2015ean Elkar-Lanek 143 kooperatiba sortzen lagundu du

143 kooperatiba horietan 549 enplegu daude, hau da, batez beste 3,84 enplegu berri zeuden kooperatiba berri bakoitzeko eratu diren unean.
Card image cap
2016/03/11

Elkar-Lanek 2015ean eraturiko 143 Kooperatibetatik, motaren arabera, gehienak, 137, Lan Elkartukoak izan dira, 2 Etxebizitzatakoak, 2 Kontsumokoak eta 2 Enpresa Zerbitzuetakoak.

Jarduera-sektoreei dagokienez, erdiak baino gehiago, 78 zehazki, zerbitzuen sektorean sortu dira; 27 merkataritzan; 14 eraikuntzan; 3 elektriko-elektronikoan; 3 arte grafikoetan; 3 automobilgintzan; 3 garraioan; 2 elikaduran; 2 telekomunikazioetan; 2 etxebizitza arloan; 2 3D inprimaketan; 1 zuraren arloan; 1 itsas garraioan; 1 marmolgintzan eta 1 autokarabanen muntaketan.

Lurralde Historikoen arabera, %62 inguru Bizkaian sortu dira, zehazki 89. Gainera, 35 Gipuzkoan eta 19 Araban sortu dira.

Bestalde, Javier Sanz, Elkar-Laneko zuzendariak, Elkar-Lanek, Kooperatiben Enpresa Ekimenen Behatoki gisa, egin duen hamargarren txostenaren alderdirik garrantzitsuenak aurkeztu ditu; ardura horren arabera, Elkar-Lanek aholku ematen die Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioei eta beharrezko argibideak eskaintzen dizkie politika publikorik egokienak ezar ditzaten Euskadin Kooperatibismoa sustatu eta garatzeko.

Javier Sanzek aurkezturiko txostenetik ezaugarri hauek nabarmendu behar dira:

  • Elkar-Lan sortu zenetik (2002ko abendutik) 872 enpresa Kooperatiboren eraketa sustatu du.

  • Elkar-Lanek eraturiko Kooperatiben ‘heriotza’-tasa oso txikia da, %5,62koa bakarrik, Elkar-Lanek 2014ra arte sustaturiko 872 Kooperatibetatik 20 likidatu eta 29 desegin baitira bakarrik, baina aktibo ez dauden Kooperatibak 128 dira (likidaturiko 20ak eta desegindako 29ak ere hemen sartuta) eta %14,68ko hilkortasun-tasa suposatuko luke horrek.

  • Enpresa-ekinbide gehienak zerbitzu-sektorekoak dira. Industria- eta nekazaritza-jarduerak oso urri dira.

  • Ekintzailearen profila EAEn: gehienak (%62) 25 eta 54 urte arteko gizonezkoak dira, eta goi- edo erdi-mailako ikasketak dituzte.

  • Emakume ekintzaileak gaur egun ekintzaile kooperatibo guztien %38 dira, hau da, mantendu egin da aurreko ekitaldiko kopurua.

  • Sustatzaileen %34k badu aurretiazko lanbide-esperientziarik.

  • Kooperatibaren forma juridikoa aukeratzeko arrazoiak:

o   Filosofiaz (sozietate-uste sendoa): %41

o   Aholkularien gomendioz: %33

o   Onura eta laguntzengatik: %19

o   Beste arrazoi batzuengatik: %7

  • Finantza-ikuspegitik:

o   Kooperatiben batez besteko inbertsioa, eratzen direnean, 6.000 eurokoa izaten da.

o   Proiektuen %20k kanpoko finantzaketa behar du.

  • Gizarte Segurantzako Erregimenari dagokionez, %85ek Langile Autonomoen Erregimen Berezia aukeratzen du eta %15ek bakarrik Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorra. Horretarako arrazoiak hauek dira: Autonomoen Erregimena merkeagoa izatea, aholkulariek gomendatzea eta, gainera, dirutan dagoen aldea aseguru pribatuetara bideratzea