Energia biltegiratzeko teknologien erronkak aztertzeko online formazioa

Repsol Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak energia berriztagarrien erronkan sakontzeko antolatu duten hirugarren jardunaldia da, eta otsailaren 6an egingo da, 10:00etatik 12:15era, online.
Card image cap
2024/01/29

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta Repsol fundazioak onlineko hirugarren saio bat antolatu dute, energia berriztagarriek Espainian dituzten egoera, bilakaera eta erronkak aztertzeko. Hain zuzen, oraingo honetan, biltegiratze-teknologiek Espainian duten bilakaera aztertuko dute adituek, baita energia berriztagarriak eraginkortasunez hedatzeko duten garrantzia ere. Saioa doakoa izango da eta otsailaren 6an (asteartea) egingo da, 10:00etatik 12:15era. Parte hartzeko, izena aldez aurretik eman beharko da.

Energia berriztagarriak funtsezkoak dira isurtze gutxiko energia-eredurako trantsizioan

Tarte horretan, energia-biltegiratzeak Espainian dituen erronkak izango dituzte aztergai Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko irakasleek eta zenbait enpresatako adituek. Mondragon Unibertsitatearen aldetik, hauek izango dira: Unai Iraola, Goi Eskola Politeknikoko irakaslea eta Energia Biltegiratzeko Sistemen ikerketa-taldeko koordinatzailea, eta Eneko Unamuno, irakaslea eta Energia Elektrikoaren taldeko ikertzailea. Enpresen aldetik, berriz, aditu hauek arituko dira: Raquel Guindo, Repsol fundazioko Hezkuntzaren eta Ezagutzaren kudeatzaile seniorra; Juan Fraga, ID Energy Groupeko Energia berriztagarrien, biltegiratzearen eta energia-teknologia berrien arloko exekutibo seniorra eta aholkularia; Elena Agudo, Repsol Renovableseko proiektu-zuzendari seniorra; José Ignacio Linares, Comillaseko Pontifize Unibertsitateko katedraduna eta Repsol fundazioko Energia Trantsizioko katedrako zuzendaria, eta Marija Vujavic, Hitachi Energyko Energiaren arloko produktu-zuzendari globala Grid Edge Solutions-en. Jardunaldiaren amaieran, galderak egiteko aukera egongo da. 

Testuingurua

Energia berriztagarriak funtsezkoak dira isurtze gutxiko energia-eredurako trantsizioan. Hala ere, energia berriztagarrien erabileraren inguruan askotariko zalantzak sortu dira, besteak beste, alderdi hauei dagokienez: horniduraren segurtasuna, sare elektrikoan integratzea, beharrezko mineral kritikoekiko mendekotasuna eta gizartearen onarpena. Gai horiek guztiak jorratzeko eta horri buruzko zalantzak argitzeko, Mondragon Unibertsitateak eta Repsol fundazioak, energiaren arloan erreferentzia diren bi erakunde izaki, online prestakuntzako hainbat saioz osatutako programa bat martxan jartzea erabaki zuten iaz, energia horien etorkizunerako erronka sakon aztertzeko.

Mondragon Unibertsitateak urteak daramatza arlo horretan lanean; hain zuzen, hainbat gradu eta master eskaintzen ditu. Halaber, ikerketa-ibilbide nabarmena duten eta sektoreko puntako enpresekin elkarlanean aritzen diren irakasleak daude unibertsitatean. Hortaz, jardunaldia abian jartzeko, bat egin dute energiaren arloan erreferentzia diren bi erakundek, bai eta sektore horretara ikuspegi berriak ekartzen dituzten beste bazkide batzuek ere.

Egitaraua

10:00. Irekiera

  • Unai Iraola, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko irakaslea eta Energia Biltegiratzeko Sistemen ikerketa-taldeko koordinatzailea.
  • Raquel Guindo, Repsol fundazioko Hezkuntzaren eta Ezagutzaren kudeatzaile seniorra.

10:10. Key notea: «Biltegiratzea, energia-trantsizioa eta sistemaren eta merkatu elektrikoaren egonkortasuna»

  • Juan Fraga, ID Energy Groupeko Energia berriztagarrien, biltegiratzearen eta energia-teknologia berrien arloko exekutibo seniorra eta aholkularia.

10:40. Aditu-taldea: «Energia-biltegiratzearen erronkak»

  • Ponpaketa hidrauliko itzulgarriaren bidezko biltegiratzea. Elena Agudo, Repsol Renovableseko proiektu-zuzendari seniorra.
  • Bateria egonkorrak: energia-trantsiziorako komodina. Eneko Unamuno, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko irakaslea eta Energia Elektrikoaren taldeko ikertzailea.
  • Ponpaketa termiko bidezko biltegiratzea (Carnoten bateriak). José Ignacio Linares, Comillaseko Pontifize Unibertsitateko katedraduna eta Repsol fundazioko Energia Trantsizioko katedrako zuzendaria.
  • Inbertitzaileetan oinarritutako baliabideek eusten duten sarearen erresilientzia (ingelesez). Marija Vujavic, Hitachi Energyko Energiaren arloko produktu-zuzendari globala Grid Edge Solutions-en.

12:00. Galderen txanda

  • Unai Iraola, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko irakaslea eta Energia Biltegiratzeko Sistemen ikerketa-taldeko koordinatzailea.

12:15. Ondorioak eta itxiera

Irakaskuntza unibertsitate zentroa