“Sindikalista batek esan zidan kooperatibara joateko”

Chin Pang Ling gaur egun Tolosan bizi da eta Fagor Automationen dihardu lanean. Nahiz eta kooperatiban oso denbora gutxi daraman, ezaguna da dagoeneko bere lankideen artean.
Card image cap
2024/11/04

Gertukoa, saltseroa eta umore berezikoa da Ling. Elkarrizketa euskaraz egiteko asmoarekin elkartu gara Eskoriatzan, Fagor Automationen egoitzan, eta momentu batzuetan Cervantesen hizkuntzara jo behar izan badugu ere, ia-ia lortu dugu. Euskal gizarteaz, bizitzaz orohar, lanaz eta kooperatibismoaz aritu gara.

Kuriositatea dut jakiteko nola iritsi zinen kooperatibara.

Lan esperientzia ugari izan ditut, guztiak ere kooperatibatik kanpo. Azken urteetan, esaterako, Ingemetal enpresan izan naiz eta handik Couthera egin nuen jauzia, Hernaniko lantokira. Markaketa industrialean aritu nintzen, autoen piezen trazabilitatearen arloan, metalen arloan, mikro eta laser markaketan. Sales area manager karguan ari nintzen eta gustura nengoen bertan, baina Fagor Automationeko aukera ikusi nuen eta kooperatibara jauzia egitea erabaki nuen. Hain justu, kooperatiban frogatzeko esan zidan Roberto izeneko lankide batek. Harreman ona genuen, oso argia zen, oso jatorra, eta hark esan zidan kooperatiba batera joateko, aukera izanez gero behintzat. Kuriosoena da, bera sindikatuan sartuta zegoela.

Eta Fagor Automation-era etortzeko aukera sortu zen.

Bai, bada jada urte eta erdi iritsi nintzela. Ikusi nuen Fagor Automation pertsona bila ari zela, nire perfilarekin bat egiten zuen Fagorrek eskatzen zuenak eta probatzea erabaki nuen. Nik enpresen administrazioa eta kudeaketa informatikoko ingeniaritza ikasi ditut, hizkuntzekin ere ondo moldatzen naiz; txinera, kantondarra, ingelesa, frantsesa, gaztelania eta euskara hiz egiten ditut, Fagor Automationen perfil desberdin baten bila ari ziren eta desberdina omen naiz (barreak).

Gustura zaude?

Bai, Fagor Automationen oso giro ona dago, kultura anitzeko enpresa gara eta teknologikoki aurreratuak.

Labur bada ere, kontaidazu zure bizitza, kontatu daitekeena behintzat.

Txikiak ginela amak giltzurruneko arazo bat izan zuen eta zaintza bereziak behar zituenez, gu AEBn bizi zen anaiarengana bidaltzea erabaki zuen. Nire ama ezkongabea zen, zaintza bereziak behar zituen, eta horrexegatik hartu zuen gu Ameriketara bidaltzeko erabakia. Sendatu zenean gure bila etorri zen eta handik etorri ginen hona. Nik 12 urte nituenean ama nire aitaordearekin ezkondu zen. Nire aitaordeak jatetxe txinatarra zuen Donostian, Pekin izenekoa, eta bertan egin nuen lan. Gero ikasketak egin nituen eta hortik aurrera lanesperientzia ezberdinak izan ditut.

Arlo pertsonalean ere, ez zara aspertzen, ezta? Denetik egiten duzu, baina bereziki dantza duzu gustuko.

Granadara joan nintzen emakume errusiar batekin, Lituanian ere egon nintzen eta dantza klaseak jaso nituen bertan. Tolosan ballet egiten hasi nintzen, eta aurretik, unibertsitate garaian, dantza garaikidea egiten zuen pertsona bat ezagutu nuen eta mundua ireki zidan. Oraingo lagunak ere dantzaren ingurukoak ditut.

Emakumeek zure bizitzan garrantzi handia izan dute.

Beti egon naiz emakume artean, etxean ama gertu eta ondoren, emakumeek nire bizitzan garrantzi handia izan dute. Orain Clara izeneko bikotea dut eta harekin gosaltzea, kalabaza krema egitea eta Filmin-eko pelikulak ikustea oso gustuko dut.

Horrenbeste ibili ondoren, orain Euskal Herrian. Luzerako?

Ez. Banoa Txinara, Beijing-era, Fagor Automationek bertan duen egoitzara, zuzendariorde gisa. Nomada izan nahi dut, bidaiatu nahi dut, bizitza askea asko gustatzen zait, sinistu sinesgaitzetan, apustuak egin, segurtasun eremutik atera… hori da egin nahi dudana. Eta Automationek bidaiatzen jarraitzeko aukera eman dit. Niretzat erronka profesional izugarria da. Txina merkatu klabea da guretzat, 60 pertsona ditugu bertan eta hazten jarraitu nahi dugu. Nagusia Beijing-en dago eta hiru urte egingo ditut bertan berarekin.

Captura de pantalla 2024-11-04 a las 10.15.11.png

Kate motzean

Gustatzen zaizu Euskal Herria?

Izugarri gustatzen zait euskal gizartea eta hemen bizitza ulertzeko modua. Euskal zintzotasuna gustatzen zait. Bizitzeko oso erosoa da Euskal Herria, baita kanpotarrentzat ere.

Euskal musikaririk bai?

Euskal musika asko gustatzen zait: Izaro, Olatz Salvador, Olaia Inziarte, Pello Reparaz… eta badago abesti bat izugarria, klasiko bilakatu dena: Mikel Laboaren Txoria txori, ederra da!

Kirolik bai?

Txirrindua hartzea izugarri gustatzen zait eta beti nabil alderik alde, bizikletan. Dantza garaikideko taldeko kideekin asko ibiltzen naiz.

Txirrindularitza kultura da Euskal Herrian, eta Gipuzkoan Realak ere badu garrantzia. Bazara realzalea?

Futbola? Kovacevic, Karpin, De Pedro, Nihat, Toshack… Sasoi hortakoa naiz ni, realzalea ikusten duzun moduan, baina orain ez dut taldea jarraitzen.

Gustuko txoko bat, herri bat?

Tolosa oso gustuko dut eta bertako bizitza asko gustatzen zait. Merkatua, alde zaharreko kaleak, tabernak…

Zer da euskara zuretzat?

Hizkuntza berezia da. Euskaraz egiten dut, bereziki lagunekin, baina anaiak ere egiten du, nik baino hobeto gainera. Ama, anaia eta ni neu bizi gara Tolosan, Alde Zaharrean.

Alde zaharra eta txikiteoa herri askotan eskutik doaz.

Ez naiz oso zalea. Txikiteoa oso iluna izan daiteke, sozialki gustatzen zait, baina alkoholak min handia egin du euskal gizartean, askok gehiegi edaten dute eta ez da ona.

Eskerrik asko Ling, eta egonaldi on Beijingen!

Automatizazio produktuen garapena eta fabrikazioa eta makinaria kontrola