Mondragon Unibertsitateak ikasturte berria inauguratu du euskal gizartean duen eginkizun berritzailea eta eraldatzailea azpimarratuz

Ikasturtea irekitzeko ekitaldian hartu dute parte: Iñigo Urkullu lehendakariak, Cristina Uriarte hezkuntza-sailburuak, Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Idoia Peñacoba unibertsitateko idazkari nagusiak eta Humanitate eta Hezkuntza zientzien Fakultateko irakasle Marian Bilbatua doktoreak. Azken horrek “Hezkuntza Kalitatea eta Hezkuntza Erronkak” izenburuko hasgai akademikoa eskaini du.
Card image cap
2013/09/18

Mu Ikasturte berria 3

Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektoreak azpimarratu duenez, unibertsitateak gizartearen eta enpresen eskaerei erantzuteko konpromisoa du, baita eskaintza akademikoa behar horietara egokitzekoa ere.

“Goraipatzen gaituzte hezkuntza-eredu aurreratuak garatzeko eta abiarazteko zereginetan liderrak izateagatik eta ikasteko prozesuak eraldatzeko konpromisoagatik”. Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektorearen hitzetan, berak 2006. urteaz geroztik zuzentzen duen unibertsitatearen bereizgarri nagusietako bat da hori, eta horri esker lortu ditu unibertsitateak ikasleen errendimendu eta enplegatze maila handiak. Horrez gain, unibertsitateak duen beste ezaugarri nabarmenetako bat  berrikuntza da. Ia gauza guztietan erabilitako berrikuntza. Horren emaitza unibertsitate-eredu malgua eta berritzailea da, denborarekin eta gizartearen bilakaerarekin batera hazten eta egokitzen dena. “Gure eskaintza akademikoak agerian jartzen du nola ulertzen dugun berrikuntza eta nola egokitzen garen gizartearen premia aldakorretara eta gure enpresa eta erakundeen etorkizuneko aukeretara”.

Adierazpen horiek 2013-2014 ikasturtearen inaugurazio-ekitaldian egin ditu errektoreak, Eskoriatzako Campuseko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Ekitaldi ofizialean honako hauek hartu dute parte: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektoreak,  Cristina Uriarte Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburuak eta Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiak. Horrek, gainera, 2012-2013 ikasturteko Memoria Akademikoa aurkeztu du. Bestalde, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea den Marian Bilbatua doktoreak “Hezkuntza Kalitatea eta Hezkuntza Erronkak” izenburuko hasgai akademikoa eskaini du.

MU ikasturte berria 2

Gertaera garrantzitsuak eta erronkak

Iosu Zabalak unibertsitateko azken gertaera garrantzitsuak, 2013-2014 ikasturteko berritasunak eta etorkizuneko erronkak izan ditu aipagai inaugurazio-hitzaldian. Unibertsitateek ekonomian eta jakintzaren gizartean duten eginkizun estrategikoa, eta erantzukizuna, azpimarratu ondoren, Mondragon Unibertsitateko errektoreak azaldu du ikasturte honi ilusio handiz ekingo diotela, nahiz eta nazioarteko testuinguru ekonomikoak eta sozialak eragindako ondorio kaltegarrien jakitun izan.

Ikuspegi akademiko hutsetik, errektorearen hitzaldiaren abiapuntua Mondragon Unibertsitatearen berrikuntza izan da. Ildo horretan nabarmendu duenez,  eskaintza akademikoak agerian jartzen du unibertsitatearen hezkuntza-eredu berritzailea eta aitzindaria. Hala, ikasturteak hiru titulu berri izango ditu ingeniaritzen alorrean. Horiei esker, unibertsitatea –baita euskal gizarte osoa ere, titulu horien izaera aitzindaria dela eta– produkzio-sektorearen etorkizuneko arlo berrietan murgilduko da.

