Danobatgroupek 35 milioi euro inbertitu ditu fabrikazio aurreratuaren erronkei erantzuteko

Industria taldeak Danobat, Soraluce eta Goimek kooperatibek lurraldean dituzten instalazioak irizpide iraunkorren arabera handitzeko eta modernizatzeko erabili du partida hau, sektorearen eskakizun berriei erantzuteko.
Card image cap
2023/03/23

Duela 65 urte baino gehiagotik, makina-erremintan eta fabrikazio aurreratuan espezializatutako Danobatgroup industria taldeko negozioak berrikuntza teknologikoaren alde egiten ari dira bezeroen behar berrietara egokitzeko.

Daukagun agertokian, non industria sektoreek gero eta soluzio teknologiko aurreratuagoak eta zehatzagoak behar dituzten etorkizuneko erronkei aurre egiteko, industria taldeak beste aurrerapauso bat eman du bere azpiegiturak eta makinak bezeroen eskakizun zorrotzetara egokitzeko, sektore estrategikoetako bezeroak baitira, hala nola aeronautikako, energia sorkuntzako edo trengintzaren sektoreetakoak. Konpromiso horri esker, industria taldeak aberastasuna sortzen eta enpleguaren eta industri sarearen hazkundea bultzatzen laguntzen du bere eragin eremuan, Euskadin.

Operazio hau 2022ko bigarren seihilekoan hasi zen, eta 2024ko erdialdera arte luzatuko da, eta, zehazki, bere hiru kooperatiba hauen instalazioak handitzea, berritzea eta modernizatzea izango da: Danobat, Soraluce eta Goimek.

Berritze plan horren barruan, taldeko negozioek 35 milioi euro inbertitu dituzte guztira; horietatik, 12 milioi Danobatek Elgoibarko Arriaga poligonoan dituen instalazioak handitzeko eta modernizatzeko dira, 15 milioi Soralucek Bergarako Osintxu auzoan dituen lantegiak eguneratzeko eta 7 milioi Goimekek Itziarren dituen instalazioetarako.

Azpiegitura eta makina berrietan inbertitzea, talde moduan kuantitatiboki zein kualitatiboki hazten jarraitu ahal izateko beharrezkoa izateaz gain, hurrengo belaunaldientzat ingurune sozioekonomiko eta teknologikoki aurreratuagoa sortzen lagundu ahal izateko ere bada beharrezkoa», azaldu du Pello Rodriguezek, Danobatgroupeko zuzendari nagusiak.

Makina berriak erostera ere bideratuko da inbertsioa, eta makina berri horiekin negozioen balio proposamena indartuko da eta lehiakortasuna areagotu.

 

Hiru polo estrategiko

Danobat Europako artezteko makina, doitasun handiko tornu, eta doitasunezko mekanizazio lineen fabrikatzaile nagusietako bat da, eta 12 milioi euro inbertitu ditu bere lantegi bat handitzeko eta fabrikatzaileak Elgoibarko Arriaga industrialdean duen egoitza nagusiko gainerako ia espazio guztiak egokitzeko eta modernizatzeko.

Partida ekonomiko horren bidez, fabrikatzailea bere proiektuek behar dituzten eskakizun tekniko berriei erantzuteko prestatzen ari da. Zehazki, Danobatek bere instalazio guztiak egokitzen ahaleginduko da nagusiki, bere soluzioek eskatzen dituzten baldintzak eduki ditzaten, eta beharrezko kalitatea eta doitasuna bermatuko duten muntaketa espazio berriak edukitzeko.

Espazio berri horiek tenperatura kontrolak izango dituzte makinan doazen pieza erabakigarrien portaera monitorizatzeko, baita lurzoru egonkortuak ere, makinen bibrazioak saihesteko, eskatutako doitasuna bermatzeko, besteak beste.

Esku hartze horien barruan, fabrikatzaileak Arriaga industrialdean ere zentralizatuko du bere logistikako biltegia, gaur egun industrialdetik kanpo baitago, barne efizientzia handiagoa izan dadin, eta joan-etorriak saihesteko eta denborak aurrezteko.

