Leintz Bailarako Ekiolako bazkide laguntzaile bilakatuko da Fagor Taldea

Fagor Taldeak 335.400 euroko ekarpena egingo dio Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibari, hark, sortzen dabilen komunitate energetikoaren hasierako urratsetarako finantza egoera sendoa izan dezan. Hala, kooperatibaren bazkide laguntzaile bilakatu da, Leintz bailarako udalekin batera. Bazkide laguntzaileez gain, bazkide-kontsumitzaileek osatuko dute Ekiola -haiek izango dute gehiengoa-.
Card image cap
2022/04/12

Oro har, Leintz bailarako familiek kontsumitzen duten energia bertan sortzen hastea da kooperatibaren xede nagusia, era horretan, kanpoko energia iturriekiko mendekotasuna murriztuz. Fagor Taldeak apirilaren 8an gizarteratu du haren erabakia, Ekiolaren hurrengo urratsen ingurukoak azaltzeko asmoz, bultzatzaileek Arrasaten deitua zuten prentsaurrekoan. Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunarekin batera, Leintz bailarako herrietako, Debagoiena 2030eko, Goienako, Ekiolako eta Euskal Energiaren Erakundeko ordezkariak izan dira hitzorduan.

Ekiola babesteko erabakia hertsiki dago loturik Fagor 2030 iraunkortasun estrategiari. Finean, Leintz bailarako trantsizio energetikoari bultza egiteko zereginean, Fagor Taldeak “estrategikotzat” du Ekiola.

Halaxe azaldu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Uste dugu proiektu estrategikoa dela Leintz bailarako trantsizio energetikoa bultzatzeko, energia sorkuntza demokratizatzeko eta komunitate erresilienteago bat eraikitzeko. Gainera, esango nuke, gizarteak dituen erronka konplexuei modu egokian erantzuteko osagai guztiak dituela. Hor daude lankidetza publiko-komunitarioa, komunitatearen auto-eratzea edota ahalduntzea eta eskalan jarduteko anbizioa”. Hori horrela, ekarpen ekonomikoaz aparte, Leintza Bailarako Ekiola Kooperatibako kontseilu errektoreko kide bilakatuko da Fagor, kooperatiben administrazioan eta kudeaketan dituen ezagutza eta esperientzia haren esku jarriz.

Ostera, Debagoiena 2030 iraunkortasun sareak ere bat egina du egitasmoarekin. Hark ere “estrategikotzat” du ekinbidea. “Hemen garatuko diren baliabide energetiko horiek, jabetzan eta kudeaketan ere, eskualdeko eragile eta herritarren esku egongo dira. Gaur egun gailentzen diren sistema energetikoek ez bezala, bertatik erabakitzeko aukera eskaintzen du Leintz bailarako Ekiolak, eta eredu justuago eta inklusiboetarako bideak eskainiko ditu ziurrenik”, azpimarratu du Elena Herrarte Debagoiena 2030 iraunkortasun sareko koordinatzaileak.

Herritarrak protagonista

Komunitate energetikoaren egitasmoak herritarrak ditu erdigunean. Hain zuzen ere, kooperatibako kide diren pertsonak edo familiak instalazio fotovoltaikoei lotutako abantailez baliatzea, instalazio horiek herritarrenak izatea eta horietan bazkide kontsumitzaileen kontsumo elektriko osoaren baliokide den energia-bolumena sortzea da Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibaren helburua.

Hori horrela, maiatzean zehar, herritarrentzako hitzaldiak eskainiko dira Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan, besteren artean, proiektuaren ingurukoak azaltzeko eta egon daitezkeen zalantzak argitzen saiatzeko. Eta orduantxe irekiko da aurre-inskripzioa: izena ematen duten herritarrek lehentasuna izango dute bazkidetza prozesua abiatzen den unean. Hasiera batean, 500 familia ingururi eskaini ahal izango die zerbitzua eguzki-parkeak.

Bada, dagoeneko iragarri dira hitzaldiei buruzkoak. Arrasateko Amaia Antzokian egingo da lehena, maiatzaren 3an, 18:30ean. Ostera, astebete beranduago, maiatzaren 10ean, Aretxabaletako Arkupen eskainiko da gaiari buruzko berbaldia, 18:30ean hasita. Eta bi egun beranduago, maiatzaren 12an, Eskoriatzako Zaldibar Antzokian izango da Leintza Bailarako Ekiolari buruzkoak ezagutzeko aukera, 18:30etik aurrera. Azken hitzaldia, bestetik, maiatzaren 16an eskainiko da, Leintz Gatzagako kultura etxean, 18:30ean.

Notizia hemendik jaso da: https://www.fagor.eus/

Zortzi kooperatibek osatzen dugu Fagor Taldea