MU1

Titulu horietatik lehena ingeniaritza biomedikoa da, Mondragon Healthekin elkarlanean garatutakoa eta Arrasaten emango dena; beste biak energiari eta eko-iraunkortasunari lotutakoak dira, hurrenez hurren, eta Orona Taldeak Galarretan sustatutako IDEO Berrikuntza Gunean hasi dira jada horien eskolak ematen. Errektorearen esanetan, Mondragon Unibertsitateak eta Orona Taldeak dituzten harreman horiek ezerk baino hobeto islatzen dute prestakuntzaren, ikerkuntza-transferentziaren eta enpresa-aurrerabidearen arteko lankidetza arrakastatsua.

Iosu Zabalak datu garrantzitsu hau nabarmendu du: Mondragon Unibertsitateak eskaintzen dituen 15 gradu-tituluetatik heren batek, hau da, 5ek 5 urte baino gutxiago dituzte. Gainera, titulu horietako batzuk aitzindariak eta erreferenteak dira Estatu osoan, esaterako Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza (LEINN) eta Basque Culinary Centerreko Gastronomia eta Sukaldaritza Zientzien gradua.

Horrez gain azpimarratu duenez, irail honetan unibertsitatea Bilbora iritsi da, Bilbao Berrikuntza Faktoria proiektuarekin. Bizkaiko hiriburuko udalak lagunduta, Mondragon Unibertsitateak bestelako eskaintza egin nahi du, berrikuntza eta ekintzailetza ezaugarri dituena, etorkizuneko ekintzaile gazteei zein dagoeneko finkatuta dauden enpresetako profesionalei begira, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren fabrika sortzeko.

 

Bereizgarriak

Mondragon Unibertsitatearen bereizgarrien artean, ikasleen kalitatezko ikaskuntza integralari eskainitako arreta berezia goraipatu du Zabalak. Ildo horretan, ezagutza tekniko eta zientifikoez gain, esperientzia kooperatibotik eratorritako gaitasunak eta balioak ematen zaizkie ikasleei, gizartea aldatzeko eragile aktiboak izan daitezen. Eredu horren emaitzak begi-bistakoak dira: gizarteak oso iritzi ona du Mondragon Unibertsitateko tituludunen inguruan, horien ezagutzengatik, ikasteko gaitasunagatik, gaitasun teknikoagatik eta ahaleginari, lankidetzari eta konpromisoari loturiko indar balioekin identifikatzeagatik.

Mondragon Unibertsitateak graduen alde egindako apustuaren emaitza lehen mailetako matrikulazioen gorakada izan da. Horrez gain, errektoreak unibertsitate-masterren aldeko apustua ere nabarmendu du. Izan ere, horiei esker, ikasleek espezializazio handiagoa lortzen dute beren gaitasunetan, merkatuko egungo eskakizun profesionalei erantzuteko. Bestalde, jakinarazi du online modalitatea ere gero eta onarpen handiagoa lortzen ari dela: 500 ikasle baino gehiago ari dira modalitate horretan prestatzen. Era berean, graduko eta gradu ondoko eskaintza erdi-presentziala eta gradura egokitzeko ikastaroak izan ditu hizpide. Zehazki, online formatuko Haur eta Lehen Hezkuntzako Maisutza aipatu du. Graduez kanpoko ikasketa-eskaintza horri esker, urtero 5.000 profesionalek baino gehiagok ikasten dute unibertsitatean, eta dagoeneko gehiago dira hain gazteak ez diren ikasleak graduko ohiko ikasle gazteak baino. Ikasle horiek, hain zuzen, lanean diharduten enpresetako joera eta beharren lekukorik onenak dira.

Ikerkuntzari dagokionez, Mondragon Unibertsitatean ikerketa eta transferentzia nola ulertzen duten azaldu du Zabalak: “pull ikuspegi batetik –hau da, gizarteak  ikerkuntzatik tiratzen du–, push ikuspegia edo eskarira bideratuta ez dagoen ikerkuntza alde batera utzita”. Filosofia hori bat dator gizartearen beharrak entzun eta horiei erantzuna ematen dien unibertsitatearekin; izan ere, ikerkuntzari eta transferentziari lotutako proiektuek unibertsitatearen sarreren % 50 ekartzen dute.