Soralucek, fresaketa, mandrinaketa eta funtzio anitzeko teknologietan munduko liderra den fabrikatzaileak, berriz, 15 milioi euro inbertitu ditu Bergaran, Osintxu eta Mekolalde aldeetan, garatzen dituen jarduera guztiak sendotzeko. Zentzu horretan, fabrikatzailea beste lantegi bat eraikitzen ari da, bere kokagune nagusiaren ondoan.

Instalazio hori ekainaren 13tik 16ra bitartean inauguratuko da, Soraluce Summit 2023 ekimenaren barruan, eta Soraluceren azken aurrerapenak hartzeko eraiki da: izan ere, automatizazio sistema integratuak gero eta gehiago dituzten soluzioak garatzen ditu, eta gero eta konplexuagoak, espezializatuagoak eta bolumen handiagokoak diren proiektuak ditu. 

Halaber, Soralucek beste espazio bat erosi du, bere egoitza nagusitik gertu ere bai, eta espazio horretara eramango du buruak fabrikatzeko duen zentro aurreratua, gaur egun Soralucek beren makinek dituzten buruak diseinatzeko eta fabrikatzeko duen berezko espazioa, alegia. Operazio horrekin batera, buru horiek fabrikatzeko makina berriak erosiko dira.

Azkenik, industria taldearen hirugarren esku hartzeak Goimek inplikatzen du, doitasun handiko mekanizazio zerbitzuak eta mekanizazio handiak eskaintzen dituen kooperatiba. 7 milioi euroko inbertsioa eginda, Goimek bere instalazioak egokitzen ari da, bai taldeko negozioen eskakizun berriei erantzuteko, bai sektore aeroespazialean, eolikoan edo ekipo ondasunen sektorean, esaterako, berak dituen beste bezero estrategikoei erantzuteko. 

Operazio horren bidez Goimekek bere makina parkea berritu eta handituko du, lehiakorragoa izateko eta bere mekanizazio zerbitzuen ahalmenak handitzeko. Era berean, inbertsioaren zati bat lurzoru industriala handitzeko, bulegoak egokitzeko eta instalazioak moldatu eta haien barruan doitasunezko mekanizazioetarako gune berezi bat edukitzeko, horrelako espazio batek eskatzen dituen eskakizun guztiekin.

Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren laguntza du Bilakatu programaren bidez, eta Danobatgroupi ahalbidetzen dio jarduera zentroa lurraldean mantentzea eta Euskadirekin duen epe luzeko konpromisoa berrestea.

Hazkunde jasangarria Euskadin

Danobatgroup nagusiki hiru polo estrategiko horietan jardutea 2021-2024rako duen Plan Estrategikoaren barruko zerbait da, non iraunkortasunak funtsezko zeregina duen eta ASG irizpideak (Ingurumenekoak, Sozialak eta Gobernu Onekoak) txertatzen dituen.

Azpiegiturak eguneratzeko lan guztiak eraikuntza irizpide efizienteen arabera garatzen ari dira hiru kasuetan, industria taldeak azken urteetan bere instalazioei aplikatu dizkien irizpideak ere hala izan dira-eta. Beste praktika batzuen artean, hauek instalatzea ere sartzen dira: plaka fotovoltaikoak eta LED argiak, aire girotze efizienterako sistemak, abiatze eta tenperatura kontrolatuak, ateen kontrola edo eraikinen isolamendu termikoa. Bere instalazioen energia kontsumoan aurrezten laguntzeko egingo da hori dena.

Euskadin, bereziki Gipuzkoan, hazkunde jasangarria sortzen laguntzea Danobatgroupen esentziaren parte da hasieratik. Bere produktu eta zerbitzuen %90 esportatu arren eta makina-erremintaren sektorean nazioarteko erreferentzia izan arren, bere enpresa corea lurraldean errotuta dago.

Bere negozioetako instalazioak etorkizuneko erronketara egokitzen hasteko, Danobatgroupek Eusko Jaurlaritzaren partaidetza eduki du, Bilakatu laguntza programaren bidez.

MONDRAGON taldeko makina-erreminta dibisioa