Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
1.400 erakustoki baino gehiagok baieztatu dute BIEMH 2024n izango direla
BIEMH, Makina Erremintaren Nazioarteko Bienala, prestaketa lanen azken txanpan sartuta dago. Dagoeneko 29 herrialdetatik iritsiko diren 1.430 enpresa erakusketari eta 3.000 produktu eta zerbitzu inguru izango direla baieztatu dute eta, herrialde horien artean, nabarmendu beharrekoak dira Alemania, Italia, Portugal, Estatu Batuak, Japonia eta Taiwan. Funtzionamenduan egongo diren makina handiak izango dira 32. edizioko protagonistak. Hain zuzen ere, Bilbao Exhibition Centreko sei pabiloi beteko ditu azokak.
Industriarako ezinbestekoak diren sektoreak hartuko ditu azokak: Erauzketako eta deformazioko makinen fabrikazioa eta banaketa (%35), Robotika eta Automatizazioa (%20), Erremintak eta osagarriak (%12), Industriarako digitalizazioa (%9), Osagai mekanikoak (%9), Produkziorako eta enpresarako zerbitzuak (%6), Fabrikazio aditiboa eta 3D (%5) eta Metrologia (%4).
Aurten, berritasun gisa, robotikarako, automatizaziorako eta digitalizaziorako bereizitako espazioa bisitatzeko aukera egongo da. Bestalde, Robot Demo izeneko gunea ere bisitatu ahal izango da, sektoreko enpresa liderrek beren azken sorkuntza lanak erakuts ditzaten.
BIEMHen aurtengo edizioa izango da teknologiarekin, soluzioekin eta berrikuntzarekin lotuta orain arte egindako dinamikoena eta anbiziotsuena. Jardueren programa anitza izango du eta, horien artean, BIEMH Talks-ak azpimarratu behar dira. Gainera, bisita gidatuak, innovation workshopak eta BIEMH TVren programazioa eskainiko dira, beste hainbat jardueraz gain.
Edukien agenda zabala
Konferentzien, keynoten, workshop-en eta mahai-inguruen bidez, BIEMH Talks-ek industriaren egoera eta etorkizuneko proiekzioak aztertuko dituzte. Ekainaren 4ko Digital Talks-ek eraldaketa digitalerako punta-puntako 4.0 teknologiak arakatuko dituzte, bereziki ekipo industrialetako erabiltzaileei zuzendutakoak. Hilaren 5ean, Automation & Robotics Talks ekimenak industriara aplikatutako robotikako eta automatizazioko berritasunak eta garapenak aurkeztuko ditu. Eta ekainaren 6an, Additive Talks-ek teknologia aditiboaren erronkak, eboluzioa eta ezarpena azpimarratuko dituzte, hainbat arrakasta kasu azalduz eta esperientzia propioak eskainiz.
Punta-puntako hizlarien artean, besteak beste, hurrengoak izango dira: Leire Orue-Echevarria (Policy Officer-DG CONNECT European Commission), Haden Quinlan (programa zuzendaria MITen-Massachusettseko Teknologia Institutua) eta Gregorio Ameyugo (CEAko adimen artifizialeko eta robotikako dibisioburua). Horiek egingo dituzte keynote-ak.
BIEMH Talks-ez harago joanda, agendak bisita gidatuak biltzen ditu: Big Machines Tour, Automation & Robotics Tour e Innovation Tour eta BIEMH TV, zuzeneko 80 elkarrizketa baino gehiagorekin, jardunaldien gaineko laburpenekin eta azterketekin, eta sustapen bideoekin.
Bestalde, eta formatu irekiarekin eta dinamikoarekin, BeDIGITALen Innovation Workshop-ek aurrerapen digital esanguratsuenak erakutsiko dituzte. Berrikuntzaren Euskal Agentziaren-Innobasqueren, Innotech eremuan, ikerketako eta berrikuntzako proiektuak ezagutaraziko dituzte; gainera, ekainaren 3an, 4an eta 5ean hitzaldietara joateko aukera egongo da.
Gainera, erakusketarien eta bisitarien arteko harremana errazteko, networking guneak eta topagune sozialak izango dira. Horietako bi, adibidez, Get Together–a eta BIEMH Fest izango dira, azokako esperientzia aberastea xede duten beste ekimen batzuez gain.
Erosle estrategikoen presentzia handia
140 herrialde baino gehiagotan egindako kanapinari esker, BIEMHek erosleen presentzia handia izango du, batik bat, hurrengo herrialdetatik iritsitakoak: AEBak, Frantzia, Portugal, Turkia, Kanada, India edo Mexiko. Azken herrialde hori izango da, gainera, 32. BIEMHeko herrialde gonbidatua. Presentzia handia izan ohi du azokan Mexikok eta merkatu estrategikoa da, batez ere aurrera eramaten ari den nearshoring politikari esker eta T-MEC akordioa sinatu ondoren. Azoka aurretik, Mexikok eskaintzen dituen negozio aukerei buruzko webinarra antolatuko da, enpresa erakusketariek azoka ahalik eta hobeto aprobetxatzeko.
Automobilgintzako, sektore aeroespazialeko, etxetresna elektrikoetako, moldisten sektoreko eta banaketako Mexikoko enpresa ugarik baieztatu dute azokan parte hartuko dutela. Enpresa horiek Hosted Buyers’ Programme izenekoan hartuko dute parte. Mundu mailan sektorean liderrak diren azoken arteko ekimen berezia da eta BIEMH bisitatzeko erakargarri bihurtu da. Programak enpresa erakusketarien eskaerak jasotzen ditu eta negozio bilerak ixteko ehunka profesional estrategiko azokan bertan izatea bermatzen du.
BIEMHekin batera egingo dira BeDIGITAL, teknologia digitalen aplikazio industriala oinarri duen foroa, eta ADDITƐD, fabrikazio aditiboaren eta 3D inprimaketaren nazioarteko azoka. Bestalde, WORKinn Talent Hub ere egingo da: talentuaren eta industriaren arteko topagunea.