Iritsi da alergia garaia

Iritsi da alergia garaia

Urte-sasoi jakin batzuetan maiz samar egiten baduzu doministiku, edo begietako azkura eta malko-jarioa sentitzen badituzu, alergiak jota daudenen talde gero eta ugariagoaren partaide izan zintezke.
2022/03/14

1960ko hamarkadan biztanleen % 10 besterik ez zen alergikoa; baina tamalez kopuruak gora egin du, eta azken ikerketen arabera, bostetik bat hartzen da gaur gaixo alergikotzat.

Zer da erreakzio alergiko bat?

Alergia edo berehalako hipersentiberatasuna normalean ongi jasaten den, eta kaltegarritzat jotzen ez den substantzia batekiko sentsibilitate anormala besterik ez da. Gorputzeko erreakzio anormal hori eragiten duten substantzia horiei alergeno esaten diegu, eta askotarikoak dira. Alergeno horiek irentsi, arnastu edo ukituz gero jartzen da martxan immunitate-sistemaren erreakzio hori.

Hala ere, oraindik ez dakigu zergatik diren substantzia batzuk alergenikoak eta beste batzuk ez; zergatik pertsona batzuei erantzun alergikoa eragiten dieten eta beste batzuei ez.

Alergiari aurre hartzerik ba ote?

Alergia bat agertzean, eguneroko bizimodua eta ohiturak aldatu egiten dira, baldin eta arrisku-egoerak saihestu edo krisialdien maiztasuna gutxitu nahi bada. Ezinezkoa da alergia-mota guztien kontrako prebentzio-neurriak ematea, baina ondoren aipatzen direnak lagungarriak izango zaizkizu.

Kotxea gidatzen baduzu

Gidari batek doministiku egite hutsagatik arreta galtzen badu eta autoa 90 km orduko abiaduran baldin badoa, horrek 25 bat metro kontrolik gabe egitea esan nahi du. Eta krisi alergiko batean 10 doministiku egitera irits daitekeela kontuan hartuta, distantzia hori asko handitzen da.

Hona hemen gidariarentzako neurri-sail bat:

  • Ez gidatu autoa leihatila irekita.
  • Autoaren barrualdea garbi izan, baita aireztatze-hodiak ere, hautsak erreakzio alergiko ugari eragiten ditu eta.
  • Eguzkitako betaurrekoak erabili, begietan polena sartzea saihesten baitute (neurri batean bederen) eta begietako suminkortasuna arintzen baitute.
  • Bidaian zehar, garbitu sudurra eta begiak ur ugarirekin, alergiaren efektuak arintzeko.
  • Motoan ez ibili, airearekin kontaktu gehiago edukitzen delako eta polenak sintoma alergikoak areagotuko dituelako.
  • Antihistaminikoak hartzen ari bazara ez gidatu sekula, botika honek logura ematen du eta. Ez nahastu inoiz medikamentu hori alkoholarekin.
  • Bidaia bat egitea ezinbestekoa baldin bada, kontsulta ezazu zure medikuarekin medikazioa eten edo aldatzeko.

Etxean hartzeko neurriak

Hautsari alergia diotenek kontu handiz garbitu eta aireztatu behar dute logela. Horretaz gain, badaude alergien kontrako oheko arropak.

Ohitura jakin batzuk hartuz gero, gure bizitza-kalitatea hobea izango da:

  • Aireztatu ongi logela, eta tenperatura baxuan eta lehor eduki, batez ere ohea, besaulkiak eta alfonbrak dauden tokietan.
  • Erabili oihal busti bat etxeko hautsa kentzeko.
  • Xurgagailua pasa, astean behin gutxienez, gaixoaren koltxoian, ohe azpian, eta etxe osoko moketa, alfonbra eta besaulkietan. Baita altzari eta liburuen gainean eta azpian ere.
  • Ahal bada, erabili alergikoentzako xurgagailu bereziak, hautsa atxikitzeko gaitasun berezia dute eta.
  • Ez utzi etxean hezetasunik sortzen: airearen zirkulazioa erraztu, leihoak eta ateak irekiz.
  • Oheko arropa alergiaren kontrakoa izan dadila.
  • Etxe barruko landareekin kontuz: ez dezatela hosto lehorrik, ez lizunik ere eduki.
  • Etxean animaliarik edukiz gero (katuak edo zakurrak batez ere) ilea sarritan moztu behar zaie, eta ongi orraztu; ilea ez dezatela lehorregia eduki.

 Ohiko gaixotasunak alergiaren ondorioz

Lehen ikusi dugun bezala, alergeno horien esposizioak dakarren erreakzio alergiko inflamatorioa eta ondorengo erreakzio-katea dira alergiaren sintoma klinikoen erantzuleak.

  • Errinitis alergikoa
    Belar onduaren sukarra ere esaten zaio. Alergeno jakin batekiko sentsibilizatuta dagoen pertsonaren sudurreko mukosarekin harremanetan jartzen diren alergenoek sortzen dute. Sintoma nagusiak sudurreko kongestioa, azkura eta muki-jarioa izaten dira; sudurreko mintz mukosoak behin eta berriz, egunero-egunero, alergenoekin kontaktua edukitzeak inflamazioa eta gainerako sintomak kroniko bihur ditzake.
  • Konjuntibitis alergikoa
    Errinitisaren kasuan bezalatsu, begietako erreakzio alergiko inflamatorioa.
  • Dermatitis topikoa edo ekzema
    Alergenoen eta larruazaleko antigorputzen arteko ‘borrokaren’ emaitza da. Gaixotasun hori bularreko haurretan hasi ohi da normalean, eskola-garaian ere agertzen da eta sarritan nerabezaroan hobetu (edo ia desagertu) egiten da. Baina izan daiteke helduaroko asmaren aitzindaria ere.
  • Asma
    Gaixotasun kronikoa da. Arnasbideetako hanturaren eta gehiegizko erantzunaren ondorioz, eztula, bularreko estuasuna, arnasestua, txistu-hotsak... agertzen dira, aire-fluxua oztopatua edo trabatua dagoelako.
  • Urtikaria
    Janari, elikagaietako gehigarri eta/edo botika edo farmakoekiko alergiak sortzen du. Janari espezifikoekiko sentiberak diren pertsonak erreakzio alergikoak izaten dituzte elikagai horiek jan eta gero. Alergeno ohikoenak itsaskiak, arrautzak, esnea, garia edota kakahueteak dira, baina beste asko ere izan daitezke. Umetan sarri ikusten dira, baina, denborak aurrera egin ahala, hipersentiberatasun hori desagertu egiten da kasu askotan.
  • Shock anafilaktikoa
    Hauxe da erreakzio alergiko guztietan larriena. Gorputzeko atal guztietara hedatzen da hantura (erantzun sistemikoa da, beraz) eta ondorioa heriotza ere izan daiteke, arnasbideen hanturak itotzea ekar dezakeelako, eta presio arteriala bat-batean jaisten delako. Anafilaxia penizilina-injekzio baten ondotik ager daiteke edo intsektu batek (erle batek, adibidez) ziztatu eta gero. Kasu honetan epinefrina (adrenalina) eman behar da berehala.