“Oso zortedun sentitzen naiz”

Aitziber Garmendia aktore ezaguna da Euskal Herrian, baita Euskal Herritik kanpo ere. Hainbat telesail, film eta antzezlan egin ditu, horien artean, Ocho Apellidos Vascos, Muertos S.L. edo Patria. Egun, lanean jarraitzen du antzerkia eta ikus-entzunezkoak uztartuz.
Card image cap
2024/08/27

Euskal aktoreen artean lankidetza bat badagoela ematen du. Horrela al da?

Bai, horrela da. Babes hori sentitzen dut, denok elkarrekin gaude, talde baten parte garenaren sentsazioa dut. Sarritan, sentsazio horrek asko babesten zaitu. Kooperatibetan hori lortzen dela uste dut, hain zuzen ere, partaide guztiak helburu bat lortzeko norabide berean aritzen dira lanean.

Euskal Herrian nola ikusten duzu aktoreen panorama?

Azken aldian, egia da ikus-entzunezko asko egiten ari direla Euskal Herrian. Antzerkigintza ere asko mugitzen da, baina, egia esan, orain dela ez asko irakurri nituen estatistika batzuk eta, horien arabera, langabezia tasa aktoreen artean oso altua da. Proiektuak egiten dira, baina langabezia tasak handia izaten jarraitzen du. Duela gutxi irakurri nuen, Espainiar estatuarekin alderatuta, Euskal Herrian emakumeen artean langabezia tasa gizonezkoena baino baxuagoa dela. Bestalde, hemen gazte asko gerturatzen dira antzerki ikuskizunetara; aldiz, Espainiar estatuan ez hainbeste, Espainiar estatuko publikoaren batezbesteko adina askoz ere altuagoa da. Horrek nolabaiteko itxaropena ematen digu, jakinda Euskal Herriko belaunaldi berriek ere antzerkira joaten jarraituko dutela.

Nola uztartzen dituzu zinema eta antzerkia?

Momentu honetan ari naiz lanean Movistar Plus-erako telesail batean, Madrilen: komedia bat da, Muertos S.L. izena du. Aldi berean, hiru antzezlanekin nabil. Ahal dudan bezala osatzen dut puzzlea, niretzako denbora libre oso gutxirekin, sakrifizio handia eginez nire jendearekiko, nire familiarekiko. Hala ere, egia esan oso zortedun sentitzen naiz, aspaldi neukan gogoa telebistarako fikzio bat egiteko. Oso eskertuta nago, egia esan.

Zer nahiago duzu egitea, antzerkia ala zinema?

Denak gozatzen ditut pila bat, egia esan. Antzerkian erosoago sentitzen naiz, publikoaren erantzuna momentukoa delako. Ikusleari gustatzen bazaio, barreak entzuten ditut, hunkituta ikusten ditut, edo txaloak entzuten ditut. Telesailetan eta zineman gertatzen dena, aldiz, da jendearen oniritzia (edo bestelako iritziak) sare sozialen bidez jasotzen ditugula eta, horrek, nolabaiteko antsietatea sortzen dit. Antzerkiak ematen dit nolabaiteko freskotasuna, eta horrekin gelditzen naiz.

Euskal Herrian aktore izatea Espainian baino zailagoa al da?

Euskal Herriko aktoreak bereizten gaituena da gure hizkuntza propioa. Euskal Herrian aktore izatea euskararik jakin gabe, zaila da. Gure hizkuntzan kultura sortzeak edo, gure hizkuntzan entretenimendua edo fikzioa sortzeak, ohorea ematen digu.

GE2A4117.jpg

Posible al da gaur egun artista izanik horretaz soilik bizitzea?

