Nagusi Intelligence Center abian da, Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza eskaintza berria

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Adimen Artifizialari buruzko master profesional berri bat eskainiko du, osasun-sektorera eta Silver Economyra bideratua, aurten eskaintzen dituen master- eta aditu-tituluei gehituko zaiena.
Card image cap
Vicente Atxa eta Ainara Basurko, Mondragon Unibertsitateko errektorea y Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen ekonomikoko diputatua, masterraren aurkezpenean.
2022/06/07

Mondragon Unibertsitateak zabaldu egingo du datorren ikasturtetik aurrera Nagusi Intelligence Centerren egoitzan —Bizkaiko Foru Aldundiaren Urduliz Dorrean—  aurten ematen duen prestakuntza. Hala, urritik aurrera, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Adimen Artifizialeko master profesional berri bat eskainiko die osasun-sektoreko eta Silver Economy sektoreko profesionalei, ikasturte honetatik jada ematen dituen beste bi titulu propioei gehituko zaiena: Silver Economyrako Ekintzailetza Teknologikoko Master Profesionala eta Data Scienceko Unibertsitateko Aditu Ikastaroa. Horien bidez, gaur egungo eta etorkizuneko profesionalak adineko pertsonentzako ekonomiarekin lotutako hainbat arlotan prestatu nahi dituzte Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Bi masterrak aitzindariak dira Euskadin.

Aurreikuspenen arabera, 2031. urtean, euskal biztanleen % 46,5 baino gehiago 55 urtetik gorakoa izango da.

Silver sektorerako soluzio teknologikoetara bideratutako prestakuntza-programak ematen urtebeteko esperientzia izan ondoren, Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak balantzea egin dute, eta 2022/2023 ikasturteko prestakuntza-programa aurkeztu. Unibertsitateko errektore Vicente Atxa honela mintzatu da Nagusi Intelligence Center proiektuaz: «Lankidetza publiko pribatuaren arrakastaren adibide ba da, non erakundeek, enpresek eta unibertsitateak ahaleginak batu dituzten zahartzeari lotutako sektore gero eta handiagoan pertsonak prestatzeko eta jardun ekonomikoa eta enplegua sustatzeko. Ziur gaude —erantsi du— ekintzailetzarako eta enplegua sortzeko ahalmen handia duen sektore bat dela eta prestakuntza espezifikoaren bidez bakarrik egin daitekeela hori, adibidez  Urduliz Dorrean eskaintzen den prestakuntzaren bidez, zeinetan aukera bihurtuko dugun errealitate bat: gero eta urte gehiago bizi garela eta gizartea zahartzen ari dela. Gero eta adineko pertsona gehiago daude gure gizartean, eta gure gazteak eta profesionalak prestatu behar ditugu pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko».

Lehen urte honetan, 25 pertsona trebatu dira Urduliz Dorreko adinekoen inteligentzia-zentroan, bi tituluak egiten. Haietatik 18 profesional ari dira Ekintzailetza Teknologikoko Masterra egiten, 2021eko azaroan hasi eta 2022ko uztailean bukatuko dena. Lan-esperientzia dute pertsona horiek, eta Silver publikoari zuzendutako oinarri teknologikoko produktuak eta zerbitzuak ari dira diseinatzen; enpresa berriak sortzea ekar lezakete ideia horiek, baita dagoeneko finkatuta dauden erakundeetan negozio-lerro berriak sortzea ere. Mota askotakoak dira profesional horiek lantzen ari diren ideiak, hala nola kirolarekin, aisiarekin, bidaiekin eta gailu ortoprotesiko edo medikoekin lotutako ideiak, telelaguntza edo etxeko arreta integrala, gailu edo sentsoreak, elikadura osasungarria, aplikazioak, ingurune lagunkoiak, aurrezkiak, izapideak eta abar.

