Euskal alderdi politikoak kooperatiben mugimenduaren bidelagun

Forokoop urteko eztabaida-foroan, Eusko Legebiltzarreko indar politiko guztiek Euskal Kooperatiben Mugimenduarentzako paper kuantitatibo zein kualitatibo garrantzitsuago bat eskatu zuten.
Card image cap
2017/10/24

EAJ-PNV (Aitor Urresti), Euskal Herria Bildu (Leire Pinedo), Elkarrekin – _Ahal Dugu (Jose Ramón Becerra), PSE (Sonia Pérez) eta Alderdi Popularra (Carmelo Barrio) bat etorri dira eta denek nabarmendu dute oso garrantzitsua dela EKM presente egotea azterketak egin eta erabakiak hartzeko gaur egun martxan dauden foro instituzional guztietan, nolabait kooperatiben ezagutza eta balioak mota guztietako erakunde instituzionaletan txertatuko direla ziurtatzeko; batik bat, arlo desberdinetako politika publikoak definitu eta kudeatzeko ardura duten erakundeetan.

Pasa den urriaren 18an izan zuten eztabaida-foroa, mugimendu kooperatiboaren ordezkaritza zabalaren aurrean. Bertan, alderdi politikoetako arduradunek mundu osoan ezaguna den erreferentzia honen balioa goraipatu dute. Bere eguneroko jardunak erakusten du posible dela aberastasun ekonomiko eta soziala lortzea, pertsonak ahalduntzea eta proiektuen iraunkortasuna eta lurraldearekiko lotura ziurtatzea.

Horrez gain, Maria Jesus San Jose Enplegu eta Gizarte Politiken Sailburuak aurreratu eta indar politiko guztiek aho batez nabarmendu duten bezala, legealdi honetan euskal kooperatiben Lege berria onartzea espero da eta horrek aukera berriak sortuko ditu.

Forokoop

Indar politikoen arteko eztabaida Forokoop, kooperatiben mugimenduaren eztabaidarako foroan egin da, urtero Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak eta Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak antolatzen duten topaketan.

FOROKOOP 2017

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak itxi zuen foroa, eta bere hitzaldian euskal kooperatibismoak etorkizuneko garapen-eredua eraikitzeko eta zabaltzeko daukan garrantzia azpimarratu zuen, “pertsonak oinarri dituen eredua, herrialdeak eta kooperatiben mugimenduak komunean dituzten balioak ardatz hartuta: elkarlana eta kooperazioa, hots, auzolana”.

Kooperatibismoaren argazkia

Euskadiko kooperatibak euskal BPGd-aren %7ren erantzule dira, eta 2016an federatutako kooperatibak 1.100 ziren. Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak nabarmendu duenez, “Euskadiko 10 heldutatik ia 7 mugimendu kooperatibistarekin lotuta daude, eta 54.000 langile ditugu (Euskadiko 100 enplegutik 6). Gainera, esparru guztietan presente gaude, hala nola industrian eta hezkuntzan, edo merkataritzan eta gizarte-zerbitzuetan”. Hori dela eta, Lavinek adierazi duen moduan, politika publikoen diseinuari buruzko gako nagusiak eztabaidatu eta erabakitzen diren foro guztietan esperientzia kooperatiboaren parte-hartzea funtsezkoa da, erabakitze-gune horietan guztietan, Euskadiko askotariko errealitate sozioekonomikoak modu orekatuan jasotzen direla ziurtatzeko.