Leartibai Sariak ekimenak 8.500 euro banatu ditu Lea-Artibai eskualdeko ekintzaileen artean

Bost modalitate saritu ziren: Negozio-ideia berritzaileena; Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onena; Kooperatiba eredu onena; Gazteen negozio-ideia onena; eta Emakume ekintzaileari aipamen berezia.
Card image cap
2022/12/19

Ondarroako Kofradia Zaharrean banatu ziren abenduaren 15ean Leartibai Sariak. Lea-Artibai eskualdeko ekintzaileen lana saritu, ekintzailetzaren kultura zabaldu, eredu kooperatiboa bultzatu eta balio erantsi handiko enpresa berritzaileak bultzatzeko asmoz abiarazitako ekimena da. Orain arte urtero antolatu den Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren aurreko hamalau edizioei lekukoa hartzen die Leartibai Sariek, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Udal Gaztedi programaren, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartearen eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen laguntzari esker antolatzen dira.

Leartibai Sarien lehenengo edizio honetara guztira 18 proiektu aurkeztu dira, 2021-2022 epealdian Lea-Artibai eskualdean martxan jarritako negozioak edo 2023an abiatzeko asmoa dutenak, hain zuzen. Lea-Artibaiko ekintzaileak omentzeko, eskualdean lanpostu berriak sortzeko eta emakumeen, gazteen eta, oro har, herritarren artean ekintzailetza sustatzeko helburu nagusiarekin, 5 modalitate saritu dira aurtengoan:

sariak (1).jpg

Sarituak 

Negozio-ideia berritzaileena (2.000 €).

GMAO INGENIARITZA

Ekintzailea: Gregore Iuga, Ondarroa.

Ez nuen espero saria jasotzea, poztasun ikaragarria da. Proiektuarekin aurrera egiteko gogotsu nago, ea ondo ateratzen den”.

Jarduera ekonomikoa: ordenagailuz lagunduriko mantentzearen kudeaketa eta energia berriztagarrietaranzko bidelagunak. Luis Egurrola, Leartibai Fundazioko lehendakariak eman zuen saria.

 

Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onena (2.000 €).

DENETARIK

Ekintzailea: Mónica Babarro, Berriatua.

Sari honek ilusioa, motibazioa eta indarra ematen dit dendarekin jarraitzeko”.

Jarduera ekonomikoa: ogia, gozokiak, etxeko eta barruko arropa, eskolako materiala, burdindegiko produktuak... saltzen dituen saltokia. Eva Aranbarri, Zatozte Ondarroako Merkatarien Elkarteko arduradunak eman zuen saria.

 

Kooperatiba ereduko negozio ideia onena (2.000 €).

OPELA, KOOP. ELK. TXIKIA

Ekintzaileak: Xabat Arrate eta Ane Arizmendiarreta, Markina-Xemein.

Beti egiten du ilusioa sari bat jasotzeak eta laguntza ekonomikoa oso ondo dator hasiberria den enpresa bat denean”.

Jarduera ekonomikoa: okindegi, kafetegi eta gozotegia, kooperatiba txikia. Yanoba Mariezkurrena, Leartibai Fundazioko teknikariak eman zuen saria, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahai Elkartearen izenean.

 

Gazteen negozio-ideia onena (2.000 €-ko erosketa bonu bat).

AMETSLAN

Ekintzailea: Bakene Erkiaga, Berriatua.

Momentu honetan ideia bat da, baina etorkizunean proiektu honetan lanean ikusten naiz. Nire helburua enpresa propioa sortzea da, nire zaldiekin, terapiak eta aisialdia uztartuz, jendeari laguntzea”.

Jarduera ekonomikoa: zaldi-zentroa, aisialdirako eta terapiarako. Zunbeltz Bedialauneta, Ondarroako alkateak eman zuen saria, Bizkaiko Foru Aldundiaren Udal Gaztedi programaren izenean.

 

Emakume ekintzaileari aipamen berezia (500 € + eskualdeko produktuekin osaturiko “Hamen Bertokoa” otzara).

NARE DESIGN

Ekintzailea: Edurne Elizalde, Ondarroa.

2021 urte hasieran jarri nuen enpresa martxan eta emakumezkoa izateagatik ez dut inolako arazorik izan nire sektorean. Maialen Lujanbiok esaten zuen bezala, ni ere oholtza gainean bertsolarien artean bertsolari bat gehiago sentitzen naiz. Taburik eta aurreiritzik ez izatera animatzen ditut emakumezko ekintzaileak”.

Jarduera ekonomikoa: diseinu Industrialeko aholkularitza-enpresa. Produktuen diseinua markaren ikuspegitik. Bidatz Basterretxea Leartibai Fundazioko teknikariak eman zuen saria.

Laguntza ekonomikoaz gain, irabazleek beste abantaila batzuk ere izango dituzte: Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegian kokatzeko lehentasuna eta Leartibai Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hatzeko erraztasuna izango dute. Gainera, negozio-ideiaren garapenean eta azelerazioan aholkularitza jasoko dute fundazioko ekintzailetza-teknikarien eskutik.

Herritarrentzako ere saria

Herritarrak ere epaimahaikide lanetan aritu dira aurtengo edizioan Leartibai Fundazioak Instagramen antolatu duen lehiaketaren bitartez.  Eskualderako gustokoen duten proiektua bozkatzeko parte hartu duten ia 700 erabiltzaileak online egin den zozketa baten sartu dira eta irabazlea Asier Moreno Balsera ondarrutarra izan da. “Hamen Bertokoa” otzara bat jaso zuen atzoko sari-banaketa ekitaldian.

Ekintzailetza kultura hedatzen

Leartibai Fundazioa Lea-Artibai eskualdearen garapenarekin konprometitua dagoen erakundea da bere misioetako bat negozio berriak sustatzea izanik. Leartibai Sariak ekimenarekin ekintzailetza kultura hedatu, kooperatiba eredua sustatu eta balio erantsi altuko enpresa berritzaileak bultzatzen jarraitzeko asmoa du. Horrela, orain arteko lehiaketa ereduan 200 proiektutik gora aurkeztu dira eta inoiz ez da saririk esleitu gabe gelditu. Guztira, 42 proiektu saritu dira eta 86.000 € banatu dira sarietan.