Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
“COVID-19 eta ondoren zer?” liburuan, pandemiaren ondorioak eta erronkak aztergai
Euskal Herriaren garapenean estrategikoak izango diren esparruetan pandemiak utzitako ondorioak eta etorkizunerako erronkak aztertu dituzte 30 arlotako adituek. Bergarako Telesforo Monzon laborategiak liburu batean jaso ditu ekarpen horiek.
COVID-19 eta ondoren zer? izeneko liburua argitaratu berri du Bergarako Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak; Olaso Dorrea Fundazioaren ideia laborategiak, alegia.
Pandemiak Euskal Herrian izango duen eraginari buruzko hausnarketa eta etorkizunera begirako erronkak zeintzuk izango diren jaso dituzte horretan.
Iratxe Esnaola Olaso Dorreko presidente eta TM eLab-eko koordinatzaileak azaldu du laborategiaren helburu nagusia dela "ekarpen kualifikatuak" egitea Euskal Herriarentzat estrategikoak diren eremuetan, eta, hain zuzen, liburuaren esentzia ere bera izan dela. Ekarpen horiek egiteko Euskal Herriko eta nazioarteko eremu askotariko profesionalak saretu dituztela adierazi du Esnaolak: "Ermu ezberdinetako adituei eskatu genien aztertzeko norberaren esparrutik egoera berri honek zein ondorio dakartzan, Euskal Herriarentzat egoera honetan zer den estrategikoa…".
Hastapenak, konfinamenduan
Konfinamendu sasoian jasotako ekarpenekin sortu dute liburua, eta klima, zaintza, euskara, kultura, digitalizazioa, ekonomia, kooperatibismoa, hezkuntza eta halako gaiak jorratu dituzte. "Liburu honek izan nahi du herri honek behar duen eztabaida zabal baterako espazio bat. Eta liburua amaituta ere uste dugu hau hasiera bat besterik ez dela, eta inoiz baino argiago ikusten dugu herri gisako eztabaida inoiz baino beharrezkoagoa dela".
Azpimarratzekoa da hasiera batean ez zituztela edukiak "liburu forman" ikusten, presidenteak azaldu duenez: "Gogoetarako espazio birtual bat proposatu genuen konfinamendua hasi eta astebetera, eta gogoeta birtuala osatuz joan ginen, ekarpenak jaso ahala telesforomonzonlab.eus webgunean argitaratzen". Sare sozialetan ere eskegi zituzten ekarpenak. Eta liburua horren emaitza da: "Bilduma oso oparoa geratu zitzaigun eta izen-abizen esanguratsuak zeuden ekarpenen atzean. Hala, liburua kaleratzea proposatu zigun Elkar argitaletxeak".
Fokua etorkizunean jarrita
Iñurrategik aipatzen du etorkizuneko egoera konplexuetan konbinazio "oso interesgarria" izango dela interkooperazioa; lankidetza, alegia.
Etorkizunari begira ere jarri dira liburuan. "Pandemiak ondorio batzuk ekarriko ditu, eta arlo bakoitzeko erronkak zein diren azaleratuko ditu. Horrek erakusten du nahiz eta konfinamendu garaian izan ziren gogoetak izan, oraindik gaurkotasun handiko ekarpenak direla, erronkek jarraitzen dutelako berdinak izaten". Gehitu du "gakoa" dagoela erronka horiei nola egiten zaien aurre; horiei aurre egiteko hartzen den bidean.
Bi debagoiendar tartean
Liburuan ekarpena egin dutenen artean daude Zigor Ibarzabal oñatiarra eta Iñigo Iñurrategi bergararra, eta hezkuntzaz eta kooperatibismoaz jardun dute, hurrenez hurren. Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduradunak aztertu du pandemiak nola eragin duen arlo horretan, eta azaleratu dituen arazo eta gabeziak deskribatu ditu. "Nahiko agerian geratu da presentzialitatearekiko daukagun dependentzia. Ikusten da eskola antolaketa, ordutegiak, ikas arloak… kudeaketa ikuspegitik gauzak errazten dituela, baina ez dela hainbeste ikaslearen beharretan zentratutako antolaketa". Aldiz, uste du irakasleen eta eskola baliabideen antolaketa eraginkorragoa bilatzeko egindakoak direla horiek.
Gehitu du osasun krisiak orain arte hezkuntzak zituen gabeziak "azaleratu" dituela. Halere, aitortu du liburuan "ikuspegi orokor" eta "positibo" batetik egiten duela berba, eta aukera bezala planteatzen dituela gabeziak, zailtasunak eta erronkak.
Iñurrategi, ostera, kooperazioaren "ikuspegi zabala" lantzen saiatu da, elkarlana artikulatzeko euren esperientziatik berba eginda. "Arlo honetan bi plano ezberdin aztertu behar dira. Bata da emaitza: ze emaitza mota ari diren lortzen kooperazio mota ezberdinak arlo bakoitzean, eta bestea da nola ari den funtzionatzen kooperazioa bera".
Gaineratu du etorkizuneko egoera konplexuetan konbinazio "oso interesgarria" izango dela interkooperazioa; lankidetza, alegia. "Eta ez da bakarrik kooperatiba formula. Lankidetza mota ezberdinak daude, baina guk duguna frogatuta dago. Lana elkarrekin egitea, emaitza konpartitzea eta herrigintza eraikitzea modu horretan".
OHARRA: artikulua Goiena egunkarian argitaratu da, 2021-01-8.