Danobatgroup-eko kooperatibek Euskaraldian parte hartuko dute

Lehen edizioan langileek ahobizi eta belarriprest bezala hartu zuten parte. Oraingoan, entitate bezala ere hartuko dute parte.
Card image cap
2020/11/03

Danobatgroup osatzen duen kooperatibek 20 urtetik gora daramatzate dagoeneko euskararen erabileran eragiten langileen artean, hornitzaileekiko harremanetan, bezeroekiko hartu emanetan eta gizartera begira konpromisoa ezagutzera ematen.

Hainbat ekimen egin dituzte bertan erabilera eta ezagutza handitzeko eta euskararen aldeko motibazioan ere lanketa politak egin dira euskararen inguruan giroa sortzeko. Urte hauetako guztietako lanak bere fruituak izan ditu eta dagoeneko taldeko kooperatiba gehienek Euskarako zilarrezko Bikain ziurtagiria dute, bertako hiztegi tekniko bat landuta…

Gainera, gizarte ekimenekin ere konpromisoa adierazi dute Danobatgroupeko kooperatibek Korrika, herrietako euskararen aldeko ekimenetan parte hartuz eta ekimenak lagunduz. Ondorioz, aurten Euskaraldia ariketa sozialera ere batu dira Danobatgroupeko kooperatibak.

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.

Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea izanik 2018an izan zen lehen edizioa eta 225.000 herritarrek hartu zuten parte ahobizi eta belarriprest gisa.

Danobatgroupek Euskaraldiaren lehenengo edizioan ere hartu zuen parte eta ariketa propioa egin zen kooperatiba guztietan. Taldeko langileen artean %54 lagunek hartu zuten parte, 475 lagunek, hain zuzen ere, eta amaieran egindako balorazioan parte hartzaileen %96ren iritziz errepikatzeko moduko ekimena izan zen.

2020an, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da ariketa eta aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango da ariguneen bidez.

Danobatgroupeko kooperatibek (Danobat, Danobatgroup, Goimek, Goiti, Ideko, Latz eta Soraluce) dagoeneko eman dute izena erakunde moduan 2020ko Euskaraldian. Hortaz, ariguneak sortzeko lanetan dihardute tokian tokiko euskara batzordeetako kideak eta Emun Koop. E.ko euskara aholkularien laguntzaz. Gainera aurten ahobizi eta belarripresten izen ematea ere kooperatibetan bertan egiteko aukera izango dute.

MONDRAGON taldeko makina-erreminta dibisioa