Gipuzkoako Foru Aldundiak harremanak indartu ditu eragile ekonomikoekin egungo krisiari aurre egiteko

Markel Olano diputatu nagusiak bilera bat bideratu du MONDRAGON, Adegi, Cámara, AFM eta ASLErekin, Ukrainaren inbasioak industria-sektorean duen eragina aztertzeko.
Card image cap
2022/03/17

Foru Aldundiak Gipuzkoako eragile ekonomikoekin bilera sorta bat hasi du, gerrak lurraldeko enpresen jardueran duen eraginaren jarraipen zehatza egiteko, enpresen egoera bertatik bertara entzuteko eta egungo egoera ekonomikoaren ondorioak arintzea ahalbidetuko duten jarduerak elkarrekin lantzeko.

Markel Olano diputatu nagusiak “kezka” adierazi du, baina, aldi berean, “konfiantzazko” mezua helarazi du, eta “elkarlana maila guztietan indartzearen alde” egin du, egungo egoerari aurre egiteko.

Bertan parte hartu dute: Iñigo Ucin, MONDRAGON Korporazioko presidenteak; Eduardo Junkera eta Jose Miguel Ayerza, Adegiko lehendakari eta zuzendari nagusiak; Pedro Esnaola eta Javier Zubia, Gipuzkoako Ganberako lehendakari eta zuzendari nagusiak; Xabier Ortueta, AFM makina-erremintaren klusterreko zuzendariak; eta Jone Nolte eta Anabel Yoldi, ASLE Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteko kudeatzaile eta Gipuzkoako arduradunak.

Ehun industrialaren eta enpresen “egoera eta kezken berri zuzena” izan ondoren, Foru Aldundiak “konpromisoa” hartu du horiei “azkartasunez” erantzuteko analisi bat egiteko.