Ausolan, TU lankide aldizkariaren seiehungarren zenbakiaren portadan

Ausolan kooperatibak aurki beteko ditu 50 urte. Gaur egun, 10.000 langilerekin, 250 mila menu sukaldatzen ditu egunero-egunero. Gure aldizkariak 14 orrialdeko portadako erreportajea eskaini dio Ausolani, orainaren eta etorkizunaren gaineko elkarrizketa ugarirekin.
2017/03/14

Yoseba Jainaga, Miren Otaño, Karmele Atorrasagasti, Aitor Aizpurua, Susana Roa, Gontzal Loro, Gemma Otaduy, Oscar Alarcia, Nuria Carbajales, Arantxa Guezuraga, Monika Cabo, Gotzone Heriz eta Amaia Agirre Ausolan kooperatibaren orainaren eta etorkizunaren protagonistetako batzuk dira. 1969an Arrasaten, emakumeei enplegua eskaintzeko helburuarekin sortutako kooperatiba gaur egun Estatuko laugarrena da eta nazioartera jauzia emateko prest dago.

TU lankideren 600 zenbakiko erreportajeak 14 orrialde eskaintzen dizkio Ausolani eta bertan jasotzen dira etorkizuneko erronka eta mugarri nagusienak 

TU lankide aldizkariaren seiehungarren zenbakiko erreportajeak 14 orrialde eskaintzen dizkio Ausolani, eta bertan jasotzen dira etorkizuneko erronka eta mugarri nagusienak zeintzuk izango diren. Beti ere kontutan izanda berriki onartu dutela 2017-2020 epealdirako plan estrategikoa.

Sukaldaritza eta Garbiketa

Gaur egun Ausolanek hilero-hilero 10.000 eta 11.000 nomina inguru kudeatzen ditu, horietatik bederatzi mila Sukaldaritza negozioari dagozkie eta beste mila Garbiketa negozioari. Langile-bazkide kopurua 210 lagunekoa da eta langileen %90 emakumeak dira. Azken urteko fakturazioari dagokionez, 200 milioi eurokoa izan da, negozioka banatuta, %90 Sukaldaritza negozioarenak eta %10 Garbitasunekoak. Egunero-egunero 250 mila menu sukaldatzen dituela, Estatu mailako laugarren enpresa da merkatu-kuotari erreparatuz gero, eta aurre egiten die multinazionalei.

Datu hauek guztiak eta askoz gehiago aurkituko dituzu dagoeneko kalean den TU Lankide aldizkarian. Argazki bilduma ere osatu dugu erreportajea osatzen joan garen heinean. Kontsultatu argazkien bilduma.

Kolektibitateentzako sukaldaritza eta garbiketa zerbitzuak