Itsas industriarentzako bost produktu jasangarri sortu dituzte

CircularSeas proiektuaren helburua hondakin plastikoak itsas industrientzako produktu jasangarri bihurtzea izan da, ekonomia zirkularraren sustapena bultzatuz.
Card image cap
2023/01/17

CircularSeas 2019ko apirilean hasi zen, eta hondakin plastikoak itsas industrientzako produktu jasangarri bihurtzea izan du helburu. Hiru urte eta erdiko epean, bazkideen lana itsas sektorerako produktu edo osagai iraunkorragoak garatzea izan da, 3D inprimaketako teknologiaren bidez, industriak berak sortzen dituen hondakin plastikoetatik abiatuta.

Europako egitasmo honek Euskadiko Ekonomia Zirkularraren estrategiari laguntzen dio, itsas sektorearen eta ekonomia zirkularraren integrazioari esker.

Leartiker zentro teknologikoak (proiektuaren liderra) eta Leartibai Fundazioa eskualde-garapenerako agentziak (Ondarroako nodoaren arduraduna), parte hartu duten egitasmo honen jarduerak proiektuan parte hartu duten bazkideen bazkideen portuko 5 nodotan oinarritu dira: Ondarroa (Espainia), Vigo (Espainia), La Rochelle (Frantzia), Cork (Irlanda) eta Peniche (Portugal). Horrela, bere ibilbidea hasi zuenetik proiektuak hainbat fase izan ditu. Lehenengo fasean, lehen aipatutako 5 nodoetan bildutako hondakin plastikoen diagnostikoak egin ziren, ondoren horiek karakterizatzeko eta itsas sektorerako produktu jasangarri bihur daitezkeen birziklatutako lehengai posible gisa identifikatzeko.

Circularseas produktu berriak_eus_ok.jpg

Produktu “berdeak” sortzeko erabili beharreko hondakinak zehaztu ondoren, hondakin plastikoen errebalorizazio-prozesu bat egin zen, itsas hondakinetara egokitua, material-formulazio desberdinak garatuz, ondoren harizpi bihurtzeko eta nodo bakoitzean aukeratutako produktuak inprimatzeko. Prozesu horrek berrikuntzak ditu, hala nola estrusio prozesu egonkor eta kontrolatua, birziklatutako materialetara egokitutako kamera termikoa duen 3D inprimagailua eta itsasontzietan 3D inprimaketako azterketa.

Proiektuko kideek, 3D inprimaketako teknologiaren bidez produktu eta osagai jasangarri berriak garatu dituzte itsas sektorerako.

Azkenik, proiektuko bazkideek aplikazio mugikor bat garatu dute itsas industrietan 3D inprimaketako teknologia errazago erabil ahal izateko. Aplikazio hau prest dago azken erabiltzailea urrats sinpleen bidez gidatzeko, bai material birziklatua aukeratzeko prozesu egokienean, bai azken inprimaketan, parametro automatizatuen doikuntzarekin.

Itxiera ekitaldia eta emaitzen aurkezpena Vigon

Azaroaren 30ean, CIRCULARSEAS proiektu europarraren itxiera ekitaldia egin zen Vigoko Unibertsitatean (UVI). Bertan, proiektuan parte hartu duten portuko 5 nodoetako bazkideak egon ziren. Jardunaldian bazkideek hondakinak hobeto kudeatzeko egindako garapen teknologikoak aurkeztu ziren, nodo bakoitzean ekonomia zirkularraren ezarpena bultzatzeko. Era berean, produktu jasangarriak nodoetan ezartzeko proba pilotuetan egindako aurrerapenak erakutsi zituzten.


Produktu jasangarri berrien garapena

CircularSeas proiektuan parte hartu duten portuko 5 nodoek bildutako hondakin plastikoetatik abiatuta sortuko dituzten produktu jasangarri berriak definitu dituzte, eta, halaber, horiek fabrikatzeko negozio-ereduak sortu dituzte. Horietako batzuk dagoeneko hasi dira produktu horiek merkatuan ezartzeko proba pilotuekin, eta beste batzuk laster egingo dituzte.

Ondarroako Nodoa (Espainia): baztertutako poliamida-sareetatik abiatuta, arrainarentzako prezioen euskarriak sortu dituzte, eta, gaur egun, inplementazio-prozesuan murgilduta daude etiketa arrandegien beharretara egokitzen dela bermatzeko.

Vigoko Nodoa (Espainia): errodamendu euskarriak garatu dituzte, baztertutako enbalatzeko zumitzetatik abiatuta, eta dagoeneko proba esperimentalak egiten ari dira zinta garraiatzaileetan.

La Rochelle Nodoa (Frantzia): arrakastaz inprimatu dute surf tauletarako gilen lehen bertsioa, ostra-kolektoreetatik datozen hondakinekin, eta laster hasiko dira proba pilotuekin.

Cork Nodoa (Irlanda): nylonezko orgatiletarako gurpilak egin dituzte material bereko arrantzarako sareak berrerabiliz, eta arraina eraldatzeko instalazioetan saiakuntzak egiteko zain daude.

Peniche Nodoa (Portugal): plastikozko kaxak berrerabili dituzte itsasontzien kaskoetarako moldeak diseinatzeko, eta laster proba esperimentalekin hastea espero dute.

Arrantza-sektorea Euskadiko garapen ekonomikoaren ardatz

Arrantza-sektorea eta Ekonomia Zirkularra bateratzeko beharraren aurrean, Lea-Artibaiko eskualdeko eragileek, tartean Leartikerrek eta Leartibai Fundazioak, duela 7 urte lerro estrategiko hori definitu zuten eskualdearen garapen ekonomikorako Lea-Artibai 2020 estrategiaren barruan. Horregatik, bi erakunde horiek CircularSeas proiektu europarrean parte hartu dute, honako bost bazkide hauekin batera: Université de La Rochelle (ULR), Communauté d 'Agglomération de La Rochelle (CdA-LR), Vigoko Unibertsitatea (UVI), Cork Institute of Technology (CIT) eta Leiriako Institutu Politeknikoa (IPLeiria).

Portuetako hondakinen kudeaketak bide luzea du oraindik egiteko, eta asko dira balio-kate lineala zirkular bihurtzeko ezar daitezkeen hobekuntzak: hondakinen sailkapena eta kudeaketa optimizatzea portuetan eta hondakin horiek inguruan errebalorizatzeko aukerak sortzea. Gaur egun, errebalorizazio-aukera gehienak gure mugetatik kanpo daude, eta, gainera, garraioak kostu ekonomiko eta burokratikoa dakar. Hala ere, Birziplastic bezalako inguruko enpresa birziklatzaileak Leartikerrekin elkarlanean ari dira Euskadin itsas hondakinentzako balio zirkularreko kate hori ezartzeko.

Ezinbestekoa da jardunbide egokiak hondakin plastiko mota guztietara zabaltzeko modua bilatzea. Horretarako, CircularSeas proiektuaren esparruan, hondakin plastikoen sorkuntza- eta kudeaketa-zikloa modu eraginkor eta errealistan ixtea lortzeko eskualdean dauden erronkak eta aukerak identifikatu dira, arrantza-sektorearen estrategiak eta Ekonomia Zirkularra bateratuz.

Irakaskuntza teknikoa

Zentro teknologikoa, Elikagaien Teknologian eta Polimeroetan espezializatua.