Mondragon Unibertsitateak eta Elayk bat egin dute automobilgintzarako pieza metalikoen fabrikazioa hobetzeko

Hobekuntzei esker, ebaketa fineko teknologia garatu ahal izango da erdi beroan, erresistentzia handiko materialekin lan egin ahal izateko. Izan ere, material horiek gero eta gehiago erabiltzen dira automobilgintzaren sektorean egiturak arintzeko, besteak beste.
Card image cap
Argazkian, ezkerretik eskumara; Iban Iriondo, Elay-ko zuzendari nagusia; Roberto Uribeetxeberria, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Ikerketa koordinatzailea; Kristina Elkoro, Elay-ko kontseilari delegatua; Carlos García, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile orokorra; eta David Chico, Elay-ko Ikerketa eta Digitalizazio zuzendaria.
2022/05/16

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta Elay estanpazio-enpresak epe luzerako lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute pieza metalikoak fabrikatzeko prozesuak hobetu ahal izateko, batez ere automobilgintzaren sektorerako, material sendoagoak eta arinagoak erabiliz (ebaketa fineko teknologia bidez). Garapen horiei esker, material sendoagoak eta erresistenteagoak mozteko tresna eta teknologia eraginkorragoak diseinatu ahal izango dira, eta aplikazio konplexuagoak gauzatzeko aldaerak garatu ahal izango dira.

Material erresistenteagoak

Ibilgailuen pisua murrizteko, erresistentzia handiko materialak erabili ohi dira, txapa meheagoak erabiltzeko aukera ematen baitute. Nolanahi ere, material horien ebaketa-esfortzuek eta harikortasunak prozesatzea korapilatzen dute. Hain zuen, material horien ebaketa fina egiteko (industria-ekoizpenerako) eta prozesuaren sendotasuna eta errentagarritasun ekonomikoa bermatzeko ikertzea eta irtenbideak bilatzea da lankidetza-hitzarmenaren helburua.

Ikerketetan lortutako emaitzen erdiak euskal ekoizpen-sektorera bideratzen dira gero, enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin

Horren ondorioz, doktore-tesiak garatuko dira ELAY enpresako berrikuntza-departamentuaren eta Mondragon Unibertsitateko Materialak Eraldatzeko Prozesu Aurreratuetako eta Errendimendu Handiko Mekanizazioko ikerketa-taldeen artean. Horrela, ikerketa-lerro berri bat jarriko da martxan Goi Eskola Politeknikoko bi ikerketa-talde horietan. Batetik, ebaketa fineko prozesu aurreratuak garatuko dira, arestian adierazi den moduan, eta bestetik, pieza horien akabera-prozesuak optimizatuko dira, artezketa edo vibrofinishing bidez.

Mundu-mailako erreferentzia

Unibertsitateko bi ikerketa-taldeek 30 urteko ibilbidea dute eta material metalikoen eraldaketa dute ikerketa xede. Mundu-mailako erreferentetzat hartzen dira arlo horretan, horien ekoizpen zientifikoak eta nazioarteko foroetan duten posizioak erakusten dutenez.

Ikerketetan lortutako emaitzen erdiak euskal ekoizpen-sektorera bideratzen dira gero, enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin; horri esker, teknologiarik berritzaile eta eraginkorrenak ezartzen dira konpainien ekoizpen-prozesuetan. Onura hauek hainbat sektoreetara egon dira zuzenduta, besteak beste, makina erraminta,  sektore aeronautikoa edota fabrikazio aurreratua garrantzia handia edukitzen ari den beste hainbatetan.

Elay ebaketa fineko teknikaren bidez estanpazioan aritzen den enpresa bat da. Gainera, beste teknologia asko (artezketa, injekzioa eta abar) barne hartzen dituzten osagaiak ere garatzen eta ekoizten ditu. Automobilgintza da haren merkatu nagusia; izan ere, liderra da ebaketa fineko hainbat piezaren fabrikazioan. Pieza horiek automobilgintzaren sistema hauetan daude txertatuta: balazta-sisteman, transmisioan, eserlekuen sisteman, segurtasuneko eta ateak ixteko sisteman, konexioan eta errekuntzan, besteak beste.

Enpresa 1965ean sortu zen, eta Antzuolan du egoitza nagusia, baina Mexikon eta Txinan ere baditu ekoizpen-fabrikak. Bere ibilbide luzeari esker, gaur egun ELAY Taldea mundu-mailako erreferentea da ebaketa finaren esparruan.

 

Irakaskuntza unibertsitate zentroa