Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
“Arizmendiarrieta antzeztea itzelezko oparia da”
Hazia musikalaren entsegu artean tarte bat lapurtu diogu Arkaitz Gartziandiari (Errenteria, 1983), estreinatzear dagoen artelanari buruz dituen sentsazioak gurekin partekatu ditzan. Jose Maria Arizmendiarrietaren papera prestatzen buru belarri aritu da azken hilabeteetan Arkaitz, eta estreinaldiari begira irrikaz dago.
Nolakoak ari dira izaten entseguak?
Pertsonalki nahiko lasai. Otsailean hasi nintzen Arizmendiarrietaren pertsonaia lantzen, eta denbora luze honetan pertsonaia asimilatzen joan naiz, honekin gero eta erosoago sentituz.
Estreinaldiaren aurretik oraindik entsegu batzuk egiteke ditugu. Kontuan izan behar da lantalde handi bat osatzen dugula, arte diziplina ezberdinak uztartuz, eta azken egun hauetan puzzlearen fitxa guztiak kokatzen ari gara.
Ze aurreikuspen dituzue estreinaldirako?
Uneotan ikusminarekin gaude, zer gertatuko zain. Estreinaldia Arrasaten, gure protagonistaren influentzia eremu nagusian izanik, pentsatzen dut bertan interesa egongo dela. Gure aldetik behintzat esfortzua eta ilusioa ez da falta. Gontzal Mendibilek hiru urte daramatza proiektuan lanean, eta grina hori lantalde osoari transmititu dio. Denok gaude estreinaldia iristeko irrikaz, egindako lana publikoarekin partekatu eta guztiok elkarrekin gozatu handi bat hartzeko.
Zer aurkituko du Hazia ikusten gerturatzen denak?
Arizmendiarrietaren ibilbide osoa ezagutzeko aukera izango du, umea zenetik bere azken egunetara bitartean egindakoa eta utzitako ondarea. Helburu honekin arlo narratiboa eta artistikoa uztartzen ditugu, istorio hau emozioen bitartez kontatu nahi dugu eta. Horretarako talde izugarri bat eratu da, Gontzalen lidergopean. Hortxe ditugu Goikobalu eta Easo abesbatzak edo Aritz Salamancaren dantzari taldea. Oso ikuskizun polita eta osoa da sortu duguna, eta uste dugu hau ikustera hurbiltzen dena emozionatuko dela, gu behintzat entsegu bakoitzean emozionatzen baikara. Euskal Herrian dugun pertsonaia garrantzitsuenetako bati egindako omenaldi polit bat dela uste dut, eta publikoarengan zirrara sortzeko osagai guztiak ditu.
Aipatu duzunez, talde ezberdinak zaudete ikuskizunean murgilduta, nolakoa izan da kolektibo ezberdinekin izandako elkarlan hau?
Ariketa kooperatibo interesgarria ari da izaten, hainbeste jende biltzen duen proiektu batean lan egitean partaideen proposamena entzutea ezinbestekoa baita, guztiok bat eginez. Zentzu honetan, oso interesgarria ari da izaten artea lantzeko ikuspegi ezberdinen konbinazioa; aktore, musikari edo dantzari batek logika ezberdinak baititu, baina guztion helburua bakarra da.
"Ariketa kooperatibo interesgarria ari da izaten Haziaren ekoizpena"
Egin dezagun pixka bat atzera, noiz hasi zinen aktore lanetan?
Txikitatik izan dut gogo hori. Umea nintzenean nire gurasoek bideo-kamera bat erosi zuten eta gogoratzen dut uneoro nenbilela honekin jolasean, bai kamera aurrean zein atzean. Gero Goenkaleren jarraitzaile sutsua bilakatu nintzen, eta oso ondo gogoratzen dut Barbara Goenagaren Ainhoa pertsonaiak liluratu ninduela, eta aldi berean eskolako antzerki amateurrekin flipatu egiten nuen. 15 bat urte izango nituen, horretan jardun nahi nuela irmoki erabaki nuen. Beranduago, 17 bat urterekin Goenkaleko casting batera joan nintzen, ikaragarri urduri, eta orduan ikasi nuen aktore izan nahi baldin banuen gauzak serio hartzeko beharra zegoela.
Ia-ia berezkoa duzula ogibidea esan daiteke.
Bai, beti ortzi-muga horretarantz egin dut ibilbidea. Donostiako Arte Eskolan hasi nintzen eskolak jasotzen, eta Goenkalen sartzea lortu nuen, nire ametsa egia bilakatuz. Hortik aurrera antzerkian zein telebistan nire ibilbide propioa egitea lortu izan dut, eta zinemara ere salto egin, esate baterako Iciar Bollainen Maixabel filman. Azken urteotan aktore lanak Ingalaterran egin dudan hiru urteko antzerki master batekin uztartu ditut, etorkizunera begira nazioarteko eszenara salto egiteko aukera irekia izateko gogoarekin.
Eta Hazia proiektuaren berri izan zenuenean, zerk erakarri zizun gehien?
