Flyschean oinarritutako proposamen batek irabazi du “Maier Nazioarteko Diseinu Lehiaketa”

Aurkeztu diren proiektuen eremua Color & Trim izan da, ibilgailua apaintzeko kolore, material eta egituren diseinuaren inguruan. Seigarren edizio honetan 15.000 euro banatu dira sariketaren irabazleen artean. Guztira hainbat herrialdetako 149 proiektu aurkeztu dira, horien artean egonik Frantzia, Italia, Alemania, Britainia Handia, Espainia, Txina, Kanada, Mexiko edo Brasil.
2015/06/29

Sariak banatzeko ekitaldia ekainaren 26an egin da Zornotzako “Automotive Intelligence Center” zentroan (Bizkaia), eta, besteak beste, bertan izan ziren Bizkaiko Ekonomia Sustapenerako diputatu Imanol Pradales, MONDRAGON Korporazioko lehendakari Javier Sotil, Renaulteko Colour & Trim Diseinuko zuzendari Antoine Genin eta Mercedesko Colour & Trimeko zuzendari Martin Bremer.

“Profesionalen” kategoriako lehen sariak 8.000 euro eman ditu, eta Flysch Design proiektuari egokitu zaio, eta Daniela Hermannek eta Jon Artamendik garatu dute, zeinak automozioaren sektoreko freelance diseinatzailea eta teknikari-komertziala diren hurrenez hurren.

Proiektu irabazleak jatorri sedimentarioko arroka formazioetan inspiratu da (Flysch), haitz geruza gogorrek eta bigunek txandakatuta osatuta; horrenbestez, alde batetik, geometria arin eta organikoen serie bat proposatzen da, eta, bestetik, koloreen kontraste bat, ibilgailua apaintzeko.

“Ikasleen” kategoriaren saria, 4.000 eurorekin, Cintiyo – Indian Public Transportation proiektuaren eskuetara joan da, eta bere egileak dira Marion Lenne, Nicolas Schmitt, Maxence Hoet, Clement Delporte eta Martin Duhayon, guztiak ere Rubika Goi Mailako Diseinu Institutuko ikasleak izanik (Frantzia).

Proposamenaren erdigunea India bezalako herrialde bateko ohiko baliabide natural, kolore, testura eta patroiak izan dira, gorabidean dauden herrialdeetako ibilgailuen dekoraziorako.

Eta “Materialen laginik onenaren” saria, Locta izeneko proiektuak lortu du, 3.000 eurorekin, Reimseko (Frantzia) École Supérieure d´Art et de Design eskolako ikasleak diren Alya Ennourik eta Arnaud Deshayesek osatutako taldearentzat izan da.

Sariketaren seigarren edizioan guztira hainbat herrialdetako 149 proiektu aurkeztu dira, horien artean Frantzia, Italia, Alemania, Britainia Handia, Espainia, Txina, Kanada, Mexiko edo Brasil, eta horrek erakusten du Maier Taldeak antolatzen duen lehiaketak nolako interes handia sortzen duen.

Colour & Trim

Aurten aurkeztu diren proiektu guztiak automozioaren eremuan oso hedatuta dagoen Colour & Trim kontzeptuari lotuta egon dira, hau da, ibilgailua apaintzeko kolore, material eta egituren diseinuari lotuta. Edizio honetako proposamenak ibilgailuaren barneko zein kanpoko produktuen garapenari eman dio arreta nagusia eta, zehazki, proposamenen jomuga izan dira ibilgailuaren aurreko fatxadako aginte panelera, atearen paneleko heldulekua, ibilgailuaren aurrealdeko modulua eta ateetako gainleihoak.

Epaimahaia Erakunde Publikoetako hainbat ordezkarik eta Automozioaren sektoreko hainbat diseinatzailek osatu dute, eta irizpide hauek erabili dituzte baloratzeko: diseinurako proposamenen berrikuntza, emangarrien kalitatea eta automozioaren sektorean duten aplikagarritasuna.

Lehiaketaren Epaimahaiko kideak hauek izan dira: Antoine Genin, Renaulteko Colour & Trim Diseinuko zuzendaria; Martin Bremer, Mercedesko Colour&Trim Diseinuko zuzendaria; Javier Sotil, MONDRAGON Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakaria; eta Imanol Pradales, Bizkaiko Ekonomia Sustapenerako ahalduna.

Lehiaketaren helburua Maier Taldean berrikuntza sustatzea eta bultzatzea da, diseinuaren bitartez bere bezeroei balio erantsia eta bereizgarria eskaintzeko. Helburua edonola ere praktikoa da, xedea ez baita estetika hutsa, produkzioaren arloko aplikazioa baizik, bai Maierren beraren aldetik, bai Maierrekin normalean lan egiten duten ibilgailu fabrikatzaileen aldetik.

MAIER

Maier Taldeak Ajangizen dauka egoitza (Bizkaia), MONDRAGONeko kidea da, eta gaur egun zazpi lantegi produktibo dauzka: Ajangizko egoitza nagusia, Maier Nafarroa, Ultzama haranean; Maier Ferroplast, Porriñon (Pontevedra), Vigotik hurbil; Maier UK, Erresuma Batuan; Maier Txekia; Maier Kromoplastika, Italian, eta Alpha Maier, Indian.

2014an 244 milioi euro fakturatu zituen, eta horietatik %70 inguru nazioarteko salmentak izan ziren. Langile taldea guztira 1.766 pertsonak osatzen dute. Halaber, MTC Zentro Teknologikoa dauka (Maier Technology Center), automozioaren sektorerako plastikozko teknologietan espezializatua, baita horiei lotutako apaingarrien garapenean ere.

Erreferentea Automoziorako dekorazioan eta piezen konplexutasun funtzionalean.