Mondragon Unibertsitateak eta Guggenheim Museoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Bere XX. urteurrenaren baitan, Guggenheim Bilbao Museoak lankidetza-hitzarmen bat bultzatu eta sinatu du EAEko hiru unibertsitateekin. Horri esker, erakunde horietako edozein fakultatetan matrikulatutako ikasleak Guggenheim Bilbao Museoaren Lagun izango dira, 5 euroko kopuru sinbolikoaren truke.
Card image cap
2017/12/27
Ekimen honen helburua unibertsitateko ikasleak museora hurbiltzea da, baita horiek jardueretan parte hartzera eta erakusketak bisitatzera bultzatzea ere.

Praktika honek esan nahi du Museoak %75eko deskontua egiten duela Ikasle Lagun txartelaren egungo prezioaren gainean —20 euro urtean—, eta unibertsitateek konpromisoa hartu dute ekintza hori zabaltzeko, ikasleekin dituzten komunikazio-kanalen bitartez.

Lagun gisa alta eman nahi duten unibertsitate ikasleek Museoko Community mahaitik pasa beharko dute, haien datuak eman eta fakultateren batean ikasten ari direla egiaztatzen duen agiria ekarri beharko dute (ikasle txartela , matrikula, Unibertsitateetako idazkaritzako ziurtagiria edo antzekoak, datarekin betiere), 5 euro ordaintzearekin batera. Modu horretan, Museoaren Ikasle Lagun izatera igaroko dira automatikoki, eta Lagunen kolektiboak dituen abantaila zabalak izango dituzte. Onura horien artean daude, besteak beste, programazio artistikoaz gozatzeko nahi beste aldiz eta doan Museora sartzeko aukera (hamabi aldi baterako erakusketa izango dira 2018an, Bilduma iraunkorraz gain); deskontua musu-truk ez diren Museoaren jardueretan; Lagunentzat soilik diren jardueretan parte hartzeko aukera; deskontua Denda-Liburudendan eta Museoaren kafetegian; deskontuak beste kultura-erakunde batzuetarako sarreretan, hala nola, Bilboko Arte Ederren Museoan, Arriaga Antzokian edo BOSen; Museoko jarduera eta edukien inguruko informazioa jasotzea; eta doako sarrera Guggenheim sareko beste Museoetara. Gainera, ilararik egin gabe sartu ahalko dira Museora zuzenean, Lagun txartela mugikorrean erakutsita.

Adibide praktikoak

Gazteen artean jarduerarik arrakastatsuena Art After Dark da: hilabetean behin, ostiralez, mila pertsona inguru biltzen ditu emanaldiak, eta bertaratzen direnek erakusketak gauez ikusteko aukera dute, Atrioan jarduten diren nazioarteko DJ ezagunen musikaren erritmora. Kasu horretan, publiko orokorrarentzako sarrera 13 eurokoa da, eta 9 eurokoa Lagunentzat; beraz, saio bakoitzean 4 euro aurrezten dituzte.

Lagunentzako soilik diren jardueren adibide da Lagunentzako Ateak Zabalik jardunaldia: datorren abenduaren 18an izango da aurten, astelehenarekin, eta Museoaren alderdi eta arlo ezezagunenetan zehar gidaridun bisitaldiak egingo dira bertan.

Gaur egun eta inauguratu zenetik, ia 17.000 pertsonaz osatutako Lagun sare sendoa izan du Museoak; Lagun horiek ekarpena egiten diote urtero Museoari, eta erakundearen erroak eta indarra izan dira haren ibilbidearen lehen 20 urteetan. Hitzarmen honek abantaila garrantzitsuak biltzen ditu, eta hari esker EAEko ikasleei helduko zaizkie, aurrekontu falta artea eta kulturaz gozatzeko eragozpen izan dadin ekidingo baitu.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa