2010eko emaitzak mantenduko ditu Euskadiko Kutxak

Aurtengo ingurune ekonomikoa zaila da, honako baldintzatzaile hauen ondorioz: familien (etxebizitza erostea eta kontsumoa) eta enpresen (produkzio-jarduera apala dute oraindik) inbertsio-premia txikiagoak; berankortasun mailak handituz doaz. Gauzak horrela, 2011ko lehen sehilekoko emaitzak bat datoz Gestio Planean ezarritako aurreikuspenekin. Hala, urtearen bukaerarako, 2010eko emaitzak errepikatzea aurreikusten da.
Card image cap
2011/08/08

Negozioaren Gakoak

Kreditu-inbertsioa: Bezeroei emandako kredituen zenbateko osoa 15.637 milioi eurokoa izan da. Sektoreka aztertuta, familien finantzaketari dagokionez, Entitateak gizartearekin harturiko konpromisoari eutsi dio. Hala, etxeko ekonomietan egindako inbertsioa 11.044 M€-koa da. Kopuru hori aurreko ekitaldian baino % 1,6 txikiagoa da, eskariak behera egin baitu nabarmen. Enpresen finantzaketari dagokionez, higiezinen sustapenaren arloa alde batera utzita, azpimarratzekoa da jarduera ekonomikoari emandako kredituak % 1,1 egin duela gora.

Negozio-bolumena: Bezeroen gordailuek % 1,3 behera egin eta 18.270 milioi eurora iritsi dira. Hala ere, merkatuaren gainean presio handiak izan arren, Entitateak bereganaturiko bezeroen baliabideek % 0,25 egin dute gora, eta % 18 epe finkoko saldoen kasuan. Bestalde, aurreikuspen- eta pentsio-planetan ere bilakaera positibo argia izan dute bezeroen saldoek, % 8ko hazkundea izan dute eta.

Horrenbestez, kudeatutako negozio-bolumena 33.906 milioi eurora heldu da.

Berankortasuna: Berankortasun-tasak ere jokaera egokiari eutsi dio. Izan ere, ratioa % 4,33koa da, sektoreko txikienetakoa –batez bestekoa % 6,32koa izan da apirilean–.

Arriskuak neurtzen dituen Fitch agentziak “A” (kalitate ona) kalifikazioa eman dio Euskadiko Kutxaren epe luzeko zorrari eta mozkin egokiak eta higiezinen sektorearekiko esposizio txikiak azpimarratu ditu, sektoreko batez besteko datuekin alderatuta.

Kalifikazio horrek egiaztatu duenez, Euskadiko Kutxaren aktiboek interesak eta tronkoa ordaintzeko ahalmen sendoa dute.

Kaudimena: Core Kapitalari dagokionez, Euskadiko Kutxak % 11,59ko ratioa du eta Estatuko lehen entitateen artean dago. Kontuan hartu behar da ratio horrek  lehen mailako Baliabide Propioen maila islatzen duela eta erabakigarria dela etor litezkeen agertoki okerren aurrean.

Ildo horretan, gogoratu beharra dago, Basilea III akordioak finkaturiko kapital-eskakizun berrien arabera, entitateen kapitalak –Core Kapitala gehi koltxoi antiziklikoak barne hartuta– % 10,5ekoa izan behar duela 8 urteko epean. Bada,  Euskadiko Kutxak kopuru hori gainditu egin du dagoeneko.

Likidezia: Euskadiko Kutxak likidezia maila lasaia du, eta emandako kredituen gaineko txikizkako gordailuen ehunekoak (% 80ekoak) erakusten du hori. Izan ere, sektorearen batez bestekoa (% 67koa iragan martxoan) baino nabarmen portzentaje hobea da. Bestalde, Euskadiko Kutxak 2013aren bukaera arte ez die handizkako merkatuetako mugaegunei aurre egin behar.

Emaitza Kontua

Oinarrizko marjina —negozio errepikariaren emaitzak islatzen ditu (interesen marjina + zerbitzuen errendimendua)— % 4,2 jaitsi da, aurreko ekitaldiko epe berarekin alderatuta. Hala, lehendik zetorren jaisteko joera apaldu egin da, interes-tasen igoerari esker, txikizkako gordailuak bereganatzeko entitateen arteko lehia handia dagoen ingurune batean. Zerbitzuen errendimenduak ere lagundu egin dute eboluzio horretan, % 3,1eko hazkundearen ostean 45,9 milioi eurora heldu baitira.

Gastuei eusteko politika zorrotzaren ondorioz, administrazioko gastuak % 2,7 murriztu dira, eta  eraginkortasun-indizea iazkoa baino hobea da, % 43,65ean kokatu baita.

Bilakaerak bide eman du 78,4 milioiko zuzkidura egiteko lehen seihilekoan, 2010ean baino % 21,2 handiagoa, kreditu-zorroa berrikustean irizpide zuhurragoak aplikatzearen ondorioz.

Finantza eta aseguru zerbitzuak.