Zabalik dago jada bi masterretan izena emateko epea. Biak hasiko dira 2022ko urrian. Aurretik, ekainaren 9an, bi tituluetarako informazio-saio bat egongo da online, 17:30ean. Hona hemen esteka: https://event.webinarjam.com/register/444/6vy2qhqp 

Errealitatea datutan

Aurreikuspenen arabera, 2031. urtean, euskal biztanleen % 46,5 baino gehiago 55 urtetik gorakoa izango da. Europan, bi urtean soilik, 88 milioi hiritarrek baino gehiagok gaindituko dute adin hori, eta aurreikuspenen arabera, denbora-tarte berean, 2024rako, 88 milioi euroko jarduera sortuko dute 55 urtetik gorakoek Europar Batasunean. 2020an bakarrik, 65 urtetik gorako pertsonek 11,8 bilioi euroko balioa zuten produktuak eta zerbitzuak kontsumitu zituzten mundu osoan.  Zifra horiekin, ez da harritzekoa mundu osoko enpresak eta erakundeak egotea ahaleginak egiten gero eta handiagoa den eta datozen urteetan hazten jarraituko duen eskaera horri erantzuteko.

Bizi-itxaropenaren gorakadak eta jaiotze-tasaren beherakadak eragindako aldaketa demografikoak eta biztanleriaren zahartzeak, gaur egungo gizartearentzako erronka asko ez ezik, negozio-aukera berriak ere ekarriko ditu berekin, zilar-ekonomia deiturikoarekin lotuta daudenak. Horrek eskutik dakartza askotariko diziplinetako profesionalentzako negozio- eta enplegu-aukera berriak. Mondragon Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, bizitzako etapa horretan dauden pertsonen beharrizanei erantzuteko beharraz jabetuta, honako hau erabaki zuten: indarrak batzea Urduliz Dorreko Nagusi Intelligence Center proiektuan eta unibertsitate-titulu propioak eskaintzea, gaur egungo eta etorkizuneko profesionalak etorkizuneko ekonomian, Silver Economy sektorean, espezializatzeko.

Adimen Artifizialeko Master Berria osasun-sektoreko eta Silver Economyko profesionalentzat

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Urduliz Dorrean hurrengo urritik aurrera eskainiko duen master berria datu-analistaren profila eskuratzeko interesa duten osasun-sektoreko langileei zuzenduta dago; bereziki, biztanleriaren zahartzearen ondorioz sortutako ekosistema teknologikoarekin eta soziosanitarioarekin lotutako datuen analisia jorratuko du.

Big Datak eta Adimen Artifizialak eraldatu egin dute edozein industriatan datuak eskuratzeko, aztertzeko eta erabiltzeko modua. Baina ibilbide luzeena duen arloetako bat, eta probestu daitekeena, adineko pertsonen osasun eta ongizatearen zaintzaren arloa da, hain zuzen. Hauek dira datuen erabilera etiko, legal eta adimentsu batek sor ditzakeen erabileretako batzuk: giza baliabideen eta hornigaien kudeaketa adimentsua, paziente-kopuruaren kontrola eta aurreikuspena, monitorizazio-sistemen bidezko osasunaren zaintza eta irudien bidezko diagnostiko automatizatu eta prebentiboa.

Masterrak formakuntza eskainiko du, Adimen Artifizialak eta Big Datak eskainitako tresnen bidez datu soziosanitarioak eskuratzen, biltegiratzen, prozesatzen eta kudeatzen ikasteko. Horri esker, ezagutza handitu eta erabaki egokiagoak hartu ahal izango dira Silver Economy sektorean.

Gaian interesa duten baina ikastaro laburrago bat bilatzen duten pertsonei 4 hilabeteko aditu-ikastaro bat eskainiko zaie, gai horrekin lotuta.

Silver Economyrako Ekintzailetza Teknologikoari buruzko Masterraren bigarren edizioa

Urrian hasiko da master horren bigarren edizioa. Haren bidez, profesionalek trebakuntza egokia jasoko dute berrikuntza-prozesuak sustatzeko eta funtsezko premiak identifikatu eta balio-proposamen bihurtzeko, Silver Economy sektorerako produktu, zerbitzu eta negozio erakargarriak sortzeko helburuz. Programa uztailean amaituko da.

Masterra hiru profil dituzten pertsonei dago zuzenduta, batez ere: teknikoa, sanitarioa eta ekintzailea. Hiru fasetan dago egituratuta: prestakuntza (zahartzea, ongizatea, osasuna, babes-teknologiak, metodologia arinak eta diseinu inklusiboa); murgiltze-fasea (osasun-zentro batean, zentro soziosanitario batean edo Silver Economy sektoreko enpresa batean, lehen eskutik identifikatzeko sektore horretako beharrak); eta proiektu-fasea, proiektu berritzaile eta negozio-ideia bat sortzeko.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa