Leartikerrek bere goranzko bilakaera sendotu du 2022an izan duen % 6ko hazkundearekin

2021ean erregistratu zuen bere daturik onena gainditzen duen negozio-bolumenarekin, Leartikerrek bere bilakaera ona bermatzen duen goranzko joera sendotu du 2022 urtean.
Card image cap
2023/08/01

2015ean eratu zenetik, Leartikerrek etengabeko hazkundea izan du eta, horren ondorioz, mugarri handiak lortu zituen 2021ean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean zentro teknologiko multifokalizatu gisa berrakreditatuz, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzan sartuz eta Euskadiko lehen Esneki Zentroaren sorrerarekin.

Mugarriz betetako urte baten ondorengoa izan arren, Leartikerrek finkatutako helburu guztiak gaindituz itxi zuen 2022ko ekitaldia, eta datu berri horiekin zentro teknologikoak goranzko bilakaera jarraia sendotu du. Leartikerrek % 6 handitu du bere negozio-bolumena, ia 4 milioi eurora iritsiz, eta horietatik 3 milioi baino gehiago ikerketarekin eta garapenarekin soilik lotutako diru-sarrerak izan dira.

Joan den ekainaren amaieran, Leartikerrek bere urteko Batzar Nagusia ospatu zuen. Iozu Ogiza, Leartikerreko presidenteak eta Jon Anakabe, zuzendari nagusiak, aurreko ekitaldiko datuak aurkeztu zituzten, ikerketaren bikaintasunaren aldeko apustua egin dela nabarmenduz. Izan ere, azken urtean, hamar artikulu zientifiko argitaratu dira (horietatik 6, inpaktu handieneko aldizkari zientifikoetan) eta 2 patente-eskaera berri egin dira.

Leartiker hazten jarraitzea ahalbidetzen duena, berau osatzen duten giza-taldea dela azpimarratu zuen zuzendari nagusiak, eta iaz beraien doktorego-tesiak defendatu zituzten plantillako bi kide ere zoriondu zituen. Horiei esker, Leartikerrek duen ikerlarien lan-taldetik %25 doktoreak dira eta beste lau doktoregaiak, beren tesiak zentro teknologikoan egiten ari direnak. Bere plantilla 51 langilek osatzen dute eta horien artean % 58, emakumezkoak dira.

Hazten laguntzen duten lankidetzak

2020. urtearen amaieran Leartiker 2025 Plan Estrategikoa definitu zuen zentro teknologikoak, bere bi jarduera eremuak indartzeko apustu garbia eginez: Elikagaien Teknologia eta Polimeroen Teknologia. Horretarako, lankidetza-proiektuen bidez, berezitasun eta erreferentzialtasun teknologiko handiagoa lortu nahi du zentroak.

2022an Gastronomia Zientzietako Doktoretza programarako Basque Culinary Centerrek eta Leartikerrek lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Akordio horrek Basque Culinary Centerren Zientzia Gastronomikoetako doktorego-programaren barruan doktore-tesiak egiteko aukera ematen die bi erakundeetako ikertzaileei. Gainera, hitzarmen honi esker, ikerketa-proiektuak garatzen dituzten doktorego-tesiak Leartikerreko eta BCC Innovationeko langileen artean, lankidetzan, zuzendu ahal izango dira. Lankidetza horrek gastronomiaren ikuspuntutik balio erantsia ematen dio Leartiker Elikagaien Teknologiaren ikerketa-lerroei.

Urte berean, Ibilgailu Elektriko eta Konektaturako PERTEa (IEK) ere aurkeztu zen. Horren barruan, Volskwagen Taldeak automobilgintzaren historiako enpresa-elkarte handiena sustatu zuen Espainian, Future Fast Forward proiektua gauzatzeko. Proiektu horren helburua, etorkizun elektriko iraunkor baterako, mugikortasunaren industria eraldatzea da eta Espainia ibilgailu elektrikoaren hub bihurtzea Europan. Elkartea estatuko 50 enpresak baino gehiagok osatzen dute, eta horien artean dago Leartiker. Zentro Teknologikoak lehen mailako proiektu bat garatzen du PERTEk jasotzen dituen lau ardatzetako batean, digitalizazioarena, hain zuzen ere. Leartikerrek IEKko balio-kateko eragileen lehiakortasuna bultzatzen duten irtenbide digitalak ikertzen ditu egitasmo honen baitan. Automobilgintzaren sektorean hain asmo handiko proiektu batean parte hartzeak Zentro Teknologikoaren erreferentzialtasunari laguntzen dio, Leartikerren plan estrategikoan finkatutako helburuetako bat.

Zentro teknologikoa, Elikagaien Teknologian eta Polimeroetan espezializatua.