Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
EROSKIk bezeroei erantzuteko zerbitzurik onenaren saria jaso du
Kooperatibak oraintsu jaso du Madrilgo Wanda Metropolitano estadioan, Bezeroei arreta eskaintzeko zerbitzu onenaren saria banatzaile handien kategorian eta fidelizazio klubenean, zeina Sotto Tempo Advertising aholkularitza zerbitzuak antolatzen baitu. Kontsumitzaileek berek aukeratzen dute, sektoreka, zein erakundek duen kalitaterik onena bezeroei erantzuteko orduan.
Kooperatibak inoiz baino nota hobea atera du aurten; izan ere, bikaintasunetik hurbil-hurbil gelditu da 10 bat aterata bezeroen fidelizazio programan eta 8,77 bezero arreta orokorrean, biek ere sektoreko batez bestekoa gaindituta.
"Sari hau seigarrenez segidan hartzea pozgarria da, eta are gehiago pozten gara lehen aldiz jaso baitu saria EROSKI Club fidelizazio programak bezero-bazkideei ematen dien arreta esklusiboagatik; horrek animatzen gaitu Zurekin eredu komertzialarekin abiatutako bidean jarraitzera. Eredu hori beti ari da aldatzen bezeroen ekarpenei esker; ekarpen horiek egunez egun hobetzen laguntzen digute, eta egiazko beharretara efizientzia handiagoz egokitzen", esan du EROSKIren Bezero Saileko arduradunak, Josu Madariagak.
Bezeroari Erantzuteko Zerbitzuaren urteko saria, prestigioduna Europa mailan, Frantzian hasi ziren ematen orain dela hamaika urte, eta aurten zazpigarrenez ospatu dute Espainian. Saritutako konpainiak aukeratzeko, zorroztasunez erabiltzen dira Mystery Shopper teknika eta gogobetetasun inkestak. Erosketa simulatua ere esaten diote teknika horri, eta honetan datza: adituek sei-zortzi astez bezeroak edo erabiltzaileak balira bezala jokatzen dute, eta enpresen eta bezeroen arteko harremana zenbait alderditatik eta egoera jakinetan ebaluatzen dute.
Espainian antolatu den zazpigarren ekitaldi honetan, ebaluazio zorrotza jasan dute enpresa parte-hartzaileek: Mystery Shopperren 180 test egin dizkiete, bezeroarekin dituzten harreman kanaletan (telefonoa, posta elektronikoa/formularioa, webgunea eta komunikabide sozialak); horretaz gainera, inkesta bat egin diete Espainiako 2.000 herritar esanguratsuri.
Saridunak aukeratzeko kalitate irizpideak Europako UNE-EN 15838 arauan oinarritzen dira; arau horrek ezartzen du bezeroarekin harremana dagoen puntuetan zer betebehar dituzten zerbitzu emaileek.
Bezeroarekiko konpromisoaren aitorpena
Bezeroaren arreta pertsonalizatua da EROSKIk darabilen indarguneetako bat Zurekin eredu komertziala bere sarean hedatzen ari den honetan. "Betetzen ari gara zalantza guztiak berehala argitzeko konpromisoa, orobat iradokizunei eta erreklamazioei laster batean erantzutekoa ere, eta, kudeaketaren bat egin behar baldin bada, gehienez ere 24 orduan erantzuten dugu", gehitu du Madariagak. Lehengo urtean, 32.000 harreman proaktibo baino gehiago eduki zituen EROSKIk bezeroekin bere jarduerez informatzeko, eta aurrez aurreko bilerak, berriz, 2.800 lagunekin baino gehiagorekin.
EROSKIk Bezeroari Erantzuteko duen Zerbitzua lau hizkuntzatan dago, euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galizieraz; zerbitzu hori, gainera, bai telefonoz (944943444) eta bai posta elektronikoz ematen du, baita webgunez ere: www.eroski.es. Joan den urtean, 422.666 kontsultari baino gehiagori erantzun zien EROSKIk zerbitzu horren bitartez.
Bestalde, bezeroak zuzenean komunika daitezke EROSKIrekin sare sozialen bidez. Facebooken 199.578 lagunek jarraitzen diote EROSKIren orri ofizialari, eta kooperatibaren Twitter soslaiak (@EROSKI) 48.857 jarraitzaile ditu.