Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Zer eskatzen diozu enpresari zuretzat erakargarria izateko?
Protagonistak banan-banan
Itziar Alzuguren Almorza (Andoain)
Ikerlan ikerketa gunean dabil doktoretza ikasketak burutzen, hirugarren urtean sartuta. Energia eta Elektronika arloko ikasketak burutu ondoren, orain Potentzia Elektronikako arloan dabil lanean, Potentzia Bihurgailuen taldean. Ibilgailu elektrikoen kargagailuen inguruan ikertzen dabil, topologia berriak aztertzen.
Jokin Labaien Soto (Bergara)
Ikerlanen ari da Jokin ere, Matematika eta Adimen Artifizial arloko ikasketak egin ditu. Tesia egiten ari da, laugarren urtean jada eta udarako bukatzea iragartzen du. Ikerlanen, Adimen Artifizialaren arloan dihardu lanean, sentsorika eremuan hain justu ere; datuen bitartez makinen matxurak iragartzen, atzematen, aztertzen eta soluzioak eskaintzen.
Miren Bustillo Ordorika (Gernika)
Maier kooperatiban ari da praktikak egiten, eta era berean, masterra burutzen ari da, Pertsonen Talentuaren Kudeaketaren arloan Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultatean. Zuzenbidea eta Lan Harremanak ikasi zituen eta une honetan pertsonen kudeaketa arloan ari da burutzen praktikaldia Gernikako kooperatiban.
Soldata egoki bat?
Miren: Enpresek arazo ugari dituzte pertsona egokiak kontratatzeko, profil teknikoetan eta IT profiletan, esaterako, gabezia handia dago eta pertsona batek proiektu baten alde egiterakoan dirua garrantzitsua dela esango nuke, baina ez da dena.
Jokin: Dirua garrantzitsua da, baina badira beste faktore batzuk askoz ere garrantzitsuagoak. Niretzat, adibidez, inportantea da bizi naizen lekutik gertu lan egitea, eta profesionalki asebeteta sentitzea, nire gustukoa izatea egiten dudana.
Itziar: Soldata erabakigarria izan daiteke, bai, talentua erakartzeko estrategiaren parte garrantzitsua enpresa askorentzat, baina lanpostuaren baldintza orokorrak inportanteagoak direla esango nuke. Beste faktore asko daude, dudarik gabe.
Zeintzuk dira faktore horiek?
Itziar: Lanak motibatu behar zaitu, izan ere, baldintza oso onak eskaintzen badizkizute baina lanak ez bazaitu betetzen... Ez bazaitu motibatzen erraz nazkatuko zara. Hasteko, beraz, garrantzitsuena lana gustukoa izatea da. Egutegi erakargarria, malgua, soldata egokiarekin...
Jokin: Lana norbere gustukoa izan behar da, baina baita lan-talde atsegina izatea eta lankide jatorrak edukitzea inportantea da. Tesia egiten zauden bitartean ez zara proiektuetan horrenbeste sartzen, bezeroekin bertatik bertara lan egiteko aukerarik ez duzu eta dena da errazagoa. Harreman horiek kudeatzea, proiektu eta bezeroekin arazoak gestionatzea... Gauzak gaizki doazenean zein giro sortzen den ezagutu nahi dugu.
Miren: Giroa ezinbestekoa da, dudarik gabe. Lanak motibatu behar zaitu baina giroak asko laguntzen du. Lanera zoazenean lankideekin gustura egoteak asko motibatzen du, izugarri.
Zer da enpresan gehien baloratzen duzuna?
Miren: Profesionalki garatzen laguntzen duten enpresak ditut gogoko. Aukera eta lan-postu ezberdinak eskaini ditzaketen enpresak. Ekipoan lan egin, gauza berriak probatu… horrek erakartzen nau.
Itziar: Horrekin lotuta, lanpostu ona izango da zure onena, duzun potentzial guztia, arlo tekniko zein pertsonalean ateratzeko gai dena.
Jokin: Gauza berriak egin, etengabe ikasi, hori be oso garrantzitsua da niretzat. Proiektu oso desberdinak dira eta ikasten joan behar dugu etengabe.
Joango zinateke lanera, esaterako, telelana eskaintzen ez duen enpresa batera?
Jokin: Ni ez naiz oso telelan zalea. Baloratzen dut aukera hori edukitzea, astean pare bat egunetan, baina nahiago dut bulegora etortzea. Gehiago motibatzen nau bulegoan jendearekin egon eta zalantzak kontrastatu ahal izatea. Egia da lanetik gertu bizi naizela eta horrek nire iritzia baldintzatzen du.
