarako zerbitzua eskaintzeko gaitasuna, marka balio propioarekin, sare komertzial paregabearekin, bikaintasun operatiboa eskainiz eta hori guztia, enpresa kooperatibo arduratsu eta eredugarria izanik. Sektore askotan dihardugu eta gehiagotan arituko gara etorkizunean: subkontratazioan, mekanika orokorrean, eolikoan, trenaren sektorean, eraikuntza makinarian, energian, aeroespazialean…
Bukatzeko, Rafa, nola joan zen BIEMH 2024?
Espero baino hobeto. Azoka baten emaitzak ez dira soilik azokan ikusten. Aurrelan izugarria egin behar izaten da, eta ondorengo harremanak ere sendotu egin behar izaten dira, baina orohar merkatu aukerak ireki dira eta pozik gaude. Esaterako ELKARGIren ‘enpresa topaketa’ oso interesgarria izan zen. Era berean, gai izan gara talentua erakartzeko. Marka enplegatzaile moduan enpresa erakargarria garela esango nuke eta Bienalean gazteekin bertatik bertara egoteko aukera ere izan dugu.