Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
“Arizmendiarrieta altxor bat da!”
Dagoeneko urte batzuk egin ditu Gontzalek musikagintzan, ia bizitza osoa. Zalantzarik gabe, bide emankorra eduki du, hemezortzi disko argitaratu baititu, herri mugimenduari nahiz maitasunari eginiko kantuekin. Orain proiektu berri batean murgildu da, Hazia izenekoan, Arizmendiarrieta hizpide hartuta.
Noiz eta zergatik ekin zenion lan honi?
Pandemia aurreko urtean hasi nintzen Hazia lan musikal hau osatzen. Aurretik ere beste batzuk egin ditut – Iparragirre, Olentzaro, Elorri Loratua, Arrupe eta Gau Magikoa–, eta benetan uste nuen Arizmendiarrietak berea merezi zuela. Eta martxan jarri nintzen, Arizmendiarrietaren gogoetak eta hark idatzitako hainbat eta hainbat mezu interesgarri eta berari buruz idatzitako hainbat liburu irakurri nituen: Fernando Molinarena, Joxe Azurmendirena… eta oraintsuagoko Armin Isastik eta Isabel Uribek Ormaetxeari buruz idatzitakoa. Halaber, jaioterria ere bisitatu nuen, eta berarekin izandako lankideek, senideek eta lagun batzuek ere hainbat datu eman zizkidaten, egungo egoerarako oso baliagarriak diren gogoetak eta erantzunak ematen dizkigunak. Puripurian dauzkagun gaiak begi bistan jarriko ditugu.
Lehenengo hitzordua Arrasaten izango da. Noiz? Eta zeintzuk izango dira hurrengoak?
Irailaren 17an eta 18an izango da estreinaldia, Arrasaten, jakina! Asmoa, gero, Euskal Herriko beste hiriburuetan aurkeztea da: Bilbon (Arriaga Antzokian), urriaren 1ean; Iruñean (Baluarten), urriaren 29an; Gasteizen (Printzipal antzokian), abenduaren 21ean; Beasainen (Usurbe antzokian), abenduaren 23an. Arrasatera, Amaia Antzokira, etorri nahi duenak, jada aukera du sarrerak erosteko, www.kutxabank.es atarian, 25 euroren truke.
Eta, besteak beste, Donostian (Kursaalean) eta Markinan aurkezteko asmotan gaude, eta datorren urtera begira Baionara eta Euskal Herritik kanpo eramateko aukerak ere sortzen ari zaizkigu.
Zertan datza musikala?
Hazia musikala Arizmendiarrietaren bizitza eta obrari buruzko aurkezpen artistikoa da, haren historiako gertakari eta egoera errealetan oinarrituta.
Ardatza musika da, antzezle eta kantariekin eszenifikatuko dena. Koreografiak ere bere lekua edukiko du, eta argazki eta ilustrazioek ere jantziko dute ikuskizuna.
Ondo gorpuztu eta jantzi dugun talde eder batez eratua dago: Jose Maria Arizmendiarrietaren rola Arkaitz Gartziandia aktoreak jokatuko du, 6 kantari, 11 musikari, 16 antzezle, Easo eta Goikobalu abesbatzetako partaideak, Ohika dantza koreografian… benetan ederra izango da!
Zenbat kantak osatzen dute Hazia?
Guztira, 20 kantu berri dira, haren historia eta mezuak kantu bihurtu ditut. Baina ez iragan zenari bakarrik begiratuz, baizik eta egungo egoerari eta geroari zer eskaini liezaigukeen aztertuta. Nor zen eta zer eskaini zigun azaltzen duten kantuen izen batzuk aipatuko dizkizuet: Hazia zen hasieran, Ez duzu ahaztu behar, Konpromisoa, Mundu berri bat, Herri txiki, lurralde estu, Nondik lan, handik jan, Ametsak eraikitzen, Guztiok gara beharrezko, Adarrak munduratuz…
Zer esango zenioke zure kuadrillako lagunei musikalera etor daitezen?
Etortzen bada, harrapatu eta emozionatu egingo dela! Algarak eta negar malkoak ere botako dituela. Era batera sartu eta beste modu batera aterako dela. Oholtzan ikusiko duenak barruak mugiaraziko dizkiola. Berria eta berritzailea dela, arima ukituko diola. Eta sentipenak agerian utziko dizkiola. Hori guztia esanda, etorri eta egiaztatu besterik ez du.
Zer azpimarratuko zenuke Arizmendiarrietaz?
Ezbairik gabe, gure herriaren historian erreferente eta aitzindaria dugula Arizmendiarrieta. Ezina ekinez egiten dela zioen horietakoa. Berezkorik ez dagoela zioena, geuk sortzetik eta geure ekintzetatik sortzen dela guztia zioena. Langileen elkarlanaz eta autogestioaz hitz egiten ziguna.
Eta, Hazia, ikur edo sinbolo gisa harturik, ikuskizunera datorrenari, sarrerarekin batera, zorrotxo batean ezkur hazia oparituko diogu, norberak erein dezan eta halako batean haritz sendo bihurtu dadin.
Jakina, laguntza eman duten guztiei eta lanean ari diren guztiei neure esker ona eman nahi diet, bereziki ALEko kideei, indar osoz bultzatu eta tinko sinetsi dutelako proiektuan.
Zergatik Hazia?
Sortu eta bultzatu zuen guztia azaltzeko mezua eta izena aurkitu behar genuen, eta zera pentsatu nuen, zer ote Hazia baino izen hoberik hura zena adierazteko? Arizmendiarrietaren izenari eta berak egindakoari zentzua ematen dion hitz eta ikur esanguratsua da. Hazia hazten doan kimuarekin hasiko da ikuskizuna. Gure zuhaitz sinboliko ugaltzailearen haziak protagonistaren izpiritua definitzen du.
Harrizko herri honetan, haritza eta harria bat dira gure mendi eta bailaretan, eta Arizmendiarrieta abizena bera ere oso adierazgarria dugu.
Fruituak lurrak ematen ditu, baina geuk ereiten dugunetik datoz. Beraz, Euskal Herri berria sortu zuen. Eta ereindako haziak hariztia ekarri zuen. Lankidetza, konpromisoa, Kontzientziaren berpiztea eta garapena, jakintzaren sozializazioa, eraldaketa. Sustrai batetik, ahots batetik, bizitza batetik eta leku jakin batetik sortu ziren, eta izandako emaitzak, haren istorioak, musika abiapuntu izanik, kontatuak, kantatuak eta eszenaratuak izango dira.