Iosu Zabala-ikasturte berria

Nazioarteko eremuan, ikasleen mugikortasuna gero eta handiagoa dela jakinarazi du errektoreak, bai Mondragon Unibertsitatera ikastera datozen atzerriko ikasleen aldetik, bai azken ikasketak edo praktikak beste herrialde batzuetan egiten dituzten unibertsitateko ikasleen aldetik.

Bestalde, Mondragon Educacion Internacional proiektua ere izan du aipagai. Horren helburua nazioarteko eta, bereziki, Latinoamerikako herrialdeetan Mondragon Unibertsitatearen eredua ezarriko duten hezkuntza-proiektuak garatzea da, “gure unibertsitate-ereduarekin bat datorren zentro-sarea osatzeko, lurralde haietan gure presentzia indartzeko, eta horrela, Euskadiko proiektua bera ere aberastu eta indartzeko”.

Azkenik, Euskal Unibertsitate Sistemarekiko konpromisoa berretsi du errektoreak. Sistema horrek hiru euskal unibertsitateak hartzen ditu barne eta, egungo krisialdia gorabehera, uste osoa du haren helburu, ildo estrategiko eta ekintza-planek aurrera jarraituko dutela, prestakuntzaren, ikerkuntzaren eta berrikuntzaren aldeko apustu irmoa eginez.

 

MU ikasturte berria

Eskaintza berria eta 2012-2013ko ikasturteko balantzea

Mondragon Unibertsitateak ikasturte honetan guztira graduko 15 titulu eskainiko ditu: bederatzi ingeniaritzakoak, bi enpresagintzakoak, bi hezkuntzakoak, bat ikus-entzunezko komunikaziokoa eta bat gastronomia-zientzietakoa; 13 unibertsitate master; eta hogeita hamar titulu propio baino gehiago: ikastaro adituak edo aurreratuak, unibertsitatearen campusetan banatuta. Gainera, 3 diploma bikoitz eskainiko ditu ingeniaritzaren alorrean, Frantziako unibertsitateekin lankidetzan.

2012-2013ko ikasturtearen balantzeari dagokionez, matrikulazioak aztertuz, honako hau jakin dugu: 4.011 ikaslek eman dute izena; horietatik 3.167k gradu tituluetan eta 844k graduondokoetan, bai titulu ofizialetan, bai geure tituluetan.

2012-2013ko ikasturtean, 717 ikaslek egin zuten beren karrera amaierako proiektua enpresetan eta guztira 692 ikaslek egin zituzten praktikak horietan edo ikastetxeetan. Gainera, 400 ikaslek baino gehiagok aldi berean ikasi eta lan egin dute.

Azpimarratzekoa da, gainera, gero eta ikasle gehiagok ikasten dutela atzerrian. Joan zen ikasturtean, 443k ikasi zuten atzerrian, aurreko urtean baino % 20 gehiagok. Horien erdiek karrera amaierako praktikak edo proiektua atzerriko unibertsitate edo enpresa batean egin zituzten.

Mondragon Unibertsitatearen I+G jarduerari dagokionez, unibertsitatearen ustez, irakaskuntzaren, ikerketaren eta transferentziaren arteko integrazioa modurik eraginkorrena da prestakuntza-jardueraren kalitatea eta garapen sozialaren aldeko konpromisoa handitzeko.

Horregatik, Mondragon Unibertsitatearen elkarlanaren bidezko ikerketa-ereduaren printzipioa ikerketa lerrokatzean oinarritzen da, oinarrizko ikerketa bideratutik berrikuntzaraino hain zuzen, hiru eragile garrantzitsuren parte hartzearekin: unibertsitatea, zentro teknologikoak eta enpresak.

Filosofia horrekin, eta enpresa-sektoreak bizi duen koiuntura korapilatsua gorabehera, 2012-2013ko ikasturtean aipagarria da ikerketako arloa sendotu egin dela, enpresekin garatu diren ikerketa proiektuetatik eratorri diren diru sarrerei esker. Ikertzeko jarduera horrek guztiak hirugarren zikloari bultzada handia eman dio, hain zuzen, 2012/2013ko ikasturtean 24 tesi irakurri dira eta abian jarri diren tesi kopurua handia izan da.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa