Mundukideren Mozambike Programa

20 urte pasa daramatza Mundukidek Mozambike iparraldeko nekazari familiekin elkarlanean, pobrezia latza oso orokortuta dagoen testuinguru batean. Familien %80 nekazaritzatik bizi da, lan guztia eskuz egiten dute, eta urtean 300 euro inguru baino ez dute irabazten.
Card image cap
2024/10/23

Mundukide, dagoen tokian dagoela, historikoki baztertuta egon diren pertsonekin ari da lanean, euren lanari etekin hobea atera eta, horrela, diru sarrerak eta bizi baldintzak hobetu ditzaten, elkarlanean.

Mozambikeko programak, zehazki, merkatu, produktu eta teknika berriak bilatzen ditu; laguntza teknikoa eta inputak jartzen ditu familien eskura; eta erosleekin harremanetan jartzen ditu.

Gaur egun, programako langile taldearen %90 mozambikarra da, eta metodologia, guztiz parte-hartzailea; izan ere, hainbat aukera eskaintzen dira, eta familiek aukeratzen dute zer landu, zer teknika erabili eta noiz eta nori saldu.

Aurreko nekazaritza kanpainan (2023-2024), 14.500 familiak hartu dute parte, eta, euren poltsikotik 150.000 euro inbertitu, 6.000 hektarea landu eta 3.500 tona nekazaritza produktu saldu ondoren, bi milioi euroko etekina lortu dute.

Bestalde, laguntza teknikoko sistema osoa sustatzeko programak 700.000 euroko inbertsioa egin duenez, ikusi daiteke gastatutako euro bakoitzeko hiru euro irabazi dituztela familiek euren lanarekin. Une honetan, programak sustatutako teknika eta produktuak nekazarien diru sarrera nagusia dira lau distritutan, eta distritu batzuetan biztanleria osoaren herenak baino gehiagok hartzen du parte programan.

Gainera, kontutan hartu behar da programan ikasitako teknikak euren kasa erabiltzen dituzten familiek lortzen duten etekina: 20.000 familia ingururi egin die jarraipena programak, eta iaz guztira bost milioi euro lortu zituzten.

Elkartasuna eta erantzukizuna

Erabaki, lan egin, inbertitu, indarrak batu, teknika berriak ikasi eta erabiltzea. Hori da programaren lan egiteko berezko modua, eta erakusten du, lankidetza pertsonen aurrera egiteko grinaren zerbitzura jartzen denean, baldintza zailenetan ere aldaketa garrantzitsuak lor daitezkeela.

Horregatik, beharrezkoa da lankidetzan jarraitzea, orain arte programan parte hartu duten 30.000 familia inguru horiek eskualdeko nekazarien %20 baino ez baitira. Ari dira aldatzen programaren metodologia eta kudeaketa sistemak, baina beharrezkoa da bidelagunen babesa, familia kopuru are handiagoarekin jarraitzeko lankidetzan.

Kooperazio kooperatiboa