ML CREW proiektuak errealidade birtuala eta emozioak uztartzen ditu

Proiektua Mariaren Lagundiak ikastetxeko taldeak aurkeztuko du, microFLL MONDRAGON-INNOBASQUEren lehen edizioan. Larunbatean jokatuko da, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Iturripeko Campusean.
2019/01/17

Lehen edizio honetan 20 taldek hartuko dute parte, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe ezberdinetatik, eta horien artean daude Mariaren Lagundiaren hiru taldeak. Horrez gain, bertan izango dira: Arizmendi ikastolatik bost talde, Axular, El Regato, Urkide eta Jesus Maria ikastetxeetatik bi eta Trueba, Egibide, Elburgo eta Zuazola ikastoletatik talde bana.

ML CREW proiektua

Larunbatean aurkeztuko duten proiektuak VR (errealidade birtuala) teknologia ezarri nahi du, astronauten osasun mentala mantentzeko eta egin beharreko tarea ezberdinetan laguntzeko. "Nolabait emozioak erabili nahi ditugu astronautei bertan garatu behar dituzten lan ezberdinetan laguntzeko, izan ere uste dugu emozioa baliogarria dela espazioan egin beharreko zeregin horretan" azaltzen dute.

Esperientzia aberatsa

microFLL MONDRAGON-INNOBASQUE torneoa FIRST LEGO League nazioarteko heziketa programatik eratorria dator, gazteria zientzia eta teknologiaren arlora hurbiltzea helburu duena. 

Larunbatean jokatuko den edizioaren ondoren, bertan klasifikatuko diren taldeek Euskadiko mailako FIRST LEGO League-an hartuko dute parte, Europa Jauregian jokatuko dena datorren otsailaren 16an.

microFLL MONDRAGON-INNOBASQUE torneoaren lehen edizioa MONDRAGON Korporazioa, Innobasque, Scientia Fundazioa eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua dago, antolakuntza Ulma Taldea, Ikerlan, Mondragon Unibertsitatea eta Ausolan erakundeen esku geratuz.