Itziar: Niri ere gehiago gustatzen zait lanera etorri, lankideekin egon, teams-eko elkarrizketa luze bat baino nahiago dut bost minutuko bilera presentziala. Hala ere, Andoaindik nator eta egunero ordu eta erdiko bidaia aurrezteko aukera izatea ere oso positiboa dela uste dut. Oreka da gakoa. Lanaren arabera, etor gaitezke eta beste lan batzuk etxetik egin ditzakegu.
Miren: Otsailean hasi nintzen lanean eta gustatzen zait lankideekin egotea eta harreman estua dut haiekin. Etxean geratuz gero aspertu egingo nintzateke, eta gauza asko galduko nituzke. Gurea oso sail handia da eta niri laguntzen dit beste batzuek egiten duten lana ikustea… Maierren, praktikaldian, ez dago telelana egiteko aukerarik, baina kontratua egiterakoan eskainiko didate.
“ Ez nintzateke inoiz joango jendea baloratzen ez den enpresa batera. Agindupean lan-egitera behartzen zaituzten enpresara.”
Eta orohar, nora ez zinateke inoiz joango?
(Isilunea. Hiru protagonistak pentsakor).
Itziar: Konfiantzazko harremanik ez dagoen enpresa batera ez nintzateke inoiz joango, edo behin joanda hori aurkituko banu, alde egingo nuke.
Jokin: Etikoki nirekin bat egiten ez duen enpresara ez nintzateke joango.
Miren: Ez nintzateke inoiz joango jendea baloratzen ez den enpresa batera. Agindupean lan egitera behartzen zaituzten enpresara. Hori ez dut nahi nire lanean. Norbere lana baloratzen duten tokira joango nintzateke. Era berean, ez nintzateke inoiz joango elkarrizketan txarto tratatzen zaituen enpresara. Ezta nire bizitokitik oso urruti dagoen batera ere.
ARIKETA PRAKTIKOA
1etik 5era lehentasunen zerrenda osatu. Enpresa batera joateko bost arrazoi nagusiak zerrendatu, 1etik (inportanteena) 5era.
“ Lanak motibatu behar zaitu, garrantzitsuena lana gustukoa izatea da. Egutegi erakargarria, malgua, soldata egokiarekin…
Miren
1. Elkarrizketatzen zaituzten momentutik gustura eta baloratuta sentiarazten zaituen enpresara joango nintzateke.
2. Karrera profesional anitza eskaini dezakeen enpresara. Gauza ezberdinak egiteko aukera eskaintzen duena.
3. Hurbiltasuna. Niretzat oso garrantzitsua da enpresa etxetik gertu egotea.
4. Konfiantzazko harremana sustatzen duen enpresa proiektua izatea.
5. Malgutasuna eskaintzen duena. Ordutegi eta egutegi malgua, telelana egiteko aukera, baldintzak garrantzitsuak dira.
Jokin
1. Lantalde atsegina ezinbestekoa da niretzat, gustura egotea lanekoekin.
2. Lanpostua. Garapen profesionalaren ikuspegitik.
3. Baloratuta sentitzea. Zutaz zer espero duten eta lanean zaudenean zerbait ondo egiten duzunean esker ona jasotzea, laguntza beste batzuetan… baloratuta sentitzea azken finean.
4. Gertutasuna. Etxetik gertu egotea. Ez ditut bi ordu bidaian pasatu nahi. Denboraz gain beste arrisku faktore batzuk ere badaude errepidean.
5. Baldintzak. Malgutasuna. Soldata. Oporrak moldatzeko aukera.
Itziar
1. Lanpostuak, lan motak motibatzen nau. Zein izango da lanpostuaren egiteko nagusia. Erronka profesionala garrantzitsua da niretzat.
2. Lan-taldeak transmititzen didana. Zer espero dute nitaz? Baloratua sentitzen naiz?
3. Konfiantzazko harremana. Nik konfiantza edukitzea ingurukoei eta talde buruari gauzak esateko. Nirekin konfiantza edukitzea.
4. Baldintza ekonomiko eta laboralak (ordutegia, egutegia, malgutasuna). Ordutegia moldatu ahal izatea. Aukera izatea nire gogora egokitzeko.
5. Gertutasuna. Hiru urte daramatzat Arrasaten, eta Andoaindik nator egunero. Ikerlanek astean birritan Hernanin lan egiteko aukera ematen dit eta oso inportantea da niretzat. Errepidea denbora da, energia da, arriskua da…