MONDRAGON hazi egin da enpleguan, salmentetan eta emaitzetan 2015ean

Korporazioko kooperatibek, oro har, 74.335 langile dituzte, eta joan den urtean salmentek 11.000 milioi euro gainditu zuten eta guztira 316 milioi euro inbertitu ziren.
Card image cap
2016/06/06

MONDRAGON Korporazioak oso positibo baloratzen ditu 2015eko emaitzak, urtean zehar adierazle gehien-gehienak hobetu baitira.

2014ko ekitaldiko enplegu maila gainditzea lortu du, guztira 74.335 pertsonarekin, hau da, %0.4 gehiago. Bereziki nabarmentzen dira industri kooperatibak, oro har aurreko ekitaldian baino 1.258 enplegu gehiagorekin amaitu baitzuten urtea (780 barne merkatuan eta 478 atzerrian).

Gainera, guztira 1.800 bazkideri eman zaie irtenbidea, erretiro eta aurretiko erretiroen bitartez, eta, batez ere, taldeko beste kooperatiba batzuetan bazkideak birkokatuz.

 

MONDRAGON Korporazioa osatzen duten enpresa eta kooperatibak 11.368 milioi eurora iritsi ziren salmentetan (aurreko urtean baino %2,8 gehiago). Berriro ere, inbertsio zifra nabarmentzen da, aurreko urtean 316 milioi eurora iritsi baitzen oro har.

Azken bosturtekoan MONDRAGONeko kooperatiben inbertsioen zifrak 1.578 milioi euro izan dira.

Magnitude horiek kontuan hartuta, eta kontuan hartuta aurtengo lehen seihilekoaren portaera, non hazkunde maila apalarekin bada ere eboluzioa ikusten den, badirudi 2016an goranzko joera mantendu egingo dela, dibertsifikazio maila altuagatik eta bere jarduera eremuetan berrikuntzaren alde egiteagatik.

 

Industria, sasoian

Banaketa, Finantza eta Ezagutzaren arloetan emaitzak aurkeztu ondoren, orain Industria Arloaren balantzea jakin da. MONDRAGONeko kooperatiba industrialek 32.925 langileko plantilla bat enplegatu zuten (aurreko urtean baino 1.258), eta 2015aren amaieran fakturazio totala 5.095 milioi euro izan da (+%7,4) , eta emaitzak 256,9 milioi euro (aurreko urtean baino %32,3 hobeto).

Gainera, aurreko urtean 208 milioi euro inbertitu ziren industri kooperatibetan. Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentak dagoeneko industri arloaren %71 dira. Aurreko urtean ezarpen berriak egin ziren hainbat herrialdetan, hala nola Mexiko, Estatu Batu, Frantzia, Italia eta Erresuma Batuan, eta, ondorioz, dagoeneko 128 filial produktibo daude atzerrian (aurreko urtean baino hiru gehiago).

Halaber, industriaren eremuan merkatu nazionala suspertzen ari dela egiaztatu da, izan ere, bigarren urtez jarraian salmentak handitu egin dira aurreko ekitaldiarekiko (%6,4), 1.485 milioira iristeraino. MONDRAGONek berrikuntzaren alde egin duela Ezagutzaren Arloan ikusten da argi eta garbi, urte honetan 153 milioi euro inbertitu baitira I+Gan, hau da, %8,6 balio erantsiarekiko, eta %3,0 guztizko salmentekiko. Arlo hori osatzen duten 15 entitateetan eta kooperatibetan I+Gan diharduten arloetan 1.774 pertsona egon dira enplegatuta.

Horrez gain, produktu eta zerbitzu berrien salmentak 597 milioi eurora iritsi ziren, industri arloaren salmenta zifra osoaren %11,7.

Datu esanguratsua da MONDRAGONek indarrean dauzkan patente familien kopurua. Guztira 451 familia dira, hau da, Euskal Autonomia Erkidego osoko ia %25. Gainera, kooperatibek 100 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte Europako I+Gko hainbat programatan. Halaber, MANU-KET Espainiako Fabrikazio Aurreratuko Plataforma Teknologikoa gidatzen du, zeinak integratu egiten dituen fabrikazio aurreratua eta etorkizuneko teknologiak: material aurreratuak, bioteknologia, fotonika, mikro-elektronika eta nanoteknologiak.

Banaketa Arloa da oraindik ere taldearen barruan enplegu gehien ematen duena, Eroski eta Erkop elkarketarekin. Guztira 37.800 pertsonak lan egiten dute arlo horretan, eta aurreko urtean 6.273 milioi euroren salmentak egin zituen, aurreko urtean baino zertxobait gutxiago. 2015eko ekitaldian Eroskik desinbertitzeko hainbat ekintza egin zituen bere denden perimetroan, eta saneamendurako eragiketak amaitutzat jo zituen, narritadura bereziengatik hornidurak egin eta gero aktibo materialetan, immaterialetan eta higiezinetan, guztira 242 milioi euroren pare; ondorioz, konpainia irabazien bidean kokatu da datozen urteei begira. Ekitaldiaren ezaugarriak izan dira, baita ere, dendak birmoldatu egin direla, kontsumitzaileek Eroski Klub programari harrera bikaina egin diotela eta denda frankiziadunen sarea nabarmen hedatu dela.

Azkenik, Finantzen Arloan, urtearen amaieran bilakaera positiboa zuen, bai kaudimen ratioetan bai likidezia eta berankortasunean. Arlo horrek 110.3 milioi euroren etekinak lortu zituen, aurreko urteko zifraren parekoa. Halaber, LagunAro, EPSVko ondare fondoa 5.798 milioira iritsi da 2015aren itxieran, aurreko urtean baino %4,2 gehiago.

J. Sotil

 

Etorkizunari buruzko hausnarketa

Javier Sotil Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakariak positiboki baloratu 2015eko ekitaldia, eta zera adierazi du: “Korporazioaren multzoan enpleguaren maila handitzea lortu dugu, eta bereziki Industria Arloan hazi gara, zeinak azken bi urteetan enplegua sortzearen inguruan oso joera positiboa mantentzen ari den, 2.100 lanpostu baino gehiagorekin, horietatik 1.368 gure ingurunean”.

2016ari begira, ekitaldiko lehen sei hilabeteen bilakaera kontuan hartuta, Javier Sotilek “urte honetarako hazkunde apal bat espero dugu, bai salmentetan bai enpleguan”.

Horrez gain, datorren uztailaren 20an 2016ko Kongresu Kooperatiboa egingo da Donostian, eta bertan, ohiko gaiez gain, bi ponentzia eztabaidatuko dira. Lehena “Etorkizuneko MONDRAGON” da, hiru atal handiren inguruan egituratuta: Balioen bizipena –arreta berezia jarriz autoexijentziari eta koerantzukizunari–; antolamendu eredua -10 proiektu traktoreren inguruan egokituta–, eta elkarren arteko lankidetza finantzariorako proposamen berri bat. Bigarren ponentziak, “2017/2020 Politika Sozioenpresariala” izenekoak, MONDRAGONek hurrengo ziklo estrategikorako erronka enpresarial berria zehazten du, hau da, “negozioak kokapen lehiakor iraunkorretatik garatzea lortzea”, eta erronka horren zerbitzurako estrategiak zehazten ditu.

Javier Sotilek adierazi duenez, Kongresu hau “mugarri berria izango da Esperientzia Kooperatiboaren historian, eta etapa berri bat markatuko du Taldearentzat”.