Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Goi Eskola Politeknikoa eta ULMA Packaging, aitzindariak prestakuntza duala eta nazioarteko praktikak uztartzen
Mondragon Goi Eskola Politeknikoak ematen duen Lanbide Heziketa aitzindaria da Euskadin prestakuntza dualeko ikasleen esku mugikortasun-programa bat jartzen. Lanbide Heziketako lehen zentroa da modalitate dualeko ikasleei nazioarteko praktika-esperientzia izateko aukera ematen (Erasmus+ programaren bidez), eta ULMA Packaging kooperatibaren lankidetzari esker lortu du. Bi erakunde horiek jarri zuten martxan programa aitzindari hau 2019an Euskadin, eta, pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, aurten berriro ekingo diote.
Mondragon Goi Eskola Politeknikoko heziketa-zikloetako lau ikasletik bat prestakuntza duala egiten ari da; alegia, ikasteaz gain, enpresa batean egiten du lan.
Orain arte, Lanbide Heziketako prestakuntza dualeko ikasleek lanbide-heziketaren eta Erasmus+ programaren artean aukeratu behar zuten —programa horren bidez, Lanbide Heziketako ikasleek hiru hilabeteko praktika ordainduak egiten dituzte Europako enpresetan—, biak batera egitea bateraezina zen eta.
Mondragon Goi Eskola Politeknikoa aitzindaria izan da muga hori hausten, eta ikasteko eta praktika horiek batera egiteko aukera ematen die Lanbide Heziketako bere ikasleei. ULMA Packagingen lankidetzari esker egin dezake; izan ere, enpresa hori bere Europako filialetan praktikak eskaintzeko prest agertu zen.
Nazioarteko praktikak prestakuntza dualean
Erasmus+ programak gero eta arrakasta handiagoa du heziketa-zikloetako ikasleen artean, eskaera-kopuruak eta programan parte hartzen dutenen balorazioek adierazten dutenez.
Hain zuzen, aurten, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko heziketa-zikloetako bost ikasle —horietatik lau ez dira modalitate dualean ikasten ari— Errumaniara, Poloniara eta Txekiar Errepublikara joan dira, ekainera arte enpresetan praktikak egiteko, Erasmus+ programari esker. Programa horrek 20 urte daramatza heziketa-zikloetako bigarren mailako ikasleei nazioarteko esperientzia izateko aukera ematen, beka baten eta praktika ordainduen bidez. Zehazki, bost ikasle horietako bat, modalitate dualeko mekatronika-zikloko bigarren urteko ikaslea, ULMA Packagingek Cluj-Napocan (Errumanian) duen filialean arituko da, Erasmus+ programaren bitartez.
Mondragon Goi Eskola Politeknikoak eta ULMA Packagingek ekimen aitzindari hori abiarazi zutenetik, Mekatronika Industrialeko hiru ikaslek eta Automatizazio eta Robotikako beste batek hartu dute parte. Pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, bi erakundeek indarrak batu dituzte berriro, nazioarteko praktika-esperientzia jartzeko talentu gaztearen esku.