Gogoratzen dut Gontzalek oso modu informalean kontaktatu ninduela, Facebook bitartez. Berak oso argi zuen proiektua, eta ederto saldu zaidan. Esango nuke berak nire lana ezagutzen zuela, eta nolabait Arizmendiarrietaren papera ordezkatzeko aurre-aukeratu ninduela, naiz eta gero froga txiki bat egin behar izan nuen. Hasiera hasieratik oso erakargarria egin zitzaidan, diziplina anitzak batzen dituen anbizio handiko proiektua. Niretzat aktore bezala izan dudan aukerarik potenteena da hau, itzelezko oparia baita Arizmendiarrieta bezalako pertsonaia garrantzitsu bat interpretatzea, goxoki bat.
Ezagutzen al zenuen Arizmendiarrietaren figura aldez aurretik?
Filosofia eta Ikus Entzunezko Komunikazioan ikasketak ditut, eta bigarren hau Mondragon Unibertsitatean ikasi nuen, beraz kooperatibismoari banuen azaleko informazioa, baina Arizmendiarrietari buruz ez gehiegi. Proiektu honi esker izan dut gehiago ikasteko aukera; nondik datorren mugimendu kooperatiboa, sortu zen garaian zegoen beharrizana…
Orain, perspektibarekin, ezin dut ulertu nola orokorrean hain gutxi dakigun Arizmendiarrietari buruz. Euskal Herriko historian izan dugun pertsonaia bati buruz ari gara hitz egiten, nola izan daiteke gure artean hain ezezaguna? Nolabait Haziak hutsune hori ere bete nahi du.
"Ezin dut ulertu nola orokorrean hain gutxi dakigun Arizmendiarrietari buruz"
Esan daiteke beraz ikerketa lan sakona egitea tokatu zaizula.
Bai. Pertsonaia hobeto ulertzeko hizketaldi ezberdinak izan ditut bere iloba Jesus Mari Arizmendiarrietarekin. Horrez gain bere Gogoetak liburua eta Fernando Molinak idatzitako biografia eta “Arizmendiarrieta, el milagro de Mondragon” dokumentala izan ditut informazio iturri nagusi. Horrez gain, Gontzal hiru urtez aritu da gidoia lantzen, eta gidoian bertan ere pertsonaia eraikitzeko informazio ugari aurkitu dut.
Dokumentazioaz harago, zailtasun nagusienak karakterizazioan aurkitu ditut, bere hitz egiteko, ibiltzeko edo espresatzeko modua asmatzen. Honen inguruan ez dut erreferentzia handirik aurkitu, beraz sortzaile moduan askatasuna izan dut nire erara garatzeko. Horretarako bere argazki ezberdinak aztertzen denbora dezente eman dut, bere begiradak transmititzen didanarekin jolastuz. Bere bizimodua nirera ekartzea izan da egindako ariketa nagusienetako bat, biok gure ametsak bete ahal izateko egindako ibilbideen arteko sinbiosi horretan jarriz fokua. Aktoreak egia erakutsi behar du eszenatokian, eta horretarako ahalegin guztiak jarri ditut.
Suposatzen dut metodologia hau aldatu egingo dela pertsonaia erreala edo fikziozkoa izan ahala.
Ezberdina da bai. Fikziozko pertsonaia bat tokatzen denean zerotik hasi beharra dago.
Sortzailearen ikuspuntutik aukera ezberdinak irekitzen dira, baina fokua galtzeko arriskua areagotu ere.
Pertsonaia erreala denean ordea zenbait erreferentzia existitzen dira, eta niri lagungarri egiten zaizkit. Adibidez, Maixabel filmean Josu Elexperen pertsonaia zen nirea, eta berarekin egoteko aukera izan nuen, informazio ezberdina jaso eta pertsonaia garatzeko pista asko hartuz.
Haziaren kasuan, Arizmendiarrieta ezagutu zuen jendeak ikusiko gaitu, bere familiak barne, eta horrek ardura ere gehitzen digu. Zentzu honetan, bere iloba Jesus Mari Arizmendiarrieta uztailaren 30ean egindako entsegu orokorrean izan zen, eta ikusitakoarekin pozik geratu zen, beraz uste dut bide onetik goazela.
Erreferentziak existitzen direla diozu, baina Arizmendiarrietak ezagutu zuen mundua zeharo aldatu da. Nola uste duzu erantzungo ziola gaur egungo egoera ezberdinei?
Nire filosofia ikasketetara joango naiz hori erantzuteko. Platonek bere Polis saiakeran gizakia inperfektua dela dio, eta perfekzioa bilatzeko komunitatea ezinbestekoa dela. Arizmendiarrieta ere pentsamolde horrekin lerrokatua ikusten dut, bizitzea tokatu zitzaion industria krisialdi eta frankismo garai zail horri erantzuna kolektibotik eman behar zitzaiola uste baitzuen, modu kooperatiboan. Gauzak horrela, bere ideia horiek gaurko mundu indibidualista honetan guztiz aplikagarriak ikusten ditut. Argi ikusten gabiltza formula neoliberal berriek ez dutela funtzionatzen eta larrialdi klimatiko eta gerra egoera ezberdinetara ekarri gaituzte. Horrela ez goaz inora, eta gizartea osasuntsu izateko kolektiboa ezinbestekoa da. Zentzu honetan Haziak atzera begirada bat eskaintzen du, eta agian atzera begiratuz aurkitu ditzakegu gaur egungo krisialdiei aurre egiteko erantzunak.