Laboral Kutxak Euskadi Fundazioaren proiektua laguntzen jarraituko du

Euskadi Fundazioak, Laboral Kutxak eta Etxeondok joan den abenduan aurkeztu zituzten Laboral Kutxa taldeen 2023ko jantzi berria eta urte honetatik aurrera emakumezkoen proiektuak izango duen hazkundearen ildo nagusiak.
Card image cap
Naia Amondarain, Idoia Eraso, Eider Merino eta Usoa Ostolaza txirrindulariak, Marije Etxaniz (Laboral Kutxako komunikazio-zuzendaria) eta Aitor Galdosekin (taldearen managerra).
2023/01/04

Laboral Kutxaren Arrasateko egoitza nagusian, euskal kreditu-kooperatiba horrek Euskadi Fundazioaren gizarte- eta kirol-proiektuarekin duen lotura eta konpromisoa azpimarratu zituen aurkezpenean Marije Etxaniz komunikazio-zuzendariak. Zehazki, azpimarratu zuenez, oinarriko taldeei laguntza ematen jarraitzeaz gain, "jauzi kualitatibo handia" egingo da emakumeen egitura bultzatzeko, 2024tik aurrera WorldTourrean plaza bat lortu nahi baitu. "Proiektu integratzailea da, kooperatibismoaren ezaugarrietan oinarritutako eredu profesionalizatuaren alde egiten duena. Eredu horretan funtsezkoak dira emakumeak eta gizonak berdin kontuan hartzen dituzten balio inklusiboak, eta Laboral Kutxa taldeko kirolariak eredu eta palanka eraldatzaile dira gizarteko gainerakoentzat", gaineratu zuen Etxanizek.

Aitor Galdosek, emakumezko taldearen manager nagusiak, taldearen ibilbide-orria eta kirol-erronkak azaldu zituen. Taldeak 2029ra arte du ziurtatua babes nagusia. 2019an sortu zenetik, Laboral Kutxak urratsak egin ditu, UCI Continental taldea izanik 2021etik, eta orain WorldTour taldea izan nahi du 2024tik aurrera, emakumezkoen txirrindularitzaren kategoria gorenaren mailako urteko aurrekontuarekin. Galdosen esaneta, erronka da "erreferentziazko taldea" izatea nazioartean, "emakumearen irudia indartuz, harrobiko txirrindulari gazteei beren kirol-ametsak betetzeko aukera emanez eta euskal emakumezkoen txirrindularitzaren bandera munduan altxatuz", azpimarratu zuen.

Hasitako bide horretan eskutik doaz Laboral Kutxa, babesle nagusia; HZ EIDF Energy, bigarren babeslea; Euskadi Fundazioko bi bidelagun, hala nola Orbea eta Etxeondo, eta proiektuarekin leialki konprometituta dauden beste enpresa batzuk: Urbycolan, Irizar eta Skoda Menabi.

Txirrindulariak

Hauek izango dira 2023ko Laboral Kutxa taldea osatuko duten txirrindulariak: Naia Amondarain (berria), Mireia Arriazu (jarraitu egingo du), Inés Cantera (berria), Ariana Gilabert (jarraitu egingo du), Yurani Blanco (jarraitu egingo du), Tania Calvo (jarraitu egingo du), Idoia Eraso (jarraitu egingo du), Lija Laizane (berria), Eider Merino (berria), Usoa Ostolaza (jarraitu egingo du), Nadia Quagliotto (berria), Marta Romeu (berria), Alba Teruel (berria), Aileen Schweikart (berria), Mireia Trías (berria) eta Eneritz Vadillo (berria).

Finantza eta aseguru zerbitzuak.

Bizikleten fabrikazioa