Industria eta energia trantsizioa

Industria eta energia trantsizioa

Aritz Otxandiano Kanpo, Fagorreko iraunkortasun arduraduna
Herri industrializatua da gurea, eta, horrek sortzen duen aberastasunari esker, ongizate maila altu bat lortu dugu. Industriak lehengaiak naturatik erauzi eta produktu bihurtzen ditu, eta, horretarako, energia asko behar du.
2024/01/16

Energia hori, gure bizitzako beste esparruetan -etxebizitza, garraioa…- kontsumitzen dugun energiarekin gertatzen den bezala, kanpotik iristen zaizkigun erregai fosilek eman izan digute, baina, krisi klimatikoa medio, baliabide fosil horiek gure lurraldean ekoitzitako energia iturri berriztagarriengatik ordezkatzera behartuta gaude. Energia berriztagarriak ezinbestekoak zaizkigula onartuta, horien hedapena nola egingo den zehaztu beharra dago.

Lehenik eta behin, lurralde antolaketa egoki bat behar da, energiaren ekoizpena lurraldeak bete behar dituen gainontzeko funtzioekin egoki uztartuko duena, hala nola, elikagaien ekoizpena, ur baliabideen kudeaketa, biodibertsitatearen zaintza, eta abar.

Bigarrenik, ereduak inporta du. Ahal den guztia eredu banatuan egitea da niretzat desiragarriena, autokontsumo fotovoltaikoaren, bero bonbaren, eguzki energia termikoaren, biomasaren eta komunitate energetikoen bitartez. Gure teilatu eta basoek energia ekoizteko daukaten potentziala esanguratsua da, eta ahalik eta gehien aprobetxatu beharra daukagu, baina hori posible egingo duen estrategia bat behar da horretarako.

“Ezinbestekoa iruditzen zait azpiegitura berriztagarrien hedapena horiek jasoko dituzten lurraldeen garapena eta ongizatea bultzatzeko bestelako politika batzuekin lagunduta egitea”

Hala eta guztiz ere, horrekin bakarrik ez da nahikoa, energia kontsumoa nabarmen murriztuta ere, teilatuek eta basoek ezin dezaketelako eman gurea bezalako gizarte industrializatu batek behar duen energia guztia. Gainera, soilik teknologia fotovoltaikoarekin ezin daiteke berriztagarrien parte hartze handia izango duen sistema elektriko bat lortu, are gutxiago Euskal Herrian, eguzkirik gabeko egun asko ditugulako. Sistema elektriko berriztagarri batek oinarrizko hiru osagai behar ditu bideragarria izateko: energia fotovoltaikoa, energia eolikoa eta biltegiratzea. Hiru teknologia horien osagarritasunik gabe, ezin daiteke berriztagarriek presentzia esanguratsu bat izango duten sistema elektriko bat lortu. Beraz, teilatuetan egiten den autokontsumo fotovoltaikoa ez da nahikoa, energia eolikoa ere behar dugu, energia biltegiratzeko sistema ezberdinekin batera. Energia eolikoaren garapenari dagokionean, garrantzitsua iruditzen zait garapen sozio-ekonomikorako estrategikoak diren azpiegitura hauen kontrola horiek jasoko dituzten lurraldeko instituzio publiko, enpresa eta herritarren eskuetan egotea. Zentzu horretan, Statkraft eta Krean-ek berriki proposatutako eredua oso interesgarria dela iruditzen zait.

Azkenik, ezinbestekoa iruditzen zait azpiegitura berriztagarrien hedapena horiek jasoko dituzten lurraldeen garapena eta ongizatea bultzatzeko bestelako politika batzuekin lagunduta egitea. Esaterako, landaguneak berezkoak dituen jarduera ekonomikoen sustapenarekin, elikagaien ekoizpena kasu. Edo, biodibertsitatearen zaintzara bideratutako neurriekin, bestelako basogintza eredu baten alde eginez, adibidez. Zenbait diskurtsok diote azpiegitura horien hedapena ez dela bateragarria landa-guneen errealitate eta beharrekin. Nik ez dut iritzi hori partekatzen, eta horrelako azpiegitura bat aurreikusita dagoen landa-gune batean bizi naiz. Bateragarriak izan daitezke, neurrian eta ondo egiten baldin bada.