Nik orain arte lortu dut, baina, ez da erraza. Azken aldian, lan asko daukat, baina lan gutxiagorekin ere ibili izan naiz. Eta beste lan batzuetan ere aritu naiz, baina ez da erraza, antzerkia genero oso prekarioa da, ez da ekonomikoki erraz bizitzeko aukera ematen dizun esparru bat. Orduan, ikus-entzunezkoak edo fikzioak ateratzen direnean, bultzadatxo hori aprobetxatzen dut, baina, bestela, ez da lanbide erraza. Gertatzen dena da oso bokaziozkoa dela eta izugarri zoriontsu egiten gaituela, ez dakit zorionez edo zoritxarrez, baina, bokaziozkoa da eta, askotan, ez dugu beste biderik imajinatzen.

Artista izanda eta emakumea izanda, zailagoa da?

Orokorrean bizitzan dena bezala, zailagoa da. Artista izanda eta emakumea izanda, gauza asko ditugu kontran. Hasteko, irudiaren edo adinaren esklabotasun hori. Ez da berdin zigortzen gizonezko batek urteak betetzea edo emakume batek egitea. Gainera, emakumeak 45 edo 50 urtetik aurrera ematen du ez direla existitzen; gizonezkoen kasuan, ez da hori gertatzen. Hala ere, hori bizitza bera da, eta bizitza berak ere eragiten dio ofizioari (ez aipatzearren amatasuna edo zaintza). Ez gaude egoera berdinean, inondik inora; asko falta zaigu horretarako.

Askotan ikusi zaitugu umorea egiten. Zer egiten zaizu errazago umorea egitea ala drama?

Natural ateratzen zaidana umorea da, hori egia da, ezin dut kontrakorik esan, nire inguruko guztiek esango dizute tendentzia naturala hori dela. Ia pentsatu gabe ateratzen zaidan zerbait da. Azkenaldi honetan, baina, genero dramatikoa lantzea ere asko tokatu zait eta pilo bat disfrutatu dut. Beti saiatzen naiz egiatik lan egiten, eta emozioak behar diren lekuan kokatzen. Hori horrela, umorea, eta baita drama ere, bizitza bera bezala, errazago ateratzen zaizkit.

Nolakoa da pertsonaia baten papera prestatzeko prozesua?

Lehendabizi, testua askotan irakurtzen dut, ulertzeko nondik nora doan pertsonaia. Ondoren, testua ikasten dut, noski. Hori lehenengotariko pausua da, gero, saiatzen naiz pertsonaia ulertzen, eta ez epaitzen. Izan ere, askotan pertsonaiak epaitzen ditugu, eta esaten dugu: “Nik ez nuke hori esango!”. Ados, beharbada, zuk ez zenuke esango baina, pertsonaiak bai. Interpretazioak horretan ere laguntzen du, bestearen azalean jartzen, enpatia hori zer den ulertzen. Ariketa horrek pertsona hobe bihurtzen gaituela uste dut. Pertsonaia ulertzen saiatzen naiz, eta ulertzen ez dudan momentu horietan, identifikatzen dut zerk sortzen didan deserosotasuna. Hori horrela, saiatzen naiz pertsonaiarengana gerturatzen. Horrez gain, fisikoki irudikatzen dut nola mugitzen den pertsonaia, asko laguntzen dit irudikatzeak nola ibiltzen den, nola begiratzen duen, edota nola egiten duen korrika.

Zer proiektu dituzu eskuartean orain?

Muertos S.L. telesailarekin jarraitzen dugu eta, antzezlan berri bat estreinatuko dugu Tanttaka Teatroak eta Espainiako Centro Dramático Nacionalek, koprodukzioan. Urritik aurrera, Madrilen egongo naiz, Telmo Irureta eta Karmele Aranbururekin batera, Mireia Gabilondok zuzendutako antzezlan batean.

Non ikusten duzu zure burua hemendik eta 20 urtetara?

Bada, lanean, nire zimurrekin, nire ile zuriarekin, baina lanean. Espero dut gizarte ulerkorrago batean, eta adin eta fisiko mota guztientzat lekua egongo den eszenatoki batean.