Sinfonia kooperatiboak Aretxabaletako ikusleak aho bete hortz utzi zituen

Otsailean Arrasaten estreinatu ondoren, 'Humanity at Music Herriz herri, Sinfonia kooperatiboak' publiko aurreko bigarren ikuskizuna eskaini zuen atzo Aretxabaletan.
Card image cap
2019/05/26

Aretxabaleta Abesbatza eta Iubilo Bilbao Abesbatza, Leizarra Musika Eskolako eta Arizmendi Ikastolako haurren abesbatzak, Arrasate Musikaleko Orkestra -Iker Olazabal zuzendariaren gidaritzapean- eta Leizarra zein Jeiki dantza taldeko dantzariek ikuskizun bikaina osatu zuten atzokoan Aretxabaletako Ibarra kiroldegian. Harmailak bete ziren Humanity Herriz herri Aretxabaleta ikusteko, 500 bat lagun batu baitziren ekitaldiaz gozatzeko. 

Humanity at Music, Herriz herri Aretxabaleta

Ekitaldia Pili Kaltzada kazetari ezagunak zuzendu zuen eta Aretxabaletan bizi den Xabi Igoa bertsolari aramaioarrak ere jarri zizkion bertsoak. Igoak dotore barneratu zituen ikus-entzuleak sinfonia osatzen duten zortzi kantetako bakoitzean.

'Humanity at Music, Herriz herri' emanaldiak Oñati izango du hurrengo geltoki, ekainaren 9an

Hala, iraganaz, gaur egungo egoeraz eta etorzkizunaz aritu zen, baita berdintasunaz edo eta sortzaileek eginiko lan izugarriaz ere. Mugimendu kooperatiboa eta MONDRAGON Korporazioa bera izan ziren ikuskizunaren oinarri eta inspirazio. 

130 pertsona eszenan

Guztira, 130 bat lagunek parte hartu zuten ekitaldian. Ordu eta erdiko saioan kantatu, interpretatu edo eta dantzatzu zuten sinfonia kooperatiboak agindutako doinuak jarraituz. Ikuskizuna MONDRAGON Korporazioak bultzatu du eta 2019an Hego Euskal Herriko toki ezberdinetan ikusteko aukera izango da. "Mugimendu kooperatiboa kontatzeko eta kantatzeko beste modu bat da, etorkizunera begiratzeko aukera berriak eskaintzen dituena". Era berean, elkartasun sustatzailea ere bada Humanity at Music, izan ere, sarreretatik zati bat Mundukide Fundazioarentzat izango da, "hala elkartasun kooperatiboko proiektuak munduan kudeatzen eta bultzatzen jarraitu ahal izango du".

Oñati, hurrengo hitzordua

'Humanity at Music, Herriz herri' emanaldiak Oñati izango du hurrengo geltoki. Ekainaren 9an, arratsaldeko 7:30tik aurrera, Oñatiko San Miguel Parrokian elkartuko baitira Humanity zaleak. Eszenan Oñatiko Ganbara Abesbatza, Hots Abesbatza eta Ganbara Txiki izango dira, Arrasate Musikaleko Orkestrarekin batera. Era berean, Oñatz Dantza Taldeak eta Andoni Egaña bertsolariak ere esku hartuko dute ikuskizunean. Sarrerak oraingo astean bertan jarriko dira salgai, 5 eurotan. 

Argazki bilduma