Heriotzaren trataera eskolan gradu amaierako lanak jaso du MU eta MONDRAGONen lehiaketako saria

Heriotzaren trataera eskolan gradu amaierako lanak jaso du MU eta MONDRAGONen lehiaketako saria

EuskaraLan
HUHEZIn Psikopedagogia ikasketak egin dituen Idoia Sara iruindarraren ‘Heriotzaren trataera eskolan’ gradu amaierako lana izan da MUk eta MONDRAGONek antolatutako lehiaketako bigarren edizioko lan sariduna, aurkeztu diren euskarazko 42 lanen artean. Sarak 2.000 euroko saria eta antolatzaileen onespena jaso du. Sararen senitarteko bat hiltzearen ondorioz, heriotzaren gaia ikertzen hasi zen. Sarak ondorioztatu du heriotza tabua dela askorentzat eta eskoletan ez dagoela heriotzari aurre egiteko baliabiderik. Irakasleei galdeketak egiteaz gain, haurrekin gaia lantzeko ipuinen bibliografia zabala eta metodologia prestatu ditu.
2013/01/23

Gizarteak heriotzari aurre egiteko eskaintzen dituen baliabide eskasak bultzatu zaitu hori ikertzera?

Bai, hutsune handia sumatu nuen. Bi alaba ditut, eta eskolatik bertatik deitu zidaten galdetzeko ea nola jokatu behar zuten haiekin. Harrituta gelditu nintzen eskolan ez zekitelako halako gertaera bati nola heldu, baliabiderik ez dutelako. Eta dolu prozesuan nengoenez hasi nintzen gaiaz asko irakurtzen. Orduan konturatu nintzen zer hutsune dagoen eskolan, gizarte mailan, jendea zer deseroso egoten den heriotzari buruz hitz egiterakoan. Jendeak ez badu halako egoerarik bizi gutxitan ausartzen da heriotzaz hitz egiten. Horrek animatu ninduen ikertzera. Ikasketa bukaerako lana egiteko beste gai bat neukan aurreikusita, baina ez nuen ikasten jarraitzeko gogorik, heriotzaren gaia besterik ez nuen buruan.


Zer hartzaile irudikatu zenuen lana egiterakoan? Umeak, irakasleak?

Gehienbat haurrak. Kezkagarria iruditzen zait zer aukera gutxi ematen zaien haurrei heriotzari buruz hitz egin eta dituzten kezkak plazaratzeko. Izan ere, familiak ere egoera berean daude, halakoetan nola jokatu esango dien baliabide gabe.

Euskaralan - Gradu amaierako proiektu saritua

Askotan umeek guk baino naturaltasun handiagoarekin hitz egiten dute heriotzaz…
Bai. Nik proposatzen dut ipuina erabiltzea gaia gelan sar dadin, baina askotan ez da beharrezkoa, umeen artean ere gaia ateratzen delako. Aurkitu dutelako patioan zizare edo txori bat hilda, adibidez. Halakoetan ez diogu gaiari jarraipenik ematen, baina nik kontrakoa proposatzen dut: kasu egin eta horretaz naturaltasunez hitz egin eta hausnarketa egitea.


Gai unibertsal bat, heriotza, berbagai bihurtzeko erreminta unibertsal bat erabili duzu, ipuina…

Nik ez ditut errezetak eman nahi, bakarra ez dagoelako. Baina ipuina asko erabiltzen da eskoletan, eta nire proposamena da heriotza aipatzen duten ipuinak erabiltzea; hala, horren ostean, gaia mahai gainean jarri ahal izateko. Horretarako, bibliografia zehatza prestatu dut. Literaturarekin emozionalki distantzia hartzeko aukera dago, pertsonaien lekuan jartzeko. Eta, bestetik, ipuinak ematen digu aukera kultura desberdinek heriotzaren gaia nola ikusten duten jakiteko.


Zer izan da zuretzat eta zure familiarentzat lan hau egiterakoan aberasgarriena?
Gogoeta bera. Ikerketa hau egiten ari nintzela familiakoekin eta lagunekin konpartitu nuen guztia. Azken finean, proiektuan esaten dudana, bultzatu nahi dudala hausnarketa kolektiboa. Etxean ere hala egin genuen. Adibidez, ikusgarria da nire gurasoek nola aldatu duten planteamendua, proiektua egin ahala, beste modu baten ikusi dute heriotzaren gaia.