Mondragon Unibertsitateak hitzarmena sinatu du Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearekin

Elkarrekin lan egingo dute talentua eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia-proiektuak garatzeko.
Card image cap
2017/07/24
Plan bat egingo dute unibertsitatearen eta enpresaren artean talentua transferitzeko, besteak beste, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan, berrikuntza-proiektuen kudeaketan, eraldaketa digitalean eta berrikuntza irekiko “open innovation” plataformetan.

Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko (EJIE) zuzendari nagusi Alex Etxeberriak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, talentua eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia-proiektuak garatzeko.

Akordio horretan, ezagutza partekatzea eta paradigma digital berrian talentua garatzea hitzeman dute bi erakundeek. Hitzarmenak honako helburu hauek ditu, besteak beste:

  • Esparru teknologikoetan nahiz ez teknologikoetan lankidetza sustatzea, ezagutza sortu, partekatu eta transferitzeko. Horretarako, ikerketa-proiektuetarako eta doktore-tesietarako programak jarriko dituzte martxan, eta epe motzera eta luzera bi erakundeen eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetuko dituzten baterako jarduerak egingo dira.
  • Mundu digitalean talentua kudeatzeko jarduketak eta programak martxan jartzea.

Hitzarmenak mota honetako ekintzak sustatuko ditu:

  • Talentuaren prestakuntzarako eta kudeaketarako jarduerak, esparru profesionalean nahiz unibertsitatean.
  • Ikerketa kooperatiboko proiektuen garapena, dimentsio europarreko eta Euskadiko ikerketa estrategikoko proiektuetan batez ere.
  • Baterako doktore-tesiak, EJIEko eta Mondragon Unibertsitateko langileen baterako gidaritzapean.
  • EJIEko profesionalek Mondragon Unibertsitatearen prestakuntza-jardueretan jardutea.
  • Mondragon Unibertsitateko ikasleek Master Amaierako Lanetan, Gradu Amaierako Lanetan, prestakuntza dualeko programetan edo EJIEko praktiketan parte hartzea.
  • Enpresekin baterako proiektuak martxan jartzea, ikertzeko nahiz ezagutza transferitzeko proiektuetan.
  • Zientzia eta teknologia arloko bokazioen sustapena (STEAM).

Hitzarmenarekin, EJIEk berrikuntza-proiektuak garatu nahi ditu, betiere hurrengo urteetarako zehaztu diren zerbitzu lehiakorrak eskaintzeko bere estrategia sustatzeko helburuarekin.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa