LANKIko ikertzaile Igor Ortegak bi liburu berri kaleratu ditu

Igor Ortega Mondragon Unibertsitateko LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiko ikertzaileak bi liburuxka berri argitaratu ditu kooperatibismoaren sustraiak aztertzeko: Kooperatibismoaren sustraiak I: herri sektoreen elkartegintza praktikak eta Kooperatibismoaren sustraiak II: sozialista asoziazionista.
Card image cap
2022/12/29

Bi ikerlanak argitaratu dira Lanki Koadernoak bildumaren barruan eta izango dira bilduma horren 15. eta 16. zenbakiak. Igor Ortegak 2021eko uztailean aurkeztu zuen doktorego tesia La Contribución de los Fundadores del Cooperativismo de Mondragon al Pensamiento Cooperativo.

Ikerlanek biltzen dituzte mugimendu kooperatibistaren sustraiak. Lehenengo zenbakian, egileak aztertzen ditu elkartegintza praktikak eta, bigarrenean, sakontzen du sozialista asoziazionista deituriko pentsamenduan. Interesatu guztientzako eskuragarri daude liburuak paperezko bertsioan eta PDF formatuan:

‘Kooperatibismoaren sustraiak I: herri sektoreen elkartegintza praktikak’

Lehenengo liburuxka honetan, Igor Ortegak gainbegiratu historikoa egiten dio kooperatibismoari. Hala, kooperatibismoaren sustraiak arakatzeko asmorekin, Industria Iraultzaren lehen aroan langile eta herri sektoreek garatu zituzten antolaketa eta elkartegintza moduetan jarri du arreta. Ikertzailearen esanetan, “ohikoa da kooperatibismoaren sorreraren unea 1844an kokatzea, Rochdaleko esperientzia kooperatiboa abiatu zen garaian. Baina historiari begiratu azkar bat emanez gero, ideia hori zalantzan jartzeko zantzuak aurki daitezke”. Izan ere, XVIII. eta XIX. mendeetan zabalduriko aroan aurkitzen dira kooperatibismoaren sorrera iturriak. Ortegaren ustetan, “kooperatibismoaren iturriaren muina langile eta herri sektoreen inguruneetan ernaldu ziren antolaketa praktika eta ideia sistemetan aurkitzen da. Praktika eta ideia haiek, industria kapitalismoaren aurrean, babes egiturak ez ezik, gizarte berri baten idealaren ernamuina izan ziren”.

Liburuan aztertzen dira bi bulkada horiek, batetik, langile auzoetan elkar sostengatzeko, lan borrokak garatzeko edota lana eta kontsumoa era kolektiboan antolatzeko eratu ziren elkartegintza praktikak, eta, bestetik, sozialista asoziazionista gisa ezagutu ziren erreformisten ideien eta esperimentazioen hedapena.

‘Kooperatibismoaren sustraiak II: sozialista asoziazionista’

Lanki Koadernoen 16. zenbakian, kooperatibismoaren sustraietan sakontzeko aukera eskaintzen du Ortegak. Behin aztertuta XVIII. eta XIX. mendeetan, industria-kapitalismoari aurre eginez, langile eta herri-sektoreen inguruneetan ernaldu ziren antolaketa-praktikak eta elkartegintza dinamikak, bigarren liburuxka honetan jorratzen ditu sozialista asoziazionista deiturikoen pentsamendua eta ekinbideak. Izan ere, Ortegaren hitzetan, “bi horiek dira, Rochdaleko kooperatiba-esperientziaren mugarriaren aurretik, kooperatibismoaren sorreraren iturri nagusiak”.

Liburuak sakontzen du sozialista asoziazionistek eredu kooperatiboaren eraikuntzan egin zuten ekarpena, teorikoa eta praktikoa

Liburuak sakontzen du sozialista asoziazionistek eredu kooperatiboaren eraikuntzan egin zuten ekarpena, teorikoa eta praktikoa, horretarako, Ortegak landuko ditu Britainia Handiko Robert Owen eta William King doktorea eta Frantziako Charles Fourier, Philippe Buchez eta Louis Blanc autoreen ekarpenak. Egile horiek sustatu zituzten Liberalismoaren erregimen indibidualista eta lehiakorra gainditu eta elkartasunean oinarrituriko gizarte-eredua eraikitzeko, elkarkidetzan oinarrituriko elkarteak. Batzuetan funtzionamendu-arau eta antolaketa-eredu berritzaileak asmatuz, eta, besteetan, berriz, elkartegintza-eredu berri horien esperimentazio praktikoak garatuz.

Ikertzailearen hitzetan, egile haiek “ez zuten kooperatiba hitza erabiltzen ―berriagoa baita―, baina zalantzarik ez dago sustatu zituzten kontsumo- edo ekoizpen-elkarteak egungo kooperatiben aurrekari zuzenak dira”. Liburuxkan biltzen dira Sozialista asoziazionista horien proposamenak eta kooperatibismoaren oinarri ideologiko izan ziren beste hainbat iturri.

Bi liburuxka hauek eta Lanki Koadernoak bilduma barruan argitaratutako beste ikerlan guztiak eskura daude Unibertsitateko webgunean: Lanki Koadernoak.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa